Herritarren informaziorako eskubidearen inguruan idatzi dugun oharraz EH Bilduk izan duen erreakzioari erantzuna

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Udal Taldea 2022ko ira. 16a, 15:36
EH Bilduk argitaratutako prentsa-oharrari erantzunez, EAJ-PNV udal-taldeak honako hau adierazi nahi dugu:

Gure iritziak jakinarazi eta Udalean egiten ditugun proposamenak eta jarduerak ezagutarazteko eskubidea dugula.

EH Bilduk ez bezala, ez dugu krispazio eta nahasmen arrazoirik ikusten askatasun baten erabileran.

Batez ere, garrantzitsutzat jotzen dugun gai bati buruz, egia zehatzak benetako datuekin azaltzen ditugunean.

Eta oposizio konstruktiboa egiten dugu, proposamen eta ekarpen ugarirekin. Nahikoa da aurrekontuetan edo pandemia-garaian egin ditugun zuzenketen kopurua errepasatzea. Eta hala jakinarazi diegu herritarrei, nahiz eta EH Bilduri batere gustatu ez.

Udal langile guztiek oporrak hartzeko duten eskubidea defendatzen dugu (besterik ez genuen falta). Baina gogorarazi nahi dizuegu Udal Gobernuaren betebeharretako bat dela zerbitzuak eten gabe mantentzea; hau da, kasu honetan, komunikazio-arduraduna ordezkatzea, beste zerbitzu batzuetan egiten den bezala. Edo nominak edo fakturak ordaintzeari uzten al zaio oporretan? Edo herritarren arreta zerbitzua eta gainerako udal-zerbitzuak emateari uzten al zaio?

Urtean 11 ohiko osoko bilkura egiten dira. Herritarrei eragiten dieten gaiak erabakitzeko ekitaldia da. Komunikaziorik onena izan behar duena, eta Udalak eskura dituen bitarteko guztiak jarri behar ditu (komunikabideak, web orria, etab.)

Azkenik, ez dugu erantzunik ikusten osoko bilkurak telebistan emateko egin dugun proposamenari buruz.