Pistan ere heldu da garaipena

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2018ko abe. 20a, 18:30

Kimetz Etxabe txirrindulari debarra izan da Viveros San Antoni pistan lehenengo garaipena eman diona. Gipuzkoako torneoko bosgarren jardunaldian irabazi zuen Etxabek puntuaketa proba, lasterketa zoragarri bat egin ondoren. Hala ere, aurreko asteburutik igandean Viveros San Antonek talde bezala emandako irudia nabarmendu behar da, eta, batez ere, igandean Gipuzkoako kopan, kadeteek egindako lana.

Torneoko lasterketetan oso ondo lehiatu zuten guztiek, orain arteko emaitzarik onenak lortuaz. Tempo lasterketan Kimetz Etxabe laugarren sailkatu zen, eta Aitor Agirre 12. Beste txandan, Roman Zabaleta 9.a izan zen eta Ariz Eizagirre 18.a. Puntuaketan, txanda onenean, (3 maila daude) Kimetz Etxaberen garaipenaz gain, Aitor Agirrek 15. Amaitu zuen; B txandan, Roman Zabaletak bosgarren amaitu zuen, eta Aritz Eizagirrek benetan karrera bikaina osatu zuen, denboraldiko orain arteko onena, nahiz eta punturik ez bildu; 17. bukatu zuen. Jardunaldiko emaitza hauekin Kimetz Etxabek jauzi handia eman du sailkapenean 9. kokatuz, puntuetara zortzigarrenarekin berdinduta. Aitor Agirre 14.a da, Roman Zabaleta 50.a eta Aritz Eizagirre 56.a. Ia 100 kadete ari dira torneoan parte hartzen.

Junior mailan handicap handia izan zuten Antton Tolosak eta Mikel Mancisidorrek. Viveros San Antongo jubenilek txanda onean lehiatzen dute, eta, ondorioz, 23 urtez azpikoen mailako ziklistekin korritu behar izan dute. Aldea ikaragarria da. Zegoen aldearen adibide bat jarriko dugu: Tolosa eta Mancisidorren scratchean 19 kilometro orduko abiadura izan zen bataz bestekoa; Jubenil B mailan, berriz, 44 kilometro ordukoa. Antton Tolosa eta Mikel Mancisidor, biak ere, saiatu ziren eutsi zuten bitartean gurpilean joan beharrean, 23 urtez azpikoekin aurpegia ematen, ihesaldietan sartzen, erasoei erantzuten, gero lan hori ordaindu egin zuten eta lehertu egin ziren, baina eginbeharra ondo beteta. Sailkapenean ia 70 txirrindulariren arteean, Tolosa 11.a da eta Mancisidor, bere lehen urtean, 15.a.

Larunbatean seigarren jardunaldia jokatuko da Donostiako belodromoan.

Igandean, berriz, Gipuzkoako Kopako lehen ekitaldia jokatu zen. Bertan taldeka parte hartzen da eta Viveros San Antongo kadeteek Zumaiako koloreak defendatu zituzten 18 talderen artean. Horien artean ziren bost selekzio: Bizkaia, Akitania, Aragoi, Gaztela eta Leon, eta Asturias. Viveros San Anton lau txirrindulariz osatuta lehiatu zen: Kimetz Etxabe, Aitor Agirre, Aritz Eizagirre eta Roman Zabaleta. Lehiakorrak izan ziren, eta oraindik ere sailkapen ofizialik ez bada argitaratu ere, Viveros San Anton podiumeko borrokan da, bizirik eta aukerekin otsailaren 3an jokatuko den bigarren ekitaldiari begira.

Taldeka, abiaduran, hirugarren sailkatzea lortu zuten eta jazarpenean laugarren. Lehenengo aldia zen laukote honek horrelako probak osatzen zituela, Aritz Eizagirre lehen urteko kadetea baita; oso-oso ondo egin zuten lana denborak eta sailkapenak albora utzita. Bakarkako jazarpenean Aitor Agirre izan zen taldeko ordezkaria eta bosgarren bukatu zuen; Keirinean Kimetz Etxabe bosgarren izan zen, eta kanporaketan ere Kimetz Etxabek bosgarren sailkatzea lortu zuen.

Ondorioak onak dira eta Viveros San Anton podiumeko lehian izango da otsaileko ekitaldian.

Ziklo Krosean Ander Altunak goi goian jarraitzen du. Bigarren izan zen Oñatin, eta Heiko Mateos 46. Oñatiko ziklo krosa oso-oso gogorra izan zen, lokatzak zaildu eta gogortu egin baitzuen ibilbide exijentea.  

Igandean Iruñean izango dute lasterketa eta urtea Euskadiko txapelketarekin bukatuko dute Beasainen, Ander Altuna oso ondo helduko da hitzordu horretara, Euskal Herriko onena dela erakusteko gogoarekin.