Kadeteen azken lasterketa

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2018ko uzt. 27a, 14:00

Otsailean urrun ikusten zen baina oharkabean heldu da amaiera. Igandean Azpeitian jokatuko den lasterketak emango dio amaiera kadeteen errepideko denboraldiari. Viveros San Antongo txirrindulariak motibatuta helduko dira karrerara eta sasoiko, denboraldiari erremate ona emateko helburuaz. 

Joan den larunbatean Ordizian izan zuten lasterketa eta taldeko kide guztiek parte hartu zuten, eta baita lasterketa amaitu ere. Honetan nabarmentzekoa da ekainaren 11n apendize ebakuntza izan ondoren Ander Altuna errepideratu zela eta lasterketa bukatzeko gaitasuna izan zuela. Ordizian beste behin Kimetz Etxabe izan zen amaieran onena: bosgarren ailegatu zen helmugara, eta hori lasterketan zehar une larriren bat pasa zuela tripako minez. Gorputzaldiari buelta eman eta Abaltzisketan gora oso maila ona eman zuen debarrak; are hobea esan daiteke jaitsieran eta atzetik aurrera etorriaz bosgarren amaitzeko gauza izan zen.

Aitor Agirre 29. sailkatu zen, Abaltzisketa aurretik ahalegindu zen ihes egiten eta gero ordaindu egin zuen, baina kadete mailan lasterketan aurpegia ematea txalogarria da eta ausart jokatu zuen Roman Zabaletak bezala. Hau, gainera, erori egin zen eta kokildu gabe, erorikoak gorputzean ondorioak utzi arren, aurrera egin zuen. Roman Zabaleta 31.a izan zen helmugan. Mikel Mancisidor, beti bezala, taldekideez arduratu zen eta gero karrera 46. amaitu zuen. Ander Altunak berragerpenean bukatzearekin nahikoa zuen eta helburua soberan lortu zuen 65. bukatu baitzuen. 86 txirrindulari izan ziren irteeran.

Denboraldia igandean Azpeitian bukatuko da. Lasterketa honek denboraldiko karreretako mendaterik gogorrena du: Etumeta igo beharko dute amaieran, hortxe erabakiko da lehiaketa. Malda tentea da kadeteentzat Etumeta, igoera luzea ere bai eta bakoitza bere tokian jarriko du, baina Viveros San Antongoek lana egin dute ondo gainditzeko eta denboraldia aho zapore onaz bukatzeko.

Antton Tolosak Mendiko Criterium duin bat egin du, eta 25. sailkatu da bi etapak batuta. Larunbatean Arantzazuko igoera jokatu zen eta bertan azken igoera horretara ailegatzerako beste 65 km egin behar izan zituzten. Hurrengo egunean ere etapa jokatu behar zenez indarrak neurtu eta 43. amaitu zuen Viveros San Antongo ziklistak, 5 minutu galduaz. Bigarren etapa Urretxuko Santa Barbara gainean bukatu zen, aurretik Azkarateko malda pikoa gainditu ostean. Larunbatean baino hobeto ibili zen Antton Tolosa: 27. ailegatu zen helmugara, hustuta. Azkenean Mendiko Criteriumeko 25.a izan da Viveros San Antogo karrerista.

Hurrengo lasterketa astelehenean Ugaon jokatuko den Euskadiko txapelketa izango da, eta ondoren, abuztuko lehen astean, Iruñeko itzulia jokatuko du; denboraldiko bigarren tzulia izango da zumaiarrarentzat. Antton Tolosak beraz denboraldiko zati exijente bat du aurrez aurre; egoerari aurpegia emateko motibatuta dago.