“EH Bildu aparkalekuak erregulatzearen alde ez badago, esan dezala argi eta garbi”

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Udal Taldea 2020ko uzt. 9a, 17:23

Igaro dira dagoeneko egun batzuk bi asteko atzerapenarekin Zumaian udako TAO zerbitzua martxan jarri zenetik eta EAJ udal taldea arduratuta dago ematen ari den zerbitzuarekin, ordenantzak jasotako epeak ez betetzeaz gain, esleipenean jasotakoa ere ez delako betetzen. 

EAJ udal taldeak jakinarazi duenez TAO makinak atzerapenarekin jarri ziren, ez dago kontratatuta esleipenak jasotzen zuen kontrolatzaile kopurua eta libre dauden aparkaleku plazak iragartzeko panel dinamikoakak ere ez daude jarrita. Jeltzaleek diote, zerbitzua enpresa batek ematen badu ere, udalari dagokiola behar den bezala ematen dela bermatzea eta udal gobernua ere ez da ari dagokion kontrola behar bezala egiten “zerbitzua martxan jartzen den egunerako dena lotuta ez edukitzea larria bada, zerbitzu hori 15 egunez atzeratu ondoren oraindik ere era egokian ez ematea are larriagoa dela uste dugu”. Udal gobernuan egoteak udalaren gidaritza eramatea dakarrrela dio EAJ udal taldeak “horretarako aukeratzen dute herritarrek gobernua”, horregatik, jeltzaleen iritziz, gobernuak eta gobernua zuzentzen duen alkateak, gai guztien gainean egon eta lidergoa izan behar du udalak egoki funtziona dezan. EAJ udal taldeak faltan botatzen du gidaritza eta lidergo hori, gai askotan, baina TAOaren inguruan nabarmen.

TAOaren kontrol ezaren atzean zer dagoen ez dakitela diote jeltzaleek “ez dakigu interes falta eta utzikeria den edo aparkalekua erregulatzearen aurka dauden” azaldu dute eta jarrera horren atzean aparkalekua erregulatzearen aurkako posizionamendu bat badago, herritarrei argi eta garbi azaltzeko eta hartu beharreko erabakiak hartzeko eskatzen diote EH Bilduri. “Gure jarrera argia da, aurreko legealdian TAOa indarrean jartzeko lan handia egin genuen bai politikariok, bai teknikoek eta baita herritarrek ere. Erregulazioaren aldeko apustu garbia egin genuen zumaiarrek beren herrian aparkatzeko zailtasunak saihesteko eta ez dugu iritziz aldatu”. EAJ udal taldeak ez du zilegi ikusten zerbitzua erdizka ematea araudi bat dagoelako eta udalarentzat eta herritarrentzat kostu bat suposatzen duelako. “Aparkalekuaren erregulazioaren inguruan EH Bilduren jarrera ez da argia izan, espazio publikoa pribatizatu dugula ere esan zidan Iñaki Ostolazak joan den urtean Alondegian egin zen debatean” azaldu du Oier Korta bozeramaile jeltzaleak eta behingoan beren posizioa argitzea eskatzen die EAJ udal taldeak. 

Zumaiarren ekarpenak entzun ondoren, mugikortasun mahaian hainbat ekarpen egin zituen udal talde jeltzaleak TAOa hobetzeko asmoz, besteak beste, TAOa indarrean dagoen epea luzatzea. “Zumaiar askok eskatu digute bereziki Aste Santutik aurrerako asteburuetan ere TAOa indarrean egotea, baina indarrean egonagatik araudia betetzen dela kontrolatzen ez bada alferrik da”. Behin eta berriz herritarren kexak jasotzen dituztela azaldu dute jeltzaleek eta kexa horiek ulertzen dituztela, zerbitzua ez delako ematen behar den bezala. “Guk gure esku dagoen guztia egiten dugu, zerbitzuak hobetzeko ekarpenak egiten ditugu, zerbitzuak nola ematen diren kontrolatzen saiatzen gara, irtenbideak planteatzen ditugu, baina erabakimena udal gobernuarena da, berea da erantzukizuna eta berak hartu behar ditu erabakiak eta lidergoa eta horixe da eskatzen dieguna” amaitu dute.