Zumaiako EAJ-PNVk diru-laguntza “bidegabeak” ematea kritikatu du, “oposizioa eta herritarrak ez dituelako kontutan hartzen"

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Udal Taldea 2022ko urt. 28a, 18:30

Talde jeltzaleak sentitzen du zenbait kirol-klub kanpoan geratu izana laguntzen gerakinen banaketan, eta "irregulartasunak" salatu ditu.

Atzo Zumaiako udaletxean egindako ohiko osoko bilkuran, talde jeltzaleak kritikak egin zizkien Udal Gobernuak emandako diru-laguntzak eta horien soberakinak esleitzeko irizpideei. Kritikak, kirol-arloko laguntzen esleipenean oinarritu ziren, 90.000 euroko partida aurreikusi baitzen guztira.

EAJ-Zumaiak penagarritzat jo zuen hainbat kirol-klub baztertu izana Patronatuaren funtsen esleipenean. Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren arabera, kontuetan balantze negatiboa duten klubek baino ezin zituzten eskuratu, eta horrek kanpoan utzi ditu pandemiaren murrizketen ondorioz jarduera murriztu zaien eta autofinantzaketari esker galerarik izan ez duten hainbat erakunde.

Hala ere, EAJ-Zumaiak nabarmendu duen arazo nagusia soberakinak banatzeko irizpidea da. Diru-laguntzak esleitu ondoren. 24.000 euroko soberakina diru-laguntzen onuradun diren kluben artean bakarrik banatu da, eta ez klub guztien artean. Justifikaziorik gabeko neurria EAJ-PNVrentzat, oposizioa, klubak eta Teknikarien proposamenak kontutan izan gabe hartu dena.

Udal talde jeltzaleak gogorarazi zuen Gobernuak, udal Kontuhartzaileak eta udal Kirol Teknikariak adierazitakoaren aurka jardun duela. Bi alderdi salatu ziren:

-    Alde batetik, kirolariei beren lorpenengatik ematen zaizkien diru-laguntzetan, kasu batzuetan ez da oinarrizko baldintza gisa eskatu gastuak justifikatzea. Legeak ez du hori onartzen, eta klubentzako diru-laguntzen kasuan, aldiz, exijitu egin da. EAJ-PNV harrituta agertu zen neurtzeko era bikoitz honen aurrean: "Ez dugu ulertzen zergatik erabili diren irizpide ezberdinak diru-laguntzetan".

-    Bestalde, diru-laguntzetatik soberan geratu den dirua klub defizitarioen artean banatu da; kasu batzuetan Patronatuaren oinarrietan ezarritako irizpideen arabera zegokien dirua gaindituz.

 

Herritarrei kalte egiten dien aldebakarreko jarduera

EAJ-PNV klub guztiei mesede egingo ziekeen gerakinen banaketa alternatiboaren alde agertu zen, baita diru-laguntzak jaso ezin izan dituztenen mesedetan ere. Banaketa zeharkako laguntzen bidez egingo zen, adibidez, instalazioak hobetzeko.

 

Gotzon Enbil EAJko kirol arloko arduradunak gaitzetsi egin zuen udal gobernuak bere kabuz jardun izana, oposizioari 2021eko diru-laguntzetarako proposamenak aurkezten utzi gabe. Proposamen horietan kreditu laguntzak, kirol instalazioetarako inbertsioak eta klubentzako beste pizgarri batzuk jasotzeko aukera sartuko lirateke.

 

Enbilek adierazi zuenez, gobernu-taldeak erabilitako irizpidearekin, nolabait kluben autofinantzaketa ahalegina edo gaitasuna zigortzen da, eta EAJ-PNV ahalegin hori saritzeko beste aukera batzuk bilatzearen alde dago. Erakunde horiek jasandako kalteari, udal talde jeltzaleak nabarmendu zuenez, Udal Gobernuak kirol-instalazioetako inbertsioei esleitutako 100.000 euroko aurrekontu-partidaren eskasia gehituko litzaioke. EAJ-PNVk, diru-laguntzen soberako dirua inbertsio-partida honetara bideratu ez izana “galdutako aukera”tzat jotzen du.

Bestalde, jeltzaleen planteamenduak kaltetutako klubak lagunduko lituzke eta Kontuhartzailetzaren txosten negatibo bat saihestuko luke, diru hori kreditu aldaketa bidez inbertsioetara bideratuz; eta, beraz, Diru-laguntzen Legea urratu gabe.