Udalean ekarpenak egiten eta gure lana publiko egiten jarraituko dugu EH Bilduri gustatu ala ez

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Udal Taldea 2020ko urr. 1a, 13:55

Bistan da, EH Bilduk eta Zumaiako udal gobernuak ez dutela atsegin EAJk udalean ekarpenak egitea eta are gutxiago ekarpen horiek eta herriko eta udaleko kontuez gure udal taldeak duen iritzia publikoki plazaratzea. 

Maiz atera izan dira erantzutera baina, gure iritziz, egiten ditugun ekarpenei zor zaien errespetua galduta eta argudioak baino demagogia erabiliz. Udalean bertan ere entzun behar izan dugu, larrialdi mahaian, hain zuzen, hartzen ziren erabakien inguruan informatuta egoteko geundela gonbidatuta eta ez ekarpenak egin eta komunikatzeko.  

Badirudi EH Bilduk udala eta udal gobernua desberdintzeko nahiko lan duela eta biak gauza bera balira bezala jarduten duela. Ondorioz, oposizioan gauden taldeok enbarazu baino ez diogu egiten udal gobernuari. EAJ udal taldeak argi du zein den bakoitzaren papera eta bakoitzaren eskumenak zeintzuk diren. Alkateak edo udal gobernuak bere kabuz erabaki batzuk hartzeko gaitasuna dute, beste batzuk udal batzak onartu behar ditu. Azken honetan ere gehiengo osoa duenez, praktikan EH Bilduk hartu ditzake erabaki guztiak eta halaxe egiten du gainera, ia beti. 

EH Bilduk bere gehiengo absolutua baliatuta erabakiak adostu gabe hartzea zilegia da, elkarlana eta adostasuna bilatzea aukerakoa delako, eta EH Bilduk ez du elkarlanaren eta adostasunaren bide hori aukeratu. Gehiago edo gutxiago gustatu, hori egiteko ahalmena eta zilegitasuna badu, egokiena den ala ez, beste kontu bat da eta horren inguruan iritziak anitzak izan daitezke.

Horrek ez du esan nahi, ordea, gainerako udal taldeok ekarpenak egiteko edota iritziak plazaratzeko zilegitasunik ez dugunik, ez eta gutxiago ere. Gure udal taldeak, adibidez, azken udal hauteskundeetan bozkatu zuten herritarren zati handi baten babesa jaso zuen, %40 gutxi gora behera eta herritar horien bozkek EH Bildu edota beste alderdi batzuen aldekoek adinako errespetua merezi dute. Zumaiarren ordezkariak gara eta zumaiarren alde lan egiten dugu, bozka eman zigutenen eta eman ez zigutenen alde, hori delako herriarekin hartu genuen konpromisoa. 

Udalean egiten ditugun ekarpenekin EH Bilduren gobernua bat ez etortzea edo erabakien inguruan iritzi desberdinak izatea normala da. Guk gure iritzien egokitasuna defendatzen dugu eta EH Bilduk beraiena. Baina EH Bilduk bere erabakien egokitasuna defendatzeko gure aurka afirmazio demagokikoak eta partzialak erabiltzea ez dugu uste zilegia denik. Joko politikoak muga batzuk izan behar dituela uste dugu eta ez duela denak balio. 

Hori horrela, EH Bilduren azken erantzun demagokigoaren harira argi esan nahi dugu:

  • Aurreko legealdian gobernutik martxan jarri genuen Emakumeon* Etxearen proiektuan sinesten jarraitzen dugu.
  • Elkarte guztien beharrak aintzat hartuta, dauden baliabideekin, guztiei ahalik eta erantzunik egokiena ematea dagokio udalari eta printzipio horretan oinarrituta egiten ditugu gure ekarpenak.
  • Baliabide beretsuekin bi elkarteri erantzun egokia ematea bakarrari ematea baino egokiagoa iruditzen zaigu udal baliabideen optimizazioaren aldetik.
  • EH Bildu ez da saiatu aurrekontu aldaketak oposizioarekin adosten eta aldaketa guztiak pakete berean aurkeztu ditu, beraz, aldaketei oniritzia emateak guztiari oniritzia ematera behartzen gintuen eta batzuekin erabateko desadostasuna genuen (esaterako covid 19aren inguruko dokumentalerako 28.132,50 euroko partida sortzea).
  • Aurreko legealdian gazteen emantzipazioa errazteko asmoz martxan jarri genuen Alokairu bekaren helburua defendatzen jarraitzen dugu, hau da, Zumaiako gazteen emantzipazioa erraztea eta helburu hori oztopa dezakeen edozein aldaketaren aurka azalduko gara beti.
  • Zumaian bizi den edonor zumaiar kontsideratzen dugu, baina kolore guztietako beste udalerri askotan ezartzen den adinako errolda minimo bat eskatzea zentzuzkoa iruditzen zaigu dirulaguntzak bere helburua gal ez dezan, hau da, Zumaiako gazteen emantzipazioa erraztea.
  • Kontua ez da ahalik eta diru gehien banatzea, dirulaguntzak behar dituenari eta ezarritako helburua betetzeko ematea baizik, hau da, guztion baliabideak erantzukizunez kudeatzea.

EH Bilduren udal gobernuak erabaki guztiak bere gehiengo osoa baliatuta gure iritziak aintzat hartu gabe hartzen jarraitu nahi badu, jarrai dezala. Baina, gure ustez, parte-hartzearen inguruko ikuspegi zabalago bat eduki beharko luke, parte hartzea delako elkarte baten kide izatea edota herri bilera batera joatea, baina baita hauteskundeetan botoa ematea ere. Beraz, boto horien bidez aukeratutako herri ordezkarien proposamenak aintzat hartzea ere bada parte-hartzea sustatzea.