Ziklo krosean beste asteburu on bat

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2018ko urr. 24a, 17:02

Gure lurretatik urrun, Burgosen, parte hartu dute larunbat eta igandez Viveros San Anton–Zumaiako Txirrindulari Elkarteko bi txirrindularik. Ander Altunak bi lasterketa eder egin ditu.

Bai Medinan, eta baita Villarcayon ere onenekin lehiatu da eta beti ibili da podiumeko borrokan. Baina ziklismoan, batez ere ziklo krosean, matxurak eta erorikoak oso ohikoak dira, eta horiexek utzi dute asteburu honetan podiuma zapaldu gabe lasartearra.

Medinan zazpigarren izan zen Viveros San Antongo txirrindularia, eta Villacayon laugarren. Medinan bigarren euskal ziklista izan zen helmugan Ander Altuna; Villarcayon, berriz lehena, denboraldian lehenengoz Aimar Erostarbe oñatiarra menderatuz.

Heiko Mateosek bere debuteko denboraldian urratsak ematen jarraitzen du: bi lasterketak bukatu ditu eta hori lorpen handia da. Medina del Campon 44. amaitu zuen arroarrak eta Villarcayon 53.a izan zen.

Asteburu honetan Espainiako kopako lasterketak izango dituzte. Beraz parte hartzaileen maila dezente igoko da, estatu espainiarreko onenak bai Laudion eta baita Elorrion ere izango baitira, eta horien aurka lehiatu beharko dute Viveros San Antongo bi ziklistek. Eguraldi iragarpen negutiarrekin ziklo kroserako baldintzak aldatu egingo dira eta lokatzez beteriko barruti bati aurre egin beharko diote.