Pedal kolpe onarekin Viveros San Anton

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2018ko abe. 14a, 15:00

Ziklo krosean eta pistan, Viveros San Anton maila ona ematen ari da, txirrindulariak pedal kolpe ona hartzen hasi direla erakutsiz.

Ander Altuna ziklo krosaren katedralean hirugarren sailkatu zen, zirkuitu oso gogor batean. Karrera joan, karrera etorri, podiumeko postuen bueltan segitzen du Viveros San Antongo txirrindulari lasartearrak. Heiko Mateosek 43. amaitzea lortu zuen Igorren.

Datorren igandean Oñatin izango dute lasterketa ziklo kroslariek.

Pistakoek asteburu gogorra dute: larunbatean torneoko jardunaldia jokatuko da eta igandean Gipuzkoako Kopako lehen jardunaldia.

Pistako Gipuzkoako torneoan, kadeteetan, ondoen sailkatutako txirrindularia Aitor Agirre da: 12. dago. Postu bera du jubeniletan Antton Tolosak.

Aurreko larunbatean, kadeteetan, nabarmentzekoa izan zen scratchean Aitor Agirrek lortutako bigarren postua, eta baita bere txandan Roman Zabaletak lortutako laugarrena ere. Puntuaketan, berriz, onena Kimetz Etxabe izan zen: hamargarren amaitu zuen txanda onean.

Jubeniletan, tempo proban txukun lehiatu zuten Tolosak eta Mancisidorrek: batek 13. bukatu zuen, eta besteak 15. Puntuaketa, berriz, oso polita izan zen, eta Viveros San Antongo bi txirrindulariek elkar babestuz lan bikaina egin zuten. Lasterketaren une batean biak sartu ziren lauko ihesaldi on batean,  eta lasterketa guztian zehar eman zuten aurpegia. Azkenean puntuaketan Tolosa zortzigarren izan zen eta Mancisidor 17.

Bihar handicap gehitu bat izango dute jubenilek, 23 urtez azpikoekin batera lehiatuko baitute.