Heldu da garaipena: Ander Altuna irabazle Amorebietan

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2018ko aza. 22a, 11:13

Ander Altunak eman dio Viveros San Anton- Zumaiako Txirrindulari Elkarteari denboraldiko lehen garaipena. Lasartearrak Amorebietan irabazi du, eta nola irabazi gainera! 50 segundo atera dizkio bigarren sailkatuari, Altube oñatiarrari.

Amorebietako ziklo krosean hasieratik jaun eta jabe izan zen Ander Altuna; ziklo krosean lana ondo egiteaz gain zortea ere alde izan behar duzu eta Amorebietan matxurarik eta erorikorik gabe lana borobiltzeko modua izan zuen Viveros San Antongo txirrindulariak, beste behin erakutsiz kadete mailan eta ziklo krosean Euskal Herriko onenetakoa dela.

Heiko Mateosek bere lehen denboraldi honetan ikasten jarraitzen du eta ikasten ari den horri etekina ateratzen ari da. 42. Sailkatu zen Amorebietan, azken itzulian ere borrokatuz eta ikasitakoari eta duen gogoari esker bi txirrindulari aurreratuz. Datorren igandean Lezaman izango dute lasterketa Viveros San  Antongo bi ziklokroslariek.

Pistan, Donostiako belodromoan, Bioracer torneoko bigarren jardunaldian, hiru txirrindularik defendatu dituzte Viveros San Antongo koloreak. Aritz Eizagirre kadete mailan estreinatu zenn: scratchean 12. sailkatu zen eta puntuaketan 19. Lehenengo aldia zuen eta esan daiteke txukun ibili zela eta, garrantzitsuena, erorikoak saihestu zituela. Ihesaldietan sartzen bakarrik ez, bakarrik ihes egiten ere saiatu zen, baina ez zuen nahia gorpuztu.

Viveros San Antongo b jubenilek kanporaketa txarra egin zuten eta arantza Puntuaketan atera ahal izan zuten. Emaitza ez zen ona izan baina lasterketan jarrera bai, aurpegia emanez, karrera hausten saiatuz. Azkenean Antton Tolosa 14. sailkatu zen eta Mikel Mancisidor 23. Hurrengo pistako jardunaldia abenduaren 1ean izango da.