Zumaiako EH Bilduri gutun irekia

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Udal Taldea 2020ko urr. 19a, 17:47

EH Bilduren udal gobernuak legealdi honetan bultzatutako lehenengo neurrietako bat Zumaiako Arau Subsidiarioen Ordenantzen 67. Artikuluaren aldaketa izan zen. Premiazkoa iritzi zion, nonbait, lehen bai lehen aldaketa hori onartzeari, lantzeke dugun HAPOa onartu arte itxaron gabe. Aldaketa horrek etxeen birgaitzeek bete beharreko ezaugarri estetikoei egiten die erreferentzia eta helburu du egun eraikita dauden multzo arkitektonikoetako fatxadetan obra-lanak egitean multzoaren ezaugarri bateratuak mantentzea.

Aldaketa hori ikusita eta erabaki hori hartzeko azkartasuna aintzat hartuta, pentsa daiteke EH Bildu arduratuta dagoela Zumaiako kaleek ematen duten itxurarekin. Baita gu ere. Baina azken egunotan gure herriko kaleak begiratuta, non gelditzen da udal gobernuak gure herriak ematen duen itxurarekin zuen ardura?

Kaleak herriarenak direlako egokia da fatxaden estetika gorde nahi izatea, zer egin daitekeen edo zer ez, arautzea. Hori horrela, herritarren artean sarri entzuten dugun galdera honek oso aproposa dirudi: nola onartzen ditu EH Bilduk herriarenak, guztionak, diren etxe aurreak pintada eta kartelez josita egotea? Ez al dute ba herriarena, zumaiar guzti-guztiena den kalea desitxuratzen? Itsusitzen?

Badirudi, Udal honek batzuei mugak eta baldintzak jartzen asmatzen duela, baina beste batzuekiko nahiago duela ez ikusiarena egin. Kasu honetan, sektarismoak irabazten du eta estetika eta txukuntasuna galtzaile ateratzen dira. EH Bildurentzat bere inguru ideologikokoek “primerako herria” osatzen dutenaren seinale. Eta gainontzekoek... “segundakoa”

Adierazpen askatasuna dela esango dute batzuk, besteenak diren eraikinetan eta guztionak diren kaleetan  pintadak egiteko eskubidea beste eskubide batzuen gainetik dagoela aditzera emanez. Kasu horretan, ez al daukate etxe jabeek adierazpen askatasun berbera beren etxeko fatxadak izango duen kolore edo materiala aukeratzeko? EH Bilduren udal gobernuak hausnarketa hori egitea nahiko genuke.

Gure ikuspegia beti izan da argia, Zumaia guztiona dela argi dugu eta Zumaiako kaleak txukun mantentzea guztioi dagokigula, baita udalari ere. Udalak ezarri behar ditu guztion elkarbizitza bermatuko duten arauak eta udalari dagokio arau horiek betearaztea. Kaleetako zikinkeria garbitzen duen bezalaxe, kaleen parte diren paretak txukun mantendu behar ditu gure ustez.