Infantiletan eta alebinetan berriz ere podiumean Garazi Bergara eta Asier Aizpurua

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2018ko api. 26a, 08:35

Donostiakoa ez zen kasualitatea izan; Aizarnazabalen berriz ere podiuma zapaldu dute Garazi Bergarak eta Asier Aizpuruak, eta hori oso ezaugarri ezberdineko zirkuituak direla.

Alebinetan oso lasterketa gogorraren ondoren Asier Aizpurua izan zen Zumaiako Txirrindulari elkarteko onena 3. sailkatuz, baina, oso maila onean erantzun zioten ibilbidearen gogortasunari besteek ere: Daniel Beristain 6. sailkatu zen, Anuk Gogenola 8., Manex Beristain 9., Beñat Sainz 11., Iker Eizagirre 17., Xabat Bergara 18., eta Kepa Urbieta 26. Hedoi Mateos lasterketa buruak amaieran harrapatu zuen eta Zuhaitz Valero ondoezik sentitu zen. Ihintza Gartziarenak bere lehen karreran 5. bukatzea lortu zuen.

Infantiletan, Garazi Bergarak beste behin garaipena lortu zuen, nesken artean azken lasterketetan bezala nagusitasuna erakutsiz. Mutiletan 34 txirrindularik hasi zuten lasterketa eta 15ek bukatu zuten. Datu hori lasterketak duen zailtasunaren ispilu da, beraz, benetan nabarmentzekoa Aritz Eizagirreren 9. Postua eta Heiko Mateosen 15.a. Datorren larunbatean Astigarragan lehiatuko dira alebinak eta infantilak.  

Kadeteek Seguran izan zuten karrera larunbat arratsaldean, eta bertan lasterketaren emaitzarako epaia Lierniko gainak eman zuen. Ederki erantzun zuten Viveros San Antongo lau txirrindulariek, Roman Zabaletak moto lasterketa baitzuen. Antzeko postuak lortu zituzten Viveros San Antongo ziklistek: Kimetz Etxabe 13., Aitor Agirre 14. eta Ander Altuna 18. Mikel Mancisidor zertxobait atzerago ailegatu zen, eta 41.a izan zen helmugan. Guztira 93 txirrindulari izan ziren parte hartzen eta 66k bakarrik lortu zuten lasterketa amaitzea.  Taldeka 4. talderik onena izan zen Viveros San Anton. Larunbat honetan oso lasterkeeta gogorra dute Urretxun kadeteek.

Antton Tolosak jubenilen Gipuzkoako klasikan parte hartu zuen, baina bere lehen parte hartzea ezin izan zuen aho zapore gozoaz amaitu, lasterketa mikaztu egin baitzitzaion; ez zuen bukatu. Igandean Idiazabalen du lasterketa Viveros San Antongo jubenilak. Oso ibilbide gaiztoa duen lasterketa izango da idiazabalgoa baina saiatuko da azken bi lasterketetako arantza ateratzen.

Afizionatu mailan, Espainiako Kopako beste lasterketa gogor batean, Aitor Olaziregik ez zuen helmugako pankarta zeharkatzerik izan. 164 km zituen lasterketak eta behin 120 egin ondoren eta eguneko hiru mendate gaindituta izan arren, jarraitu ezinda aurkitu zuen bere burua eta lasterketa utzi zuen. Ampoko zumaiarraren hurrengo lasterketa astelehenean Lazkaoko saria izango da, Euskaldun torneorako puntuagarria den karrera.