Viveros San Anton, bigarren Gipuzkoako Kopan

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2019ko ots. 6a, 14:07

Bikaina Viveros San Antongo kadeteek Gipuzkoako Kopan egindako lana, eta lortutako bigarren postua. Gipuzkoako lurraldez kanpotik selekzioak onartu zituzten, eta Zumaiako taldea menderatu zuen bakarra selekzio bat izan zen, Bizkaikoa. Beraz, bigarren amaitu arren, esan daiteke talderik onena izan zela Viveros San Anton Gipuzkoako Kopan.

Joan den igandean jokatu zuten azken ekitaldia Donostiako Antonio Elorza belodromoan. Lehen jardunaldiko emaitzak kontutan hartu zituzten eta Viveros San Anton hirugarrena zen; donostiarrek 4 puntuko aldea ateratzen zioten.

Oraingoan, baina, probarik gehienak abiadurakoak ziren eta Viveros San Antongo kadeteek lan aparta egin zuten. Bi froga irabazi zituzten: taldekako abiadura eta keirina (Kimetz Etxabe). Bada aintzakotzat hartu beharreko beste datu bat: Viveros San Antonek lau txirrindulari bakarrik zituela lehiarako,  eta aurkariek seina. Bizkaia ezin izan zuten menderatu, baina Donostiako taldeari aurrea hartu zion Viveros San Antonek asken ekitaldian.

Kimetz Etxabe, Aitor Agirre, Roman Zabaleta eta Aritz Eizagirre izan dira pistako denboraldiari, Gipuzkoako Kopan bigarren eginda, amaiera borobila eman diotenak.

Azkenaldiko sasoi onaren ordainetan Kimetz Etxabe deitu du Euskadiko selekzioak eta asteburuan Espainiako Kopako bigarren jardunaldian parte hartuko du, Galapagarren (Madril); Viveros San Antongo Txirrindulari debarrak abiadurako probak egingo ditu estatu espainiarreko txirrindularirik onenen aurka.

Bestela Viveros San Anton taldearentzat amaitu da pistako denboraldia, eta orain jada begiak errepidean jarriko dituzte. Jubenilek otsailaren 24an Eibarren hasiko dute denboraldia, kadeteek martxoaren 2an Beasainen, eta otsailaren 23an txikienek; hauek, urtero bezala, Hondarribian jokatuko dute denboraldiko lehen lasterketa. Antolakuntzari dagokionez, otsailaren 23an, beti bezala, Zumaian hasiko da Hegoaldeko Euskal Herriko afizionatuen denboraldia, XI. Zumaia sariarekin. Goizeko 10etan hasiko da 112 kilometroko lasterketa ikusgarria.