Errepideko denboraldiari estreinu bikaina Antton Tolosak

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2019ko ots. 28a, 15:04

Viveros San Antongo juniorrek Eibarren estreinatu dute denboraldia. 112 txirrindulari abiatu ziren eta 55k amaitu zuten lasterketa.

Hainbeste hautsi zen pelotoia, lehen kilometrotik erasoak hasi zirela; lasterketa burutik atzera asko luzatu zen, eta trafikoan sortzen ari ziren eragozpenak ekiditeko erdiak kanporatu zituzten. Zoritxarrez, etenak Mikel Mancisidor harrapatu zuen oso debut duina egiten ari zenean; ozta ozta izan zen kanporatua.

Antton Tolosa, berriz, aurrean zen hasierako bi ziklisten erasoari erantzuten, eta lasterketa guztia buruan egin zuen. Guztia esandakoan, horixe da, guztia, karrerako 79 kilometroak. Azkenean, Azkaraten ahalegin guztia ordaindu zuen eta lasterketa 22. postuan amaitu zuen. Baina, gogoan hartzekoa da bederatzigarren gipuzkoarra izan zela helmugan. Itxaropenez betetako hasiera eman diote jubenilek errepideko denboraldiari.

Infantilak eta alebinak Itsasondon izan ziren mendiko bizikletekin eta, larunbatean Oiartzunen izango dute hitzordua, Gipuzkoako txapelketan, hilaren 2an errepidean hasi aurretik.

Kadeteak larunbatean Beasainen estreinatuko dute errepideko denboraldia. 50 kilometroko lasterketa izango dute aurrean, eta amaieran Olaberriako malda gogorra gainditu beharko dute. Igoera hori izango da sailkapenerako erabakigarria.

Zazpi kadete dira aurten Viveros San Anton–Zumaiako Txirrindulari Elkarteko taldean: Enaitz Garai, Ander Altuna, Heiko Mateos, Aritz Eizagirre, Kimetz Etxabe, Aitor Agirre eta Roman Zabaleta. Hauetako lau pistako Euskadiko Txapelketan izan ziren Tafallan aurreko larunbatean. Mutilek dena eman zuten, nahiz eta emaitzak ez ziren nahi bezalakoak izan. Baina, aurpegia eman zuten, eta ondo eta buruarekin korritu. Beraz, ezin zaie gehiago eskatu.

Kimetz Etxabek apirila bukatu arte Euskadiko pistako selekzioarekin lanean segiko du; beste guztiak hemendik aurrera errepidean zentratuko dira eta gogo handiz gainera. Viveros San Anton sinistuta dago errepideko denboraldian ikasi eta gozatu egingo dutela taldeko zazpi kideek. Horrela, emaitzak heltzen badira pozik, eta bestela urratsez urrats ikasten joango dira etorkizunerako lanean.