EAJ-PNV pozik Argiteria Hobetzeko Planaren jarraipenagatik

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Udal Taldea 2023ko ots. 6a, 11:51

Zumaiako EAJ udal taldea herriko argiak hobetzeko bigarren fasearen hasieraz pozten da.

Hobekuntza hori lortzea EAJ-PNVren etengabeko lan-ildoa izan da aurreko agintalditik, udal gobernuak proiektuaren oinarriak eta ibilbide-orria planteatu zituenetik. Eraginkortasun Energetikoa Hobetzeko Plan honek % 40ko aurrezpen nabarmena lortu zuen 2018 eta 2021 artean, eta horrek gastua 100.000 euro murriztea ekarri du aldi horretan, energiaren kostuaren hazkundearen inpaktuari eutsiz. Horrekin batera, aurrera egin da espazio publikoa erabiltzeko baldintzak eta bizilagunen eta oinezkoen segurtasuna hobetzeko bidean.

Eraginkortasun energetikoa eta segurtasuna

Udalak iragarri duenez, plan honen bigarren faseak 1.500 farola baino gehiago ordeztea ekarriko du, eraginkortasun handiko eta kontsumo txikiko LED teknologiarekin. Gainera, 33 aginte-koadro optimizatuko dira, telekudeaketa-sistema bat gaituko da eta egoera txarrean dauden instalazio batzuk ordezkatuko dira.

Zumaiako EAJ-PNV kritiko agertu zen 2022an EH Bilduren Gobernuak aurkeztutako kontratazio-pleguekin, udalerriaren segurtasunerako funtsezko helburuak kanpoan uzten zituztelakoan. Zehazki, EAJ-PNVk Hobekuntza Planaren bigarren faserako aurreko legealdian Berdintasun Sailaren bitartez aurkeztutako udalerriko puntu beltzei buruzko txostena ez baloratzea egotzi zuen.