Garazi Bergara: onenak ez du beti irabazten

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2018ko mai. 31a, 10:39

Garazi Bergara Viveros San Antongo txirrindularia izan zen onena Euskadiko infantil mailako Euskal Jokoetan, baina ez zuen irabazi esprintean erorikoa izan baitzuen. 

Txirrindulari zumaiarrak agindu egin zuen Euskadiko txapelketan, berak markatu zuen lasterketaren erritmoa, berak hautsi zuen lasterketa eta hanka onak zituen lauko esprintean irabazteko, baina aurrekoa erortzean, ezin izan zuen bihurgune irteeran erorikoa saihestu. Min hartu zuen gainera Garazi Bergarak, erietxera eraman zuten eta kolpe hutsa zela baieztatuta etxerako bidea hartu zuen Viveros San Antongo txirrindulariak. Hala ere bere lana ez da oharkabean gelditu, Euskadiko hautatzaileak berarengan jarri ditu begiak uztaila hasieran Ourensen jokatuko den Espainiako txapelketan Euskadi ordezkatzeko.

Euskadiko txapelketan Aritz Eizagirrek eta Heiko Mateosek lasterketa bikaina egin zuten; Euskal Autonomia Erkidegoko txirrindularirik onenen artean Aritz Eizagirre 29. sailkatu zen eta Heiko Mateos 42. Ginkanan, Heiko Mateos 47.a izan zen eta Aritz Eizagirre 62.a.

Alebin eta infantilen denboraldia amaierara gerturatzen ari da, baina ekainean zehar oraindik ere lehiatuko dira, igande honetan bertan Irunen izango dute mendiko bizikleten lasterketa.

Viveros San Antongo kadeteek asteburu bete betea izan dute. Larunbatean Lazkaon izan zuten lasterketa eta igandean Ataunen. Aurreko lasterketetako mailan defendatu ziren bi ibilbide exijente eta eguraldi txar eta abiadura handian jokatutako lasterketetetan; bi karreretan bataz besteko abiadura 39 kilometro ordutik gorakoa izan zen eta hori maila honetan eta hauen garapenarekin ikaragarria da.

Lazkaon Kimetz Etxabe 10. sailkatu zen, Aitor Agirre 16., Roman Zabaleta 20. eta Ander Altuna 36. Mikel Mancisidor Olaberria igotzen hasi aurretik erori eta pelotoitik atzeratuta 55.a izan zen helmugan. Taldeka Viveros San Anton 3. sailkatu zen.

Igandean Ataunen indarberrituta errepideratu ziren 5 kadeteak, eta maldan gora bukatutako lasterketan Ander Altuna izan zen taldeko onena: 16. sailkatu zen, Roman Zabaleta 17., Aitor Agirre. 24, Kimetz Etxabe 35. (erori egin zen) eta Mikel Mancisidor 44. Taldeka Viveros San Anton 5. talderik onena izan zen.

Ekainarekin batera lasterketen gogortasuna eta garrantzia handitu egingo da kadeteentzat. Beraz, beste urrats bat eman beharko dute eta lanean ari dira horretarako. Ekainaren 3an Lezon dute lasterketa .

Antton Tolosak Zarautzen korritu zuen larunbatean eta 42. helmugaratu zen oso lasterketa gogorrean. Abiadura ikaragarria izan zen, 42 kilometro orduko, eta ibilbidean ekaitza jasan zuten txirrindulariek. Hala ere, Meaga eta Garate gaindituta ederki ailegatu zen Tolosa zumaiarra. Bi mendateen arteko bidean ihesita ibili zen Antton Tolosa eta ahalegin hori ordaindu egin zuen azken igoeran. Dena den lehen urteko juniorra izanik txalotzekoa da erasorako azken lasterketan erakusten ari den jarrera. Antton Tolosak igande honetan Anoetan du karrera.