Viveros San Antonen asteburu bikaina

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2019ko mar. 7a, 17:50

Roman Zabaletak bigarren amaitu zuen larunbat goizean Beasainen jokatutako lasterketa. Errepideko denboraldiko lehenengo lasterketa izan zen, amaieran Olaberriako malda pikoa gainditu behar izan zutelarik kadeteek.  

Roman Zabaleta ihesaldian sartu zen, eta lan aparta egin zuen amaierara arte. Baina talde osoak eman zuen erantzun ona estreinuan, batzuek pelotoian Roman Zabaletaren ihesaldiaren defentsa egin behar izan baitzuten, kontrol lana eginez. Taldeka, 17 taldeetatik, Viveros San Anton bigarrena izan zen. Taldekide guztiek amaitu zuten lasterketa, gainera. Beraz ezin gehiago eskatu debutari. Roman Zabaleta 2., Ander Altuna 13., Aitor Agirre 18., Kimetz Etxabe 25., Enaitz Garai 29., Aritz Eizagirre 76., eta Heiko Mateos 98. izan ziren Beasaingo helmugan. Asteburu honetan kadeteek bi lasterketa dituzte, Ibaetan larunbateanm, eta Zarautzen igandean.

Jubenilek aurreko asteburuan ez zuten karrerarik izan; igande arratsalde honetan Azpeitian izango dute lasterketa, gogorra gainera. Baina bai Antton Tolosa eta baita Mikel Mancisidor ere prest daude egoerari aurre egiteko.

Zumaiako Txirrindulari Elkarteko txikienek Oiartzunen mendiko bizikleten Gipuzkoako txapelketa jokatu zuten, aste honetan errepideari ekin aurretik. Infantiletan Garazi Bergara bigarren gelditu zen. Beraz, podiumera igo zen alebinetan, Asier Aizpurua igo zen bezala. Zumaiarrak brontzezko domina lortu zuen bere mailan. Asteburu honetan Errenterian dute infantilek eta alebinek errepideko denboraldiko lehen lasterketa.

Asteburua borobilduz, nabarmentzekoa da afizionatu mailara ailegatu arte Viveros San Anton taldearekin bidea egindako Jon Agirre arroarrak  Ereñoko lehendakari txapelketako lasterketa irabazi zuela. Jaso beza, Zumaiako Txirrindulari Elkartearen izenean Jon Agirrek zorionik beroena.