Euskal Herriko txirrindulari gazte onenak Zumaian izango dira igandean

Erabiltzailearen aurpegia Arritxu Iribar 2017ko uzt. 28a, 12:05

Igande arratsaldean jokatuko da Joxe Mari Kortaren oroimenezko lasterketa, 101 kilometroko ibilbidean, arratsaldeko 16.00etatik aurrera.

140 ziklista inguru lehiatuko dira eta bertan izango dira Euskal Herriko onenak, Zumaiako lasterketa beste behin Euskalerria torneorako puntuagarria izango baita. Zumaiako lasterketak ibilbide exijentea du, aldapa pikoak batez ere bukaeran: Garate eta Axular ibilbideko amaieraren aurretik Arritokietako igoera. Ikusgarria izango da zaleentzat, baina gogorra txirrindularientzat, Agerre baserriraino ez baitzaie erraza egingo eta garapenak jarri beharko baitituzte, ahalik eta erritmorik eramangarriena hartzeko, hankek erantzuten baldin badute.

Une erabakigarria izango da amaierako hori, baina Garatek aurretik min handia egingo du. Zumaiako Txirrindulari elkarteko kideak seguru daude pelotoi handirik ez dela helmugaratuko eta epaileek aparteko arazorik ere ez dute izango sailkapena egiteko, normalena ziklistak banan bana helmugaratzea izango da.

Oier Lazkanok ezingo du parte hartu, asteartean Europako txapelketan erlojuaren aurka lehiatu behar baitu. Pena denboraldi honetan lehia bizia baitu Unai Iribarrekin; honek pistako Europako Txapelketa amaitu eta lehen lasterketa izango du Zumaiakoa, bertatik abiatuko da hilaren 4ean errepideko Europako Txapelketa jokatzeko. Errepidean Oier Lazkanok 14 garaipen daramatza, Unai Iribarrek 12. Pistako Europako Txapelketan brontzezko domina lortu berri du kanporaketan, omniuma 17. bukatu zuen erorikoa izan eta gero, eta madisonean 9. bukatu zuen Xabier Mikel Azparrenekin bikotea osatuz.

Hauetaz gain, Zumaian izango da sailkapeneko bigarrena Ibon Ruiz arabarra, baita Josu Etxeberria ere, lehen urteko juniorra izan arren nafarra faborito izan daiteke ibilbide honetan, Ampoko txirrindulariak sasoiko helduko dira mendiko kriteriumean dena irabazita, Azparren, Alonso, Berastegi, Urra, Arakama…pedal kolpe onarekin daude. Imanol Alvarez, Jokin Sarasola edo Urko Senperena, aurrean ibili daitezkeen beste txirrindulari batzuk dira.

Azken finean, lasterketa ederra ikusteko aukera izango da,  junior mailan zero kmtik borrokan hasten baitira. Karrera estimatua da txirrindularientzat, talde onenarentzat saria izaten bait a, talde osoak gozatzeko modukoa. Hitzordua, igandean arratsaldeko 16.00etan. Zumaiako txirrindulari elkarteak lasterketa honekin bukatuko du denboraldia.