Etxeko lasterketa helburu

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2018ko api. 11a, 14:51

Datorren igandean jokatuko da kadete mailako Zumaia saria. 57,5 kmko ibilbidea osatuko dute txirrindulari kadeteek, bi itzuli saihesbidetik eta hiru Zakila Bira. Ibilbideak ihesaldietarako aukera ematen du, baina oso litekeena da esprintean ere bukatzea.

15-16 urteko neska mutilentzat da lasterketa eta, Zumaian denez, Viveros San Anton-Zumaiako Txirrindulari Elkarteko ziklistentzat denboraldiko hitzordurik nagusienetakoa da. Etxean zaila izaten den arren luzitu nahi dute; lasterketan protagonista izan eta lanak ondo errematatuz borobildu, ahalegin horretan saiatuko dira aitor Agirre, Roman Zabaleta, Mikel Mancisidor, Kimetz Etxabe eta Ander Altuna. Bost txirrindulariek gaia badute, eta prestatu ere prestatu dira nahiz eta tartean San Telmoetako atsedena izan. Aurka urduritasuna izan lezakete, etxean korritzeak beti presio gehigarri bat sortzen baitu baina egoera gobernatzen jakingo dutela seguru daude kirol zuzendariak.

Igandean goizeko 10.30ean hasiko da lasterketa eta ehundik gora gaztetxo izango dira irteeran, Gipuzkoatik aparte ere etorriko baitira txirrindulariak Zumaiara.

Larunbatean, berriz, Deban du lasterketa Viveros San Antongo txirrindulari jubenil bakarrak, Antton Tolosak. Aurrekoan Elgoibarren oso ibilbide menditsuan 44. bukatu zuen, lasterketan 93 abiatu eta 79k amaitutako karreran. Oso maila polita ematen ari da bere lehen urtean txirrindulari zumaiarra.

Txikienek ere ez dute jairik: larunbatean Donostian dute lasterketa. Aurrekoan, Usurbilen, alebin mailan, Asier Aizpurua Etxabe nabarmendu zen: podiumean amaitu zuen zumaiarrak, hirugarren sailkatu baitzen. Anuk Gogenola, lesioaren ondoren, ari da pedal kolpea hartzen; seigarrena izan zen. Zumaiako Txirrindulari Elkarteko beste guztiek ere maila onean lehiatu ziren: 9. Danel Beristain, 10. Iker Eizagirre, 13. Manex Beristain, 16. Zuhaitz Valero, 17. Beñat Sainz, 30. Xabat Bergara, 33. Hedoi Mateos. Kepa Urbietak ezin izan zuen nahi bezala ibili, kanbioekin arazoak izan zituen eta. Guztira 42 alebinek parte hartu zuten. Infantiletan, 37 txirrindularien artean, Heiko Mateosek 12. postua eskuratu zuen, baina lasterketan aurpegia emanez; pena Aritz Eizagirrek ezin izan zuela lana bukatu erori ostean.

Nesketan Garazi Bergara garaile izan zen, eta Maddi Etxabe bigarren. Biak ari dira nabarmentzen denboraldi honetan, larunbatean Usurbilen podiumeko lehen bi tokietan amaitu zuten, eta igandean berriz, Seguran ,Gipuzkoako neskentzat antolatutako lasterketan ere protagonista izan ziren. Hasieratik erasora atera den Maddi Etxabe oikiarra, baina 6. bukatu zuen ordaindu egin zuelako hastapeneko indar erakustaldia. Jarraipena eman zion Garazi Bergarak; azkenean Tolosako txirrindulari batek bakarrik gainditu zuen zumaiarra. Seguran Araitz Aldazabalek ere parte hartu zuen alebin mailan 8. sailkatuz 20 neska alebinen artean.

Olaziregi protagonista Balentziagan

Zumaiako Aitor Olaziregi txirrindulari afizionatuak igandean jokatu zen Balentziagaren oroimenezkoan parte hartu zuen. Ampoko ziklista protagonista izan zen; behin eta berriz saiatu ondoren, ihesaldia gorpuztu zen eta zumaiarra bertan sartu zen. 167 kmko Eibarko lasterketa, estatu espainiarreko egutegiko lasterketarik garrantzitsuena da. Afizionatu orok amesten duen karrera da, eta “La Carrera” deitzen diote, txirrindulariek profesionaletarako urratsa emateko erakusleiho aparta baita. Adibide bat: iaz 12 lehenengoetan amaitu zutenetatik zortzi profesionalak dira aurten.

Lasterketa eroa izan zen, guztiek nahi baitzuten ihesaldian izan. Lehen ordubetean 46 km, bigarrenean 44… Hala ere Ampoko zumaiarrak hankak izan zituen ihesaldia sortu eta bertan izateko, bere eraso baten ondoren sortu baitzen ihesaldia. Eguneko hiru mendate gaindituta, ahalegin eskerga horrek ondorioak izan zituen laugarrenean, hau da Elgetan. Hortxe amaitu zen ametsa, baina lasterketak zorigaiztoko bukaera izan zuen: Bergara eta Osintxu artean istripu larria izan zen eta lasterketa bertan behera gelditu zen, txirrindulariek 125 km eginda zituztenean.

Datorren asteburuan Aitor Olaziregi Ampo taldearekin Torredonjimenon (Jaen) izango da Espainiako kopako beste lasterketa batean. 174 kmko karrera da hau, lehen eta bigarren mailako 2 mendate exijenterekin lasterketaren azken zatian.