EAJren udal taldeak TAOren inguruan esandakoaren harira EH Bilduk egindako kritikei erantzuna

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Udal Taldea 2020ko uzt. 15a, 11:16

TAOaren inguruan esan ditugun egiek minduta EH Bilduk plazaratutako erantzunaren harira, beharrezkoa ikusten dugu zenbait datu argitzea, izan ere, TAOaren inguruan egin ditugun kritikak zumaiar askok eta askok kalean helarazi dizkigutenak baino ez dira, herritarrek ez dute ulertzen TAOarekin gertatzen ari dena eta guk ahotsa baino ez diegu eman.

Aurten enpresa berria lanean hasi bada ere, joan den urtean esleitu zen kontratua eta helegite bategatik ez zen indarrean jarri. COVID 19ak ezin du dena justifikatu, zein enpresak eta zein datatan lanean hasi behar zuen bagenekien joan den urtetik eta zerbitzua martxan jarri ez bada, udala gainean egon ez delako da. Gure ingurura begiratuta, TAO zerbitzua aspaldian zegoen martxan Zarautzen eta konfinamendua hasi aurretik olatuek puskatutako moila, konfinamendua eta alarma egoera izanagatik, esleituta eta konponduta dago, baita hondartzako aforoa zaintzeko zerbitzua ere. Batzuentzat eragozpen gaindiezinak direnak beste batzuentzat ez dira oztopo dirudienez.

EH Bilduren jarrera, beste askotan bezala anbiguoa da honetan ere, TAOaren alde badaude, zergatik ez dute kontrolatzen Ardantzabiden aparkalekua? Ardantzabidekoek urte guztian ordaintzen dute TAOa eta ez da aparkalekua kontrolatzen, halaxe helarazi digute behin eta berriro auzotarrek. Eta bestetik, TAOaren alde egonik, udal hauteskundeen atarian Alondegian egin zen debatean zergatik esan zion Iñaki Ostolazak Oier Kortari espazio publikoa pribatizatu genuela? TAOaren gaian jarrera argia izan duen alderdi bakarra EAJ izan  da, pausoz pauso jarri genuen indarrean eta oraindik ere hobetzen joan beharra dagoela uste dugu, herritarrek hala helarazi digutelako.

Lidergo konpartitua baino noraeza izan da EH Bilduren udal gobernuak erakutsi duena. Erabakiak hartzea hilabeteak kosta zaio, EAJ udal taldeak egindako ekarpenak atzera bota eta asteak pasa ondoren, atzera botatako ekarpen horiei heldu die. Hori gertatu zen, adibidez, boluntarioek musukoak josteko konfinamenduaren hasieran egin genuen proposamenarekin, alkateak berak ez zuela egoki ikusten esan zuen eta asteak pasa ondoren martxan jarri zuen ekimena, denbora asko galdu ondoren. Martxoan autonomo, merkatari eta ostalarientzako dirulaguntza zuzenak proposatu genituenean ere horren aurkako jarrera azaldu zuen udal gobernuak eta ia bi hilabete behar izan genituen udal gobernuak iritziz aldatzeko. EAJ udal taldea egon da konfinamendua hasi zenetik akuiluarekin udal gobernua mugiarazten eta kostata mugitu da. Autonomo, merkatari eta ostalariekin biltzeko ere EAJk eskatu du behin eta berriz, bizitzen ari ziren egoera ikusten genuelako eta beren laguntza eskaerak helarazten zizkigutelako. Hala ere ez zen udal gobernua izan lehen pausoa eman zuena, merkatariek eta ostalariek eskatu behar izan zituzten bilerak.

Hilabete hauetan EAJk pazientzia ia bukaezina izan du, udal gobernuak erabakiak hartzeko izan duen geldotasunarekin. Ekarpenak egin ditugu eta berehalako erantzuna behar zuten gaietan eten gabe luzatu dira, erabakiak hartzea kosta zaie beti, eta horrek neurriak atzeratu besterik ez du egin. EAJ udal taldeak nahiago izan du, kritika errazera jo ordez, elkarlanari balioa eman eta ekarpenak egiten jarraitzea. EH Bilduren udal gobernuak egindakoen zerrendari begiratuta, Aita Mari, Oikia, Artadi, fielatoa… EAJk martxan jarritako proiektuak dira denak, horiek bukatu baino ez dute egin. Bi gaietan bakarrik izan dituzte argi gauzak, terrazen ordenantza eta Mojaxarren komentua, gai horietan ez dute herritarren parte-hartzerik nahi izan. 

EAJren jarrera eraikitzailea bistan da, urte batean gure udal taldeak EH Bilduren udal taldeak aurreko legealdiko 4 urteetan baino ekarpen gehiago egin ditu. Beti saiatu izan garelako herritarrek esaten eta eskatzen digutena udalera eramaten. Guk forma ematen diegu, baina herritarren mezulari baino ez gara, zumaiarrei entzuten eta erantzuten saiatzen gara. Udalean egiten duguna hedabideetan komunikatzen dugu, uste dugulako gure eskubidea ez ezik, betebeharra ere badela, herritarrek bakoitzak zer egiten edo proposatzen duen jakiteko eskubidea dutelako. Udal gobernuak nahi baino maizago atera bagara udalean lanean aritu garelako izango da. EH Bilduk aurreko legealdian kritikatik harago ekarpen gutxi eta nahiko exkaxak egin zituen. Adibidez, orain Txomin Agirre kaiko geltokia udan bertan behera uzteari garrantzia kentzen diote, oinez 4 minututara omen dago. Oinez nahiko lanekin ibiltzen den norbaiti esan diezaiotela… Aurreko legealdian, aldiz, herri barruko autobusa jarri nahi izan zuten. Neurri eraginkorra izango ez zelakoan bageunden ere, EH Bilduk egindako ekarpen bakanetako bat izanik aintzat hartu eta zerbitzua martxan jarri genuen. Espero bezala ez zuen arrakastarik izan eta hurrengo urtean ez zen jarri. Aurreko legealdian Txomin Agirre kaira beste autobus bat sartu nahi zuten, legealdi honetan, berriz, urte guztian hor dabilena kendu. Gora koherentzia.

Zein egoeratan gauden ederki dakigu eta COVID 19aren baitan Zumaiako EAJ udal taldeak ekarpen asko egin baditu beharra ikusi duelako izan da. Zumaiako udal gobernuari gustatu ala ez, guk lanean jarraituko dugu, herritarrekin biltzen, helarazten dizkiguten arazoei irtenbideak proposatzen eta egiten dugun hori hedabideetan azaltzen, baita kritikatu beharrekoa kritikatzen ere. Hori delako gure lana eta gure erantzukizunei muzin egiten ez diegulako. 

Amaitzeko, herri ordezkari garen heinean, boto kopuru gehiago edo gutxiago izan, udalean lanean ari garen talde guztiok ordezkatzen ditugu zumaiarrak eta guztiok dugu ekarpenak eta kritikak egiteko zilegitasuna. Egin ditugun ekarpenak nahiz kritikak beti izan dira arrazoituak, zumaiarren kezkatan oinarrituak eta errespetuz eginak. Horregatik eskatzen diogu EH Bilduri errespetu berarekin aritzea.