Denboraldi hasiera itxaropentsua

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2018ko mar. 1a, 16:56

Irribarrea ahora ekartzen duen denboraldi hasiera izan du Viveros San Anton­–Zumaiako Txirrindulari Elkarteak. Izan ere, emaitza oso onak eta itxura hobea eman dute gure ziklistek errepideko denboraldiko lehen lasterketetan.

Junior mailan Eibarren estreinatu zen Antton Tolosa; hotz ikaragarria egin zuen, 72 km bidea eta amaieran San Migel mendatea igo behar izan zuten karrera erabakitzeko, eta zumaiarrak ederki lehiatu zuen, amaieran lasterketaren gogortasunak ordaindu bazituen ere. 46. sailkatu zen. Parte hartu zuten 87 txirrindularien artean, 55 ailegatu ziren helmugara. Datorren igande arratsaldean Errenterian izango du lasterketa; mendaterik ez, baina eten gabe gora eta behera, malda tenteekin tartean. Lasterketa benetan gogorra izango da.

Kadeteek lan handia egin zuten Donostiako Ibaeta auzoan. Taldeko bost txirrindularietatik finalerako lau sailkatu ziren eta lau horiek 15 lehenengoen artean sailkatu ziren. Taldeka bigarren talderik onena izan zen Viveros San Anton. Kimetz Etxabe 4. sailkatu zen, Aitor Agirre 7., Ander Altuna 12., eta Roman Zabaleta 15. Mikel Mancisidorrek sailkatzeko lasterketan hiru itzuliren faltan matxura izan zuen bizikletan, eta ezin izan zuen nahi bezala lehiatu eta finalerako sailkatzeko helburua lortu, ondorioz.  Datorren larunbatean Beasainen izango dute lasterketa. Amaieran Olaberria igoko dute; gainetik helmugara 6 km besterik ez daude. 50 kmko lasterketa da.

Txikienek ere hasi dute errepideko denboraldia. Hondarribian korritu zuten eta Garazi Bergarak, infantiletan, garaipena lortuz hasi du denboraldia. Maddi Etxabe 4. izan zen. Bikaina ere Aritz Eizagirrek egindako karrera: 5. amaitu zuen. Bazen infantiletan Viveros San Antongo beste txirrindulari bat, Heiko Mata, ondoezik ezin izan zuena lasterketa bukatu. Guztira 48 txirrindulari izan ziren infantilen lasterketan. Alebinetan, berriz, 43 txirrindulari, eta Zumaiako Txirrindulari Elkartekoek presentzia handia izan zuten. Yuri Urbietak 2. bukatu zuen, Lizar Tolosa 4.a izan zen, 7. Danel Beristain, 9. Asier Aizpurua, 14. Beñat Sainz, 15. Xabat Bergara, 16. Iker Eizagirre, 21. Zuhaitz Valero, 22. Manex Beristain, 32. Kepa Urbieta, eta 35. Hedoi Mateos. Araitz Aldazabal 3. sailkatu zen nesketan. Oso lasterketa polita egin zuten eta gogotsu dira guztiak Oiartzunen asteburuan jokatuko den probarako, nahiz eta mendiko bizikleten karrera izan. Anuk Gojenola eta Ihintza Gartziarena min hartuta dira, lesionatuta eta ezin izan dute denboraldia hasi. Baina, ekaina bitartean izango dituzte beren aukerak, astebururo izango baitira lasterketak.

Orohar hasiera aparta izan da, eta mailari eustea zaila izango baldin bada, saiatuko dira gure txirrindulari guztiak lehen asteburu hori ontzen eta lana borobiltzen, taldekide guztien nortasunean ezaugarri amankomun bat baitago: gogoa.