Antton Tolosa Uranga denboraldiko azken txanpan

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2018ko abu. 29a, 10:26

Iruñeko itzuli on bat egin eta ondoren Euskalerria Kopa pedal kolpe onarekin bukatu ostean, bi asteko etena izan du txirrindulari jubenil zumairrak. Orain lau lasterketei egin behar die aurre. 

Larunbatean Beasainen Gipuzkoako jubenilen egutegiko lasterketarik garrantzitsuenetakoa du, pre-mundiala. Deitura hori ematen zaio lasterketa honi, Espainiako txapelketa baino astebete lehenago jokatzen baita, eta Munduko txapelketaren aurretik estatuko hautatzailearentzat bere ondorioak ateratzeko lasterketa erabakigarria izaten baita. Ibilbidea oso gogorra da, 122 kilometro, lau mendaterekin, azkena helmugarako sei kilometro faltan, azken 36 kilometrotan hiru mendate gainditu beharko dituzte txirrindulariek.

Antolatzaileek eta Gipuzkoako Federazioak parte hartu ahal izateko eskaerei ezin izan diete nahi bezalako erantzuna eman, gainezka egin baitute; 200 baino txirrindulari gehiago ezin onartu eta hautaketa egiteko irizpideak ezarri behar izan dituzte. Kontuak kontu, oso lasterketa gogorra izango du Antton Tolosak, eta larunbatean Beasainen korritu ondoren igande goizean Ibarran izango du lasterketa. Larunbateko lana soinean, ikusi beharko da iganderako nola erantzuten duen gorputzak.

Viveros San Anton-Zumaiako txiririndulari elkarteko Antton Tolosak denboraldiko azken txanpari ekingo dio, lasterketa bukatzea baino zerbait gehiago helburu hartuta. Denboraldi hasieran lasterketak bukatzea zen helburua, behin hori lortuta exijentzia maila igo egingo da, eta lasterketan protagonista izan nahi du gazte zumaiarrak azken lasterketa hauetan.