Hogarrak herritarrei ematen dien zerbitzua lehenesteko eskatu du EAJren udal taldeak

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Udal Taldea 2020ko ira. 15a, 10:50

Abuztuaren 3an argitaratu zen Hogarreko taberna-jatetxe, atezaintza, garbiketa eta mantentze-zerbitzua esleitzeko iragarkia eta esleipena hutsik geratu da.EAJk, aurreko pleguetan egin zuen bezala, lizitazio prezioa jaisteko eskatu du, berriz ere hutsik gera ez dadin eta lizitazioaren nondik norakoak azaltzeko bilera irekiak egitea iradoki du.

Abuztuaren 3an argitaratu zen Hogarreko taberna-jatetxe, atezaintza, garbiketa eta mantentze-zerbitzua esleitzeko iragarkia eta eskaintzak aurkezteko 15 eguneko epea pasa ondoren, esleipena hutsik geratu da. Egun indarrean dagoen esleipena irailaren bukaeran iraungiko da eta hortik aurrera ez da izango zerbitzurik esleipen berria egin ezean. Horiek horrela, Zumaiako EAJ-PNV udal taldeak, etekin ekonomikoaren aurretik Hogarrak zumaiarrei ematen dien zerbitzua lehenetsi beharra dagoela sinetsita, bere ekarpenak helarazi dizkio udal gobernuari.

Jeltzaleek, batetik, hutsik geratu den esleipen honen pleguak prestatu zirenean, egun indarrean dagoen esleipenaren oinarriek jasotzen zuten lizitazio prezioa mantentzea eskatu zuten eta gertatutakoa ikusirik eskaera hori berretsi dute. Indarrean dagoen kontratua hileko 500 eurotan esleitu zen hori izan zelako eskaintzarik altuena, baina esleipenaren pleguek hileko 130 euroko lizitazio oinarria jasotzen zuten, “130 euroko lizitazio oinarria jartzeak ez du esan nahi prezio horretan geratuko denik, lizitatzaileek duten interesaren arabera eskaintza altuagoak egingo dituzte, baina zerbitzua esleitzea erraztuko du eta hori da gure ustez garrantzitsuena, Hogarrak zumaiarrei ematen dizkien zerbitzuak bermatzea” azaldu du Oier Kortak. Aurreko esleipenean izan zen eskaintzarik altuena oraingo esleipenaren oinarri bezala hartzeak ez du zentzu gehiegirik jeltzaleentzat, bereziki, bizi dugun krisi egoera aintzat hartuta.

Lizitazio prezioa jaisteko eskaeraz gain, EAJ-PNV udal taldeak iradoki dio udal gobernuari, UKUEko teknikarien laguntzarekin, bi bilera ireki egitea, bata euskaraz eta bestea gazteleraz, esleipenerako dokumentazioa nola prestatu behar den eta Hogarraren egoera zein den azaltzeko, Zumaian edo bailaran lan aukera hori baliatu nahi dutenei gauzak errazte aldera. 

EAJ udal taldeak proposatu du, halaber, Hogarreko juntarekin bilera egitea gaiaren inguruan duten ikuspegia ezagutzea beharrezkoa uste baitute jeltzaleak. Eta, azkenik, esleipena egiteko irizpideetan gizarte konpromisoari pisu handiagoa ematea. Udalak prestatutako pleguetan gehienez 5 puntu ematen zaizkie gizarte klausulei eta esleipenak duen izaera sozial berezia aintzat hartuta, jeltzaleek uste dute arlo honi puntuazio altuagoa eman beharko litzaiokeela. 

“Esleipen honen bidez ez da soilik taberna-jatetxe zerbitzua esleitzen, atezaintza eta garbiketa ere esleitzen dira eta horrek eragina du ematen diren beste zerbitzuetan, ileapaindegi edo podologia zerbitzuak, esaterako, eta horiek denak bermatzea lehentasunezkoa da guretzat” amaitu du Oier Kortak.