EAJ-PNV abstenitu egin da 2022ko aurrekontuen bozketan

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Udal Taldea 2021ko aza. 26a, 19:59
Jeltzaleen taldea ez dago ados gastuaren kudeaketari dagokionez, baina positibotzat jo du proposatu dituzten hamalau proiektuetatik lau gehitzeko udal gobernuarekin lortutako akordioa: Mariantongo parke estalia, PERCOaren idazketa eta “Zumaia Txukun” eta kontsumo arduratsuaren aldeko kanpainen sorrera.

Atzo Zumaian egindako Ezohiko Osoko Bilkuran EAJ-PNV abstenitu egin zen. EH Bilduren aurrekontuekin kritiko azaldu badira ere, abstentzioren truke lortu den akordioarekin Zumaiak irabazi egiten duela eta jarrera eraikitzailearen alde egin dute.

EAJ Udal Taldeak ohartarazi du 2022rako planteatutako aurrekontua aurreko urtekoekin alderatuz, nabarmen handituko dela. Baino hori ez da EHBilduren kudeaketari ezker, ekonomiak izan duen bilakaera onari ezker baizik. Egoera ekonomiko on horrek baliabide gehiago izatea ahalbidetu du eta, beste instituzioetan bezala, Zumaiako aurrekontua ere hedakorra eta intentsiboa da inbertsioetan. Inbertsio hauek, ordea, neurri handi batean, aurten gauzatu ez diren proiektuei dagozkie. Era berean, positibotzat jo dute aurrekontuak jasotzen duen aurreko agintaldian hasi ziren proiektu askoren jarraipena, hala nola IDAE programako argiteria publiko energetikoki eraginkorreko inbertsioak edo Larretxoko igogailuaren instalazioa. Aurrekontuek, gainera, EAJ-k bere hauteskunde-programan sartu zituen zenbait proiektu partekatu jasotzen ditu, hala nola Estazio auzoa berrurbanizatzea, Moilaberriren proiektua eta Sagarbideko hezkuntza-ekipamenduetan inbertitzea.

Udal gobernuak aurkeztutako aurrekontuen balorazioa

EAJ Udal Taldeak kirol-ekipamenduetara bideratutako inbertsioan gabezia handia dagoela salatu du. 5.000.000 eurotik gorako inbertsioa duen aurrekontuan 100.000 € baino ez baitira bideratzen kirol-ekipamenduetara (% 2 baino gutxiago). Gabezia larri bat, erabilera handiko instalazioak direlako eta inbertsio etengabea behar dutelako egoera onean mantentzeko.

Gastuei dagokienez, talde jeltzaleak begi onez ikusten du gizarte-zerbitzuetarako administrari berri bat kontratatzea, egungo egoeran garrantzi handiko zerbitzu nukleartzat jotzen baitu. Aldi berean, EAJ Udal Taldeak tamalgarritzat jotzen du, udal gobernuak horrenbesteko garrantzia ematen dien aurrekontu parte-hartzaileen prozesuari aurten ere ez ekin izana, legealdiaren azken urterako utziz.

Aurkeztutako zuzenketa horien bidez “Zumaiak irabazi du”.

EAJ-k aurrekontuen tramitazioan egindako proposamenak herritarren ongizatea eta Zumaiako garapen ekonomiko, sozial eta iraunkorra sustatzera bideratuta zeuden. Guztira 729.000 euroko diru partida osatzen zuten eta 6 ardatzetan banatutako 14 proiektu hartzen zituen barne.

Negoziazio-prozesuaren ondoren, EAJk udal-gobernuarekin, planteatutako lau ekimen sartzea lortu du: Mariantongo parke estalia eraikitzea, PERCOa idaztea eta “Zumaia Txukun” eta kontsumo arduratsuaz kontzientziatzeko kanpainak garatzeko konpromezua.

EAJ-PNV udal-taldeak beste proposamen batzuk baztertu izana asko sentitzen du, hala nola kirol-inbertsioak, Gaztetxolaren berritzea, Santixoko hondartzako urte guztirako komun publikoa, Algorriko “puntu berdea” eta mugikortasun-ekimenak. Hala ere, abstentzioaren alde egin du, gutxienez, lortutakoa aurrera ateratzeko.

EH Bilduren aurrekontuek sortutako kezkak

EAJ-PNV kezkatuta agertu da udal gobernuak aurreikusitako aurrezki garbiargatik. 2022rako 1,6 milioi eurotik gorako aurrezpena, Foru Funtsaren kopuru errekorretik eta gainbalioen zergaren dirubilketatik etorri diren diru-sarrera ez errepikarietan oinarrituta dagoenez, etorkizunean bermerik ez duen oinarri  jasangaitza dela uste baitute.

Era berean, EAJ Udal Taldearen iritziz, aurrekontuan jasotako gastu-maila benetan gauzatzen den gastutik urrun dago; “300.000 eurokoa izan litekeen soberakina, eta  hau alferrik geldirik dagoen diru bat da. Herritarren benetako beharrizanetan erabili gabeko dirua, alegia”.

Planteatutako objekzioak gorabehera, jeltzaleek abstentzioa defendatu dute abstentzio honi esker Zumaiak irabazi egingo bai du. Irabazi horien artean, honako hauek nabarmendu dituzte:

·       Ekipamendu berri bat, Marianton parke estalia. Luzaroan eskatutako beharrizan bati erantzuten diona.

·       PERCOaren idazketa: udalerriko merkataritzaren egoera delikatu baten aurrean lan-ildo argia ezartzeko.

·       Eta kontzientziazio ekimenak:

  • “Zumaia Txukun” kontzientziazio kanpainarekin, espazio publikoa txukun eta garbiagoa mantentzeko.
  • Ontzien kontsumo arduratsua eta km0 produktuen kontsumoa sustatzeko kanpaina.