“TAO epealdia atzeratzeko erabakiarekin ez gaude ados, ez dugu uste eman dizkiguten arrazoiek atzerapen hori justifikatzen dutenik”

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Udal Taldea 2020ko eka. 16a, 07:57

TAO zerbitzua ordenantzan eta esleipenean jasotakoa baino 15 egun beranduago indarrean jarriko dela komunikabideen bidez jakin ondoren azalpenak eskatu zituen Zumaiako EAJ udal taldeak eta joan den astean emailez jasotako erantzunak eta gaurko hirigintza batzordean emandakoak ez ditu jeltzaleak konbentzitu.

Udal gobernuak azaldu dienez, “arrazoi teknikoak” izan dira atzerapena eragin dutenak, zehazki, TAO bulegoa jendaurrera maiatzaren 15ean irekitzea aurreikusita zegoela eta “alarma egoera dela eta” ezin izan dela ekainaren 8ra arte ireki. Ekainaren 8tik 15era bitarteko epean herritar guztiek TAO txartela lortzeko ezintasunak eragin omen du, beraz, atzerapena.

Jeltzaleek ez dute ulertzen, eta hala azaldu dute batzordean, lehenik, zergatik ezin izan den TAO bulegoa ekainaren 8ra arte zabaldu. Atzerapen hori alarma egoerak eragin izana zalantzan jartzen dute, izan ere, maiatzaren 26tik zabalik dira udala eta turismo bulegoa. Udaleko bulegoen zabaltze honen berri eman zenean, gainera, udal webgunean argitaratutako albisteak zioen “zalantzak, eskaerak eta tramitazioak telefono bidez egitea errazteko, hainbat telefono zenbaki zehaztu ditu Udalak” eta horien artean lehenak zioen “Ibilgailu edo TAO erreziboak, tasak eta bestelako diru-kontuak: 943 86 51 69”. Txartelak tramitatzen hasteko aukerarik ezean informazioa emateko kanala behintzat zabalik zegoen beraz.

Atzerapena herritar guztiek txartela lortzeko ezintasuna izatea ez da ulergarria jeltzaleen ustez, izan ere, aurreko urteetan txartela izan dutenek ez dute TAO bulegora joan beharrik txartela berritzeko eta dagoeneko postaz bidali zaie aurreko urtean egoiliar txartela zuten zumaiarrei TAOaren ordainketa egiteko erreziboa. “Lehen urtea izan bazen eta eskaera egoiliar guztiek egin beharko balute, agian ulergarriagoa izan zitekeen” azaldu dute EAJ udal taldeko kideek, “baina sistema aurreko urteetatik martxan egonik txartel berrien eskaera, eta ondorioz bulegora presentzialki joateko beharra oso mugatua da”. Epealdia 15 egunez atzeratzea soluziorik errazena izan daitekeela uste dute jeltzaleek, baina ez egokiena. “Beste soluzio batzuk aurki zitezkeen atzerapena ekiditeko, arazoa egoiliar txartel berria eskatzea bada, horiei bakarrik eragiten die eta soluzio fokalizatuago bat ematea posible litzateke, txartela eskuratzeko aukera izan bitartetan behin behineko egora hori aztertuta” dio Oier Korta bozeramaile jeltzaleak eta gaineratu du “Udalak enpresarekin adostu du kontratua 15 egun laburtzea eta 15 egun horiek ez ditu ordainduko, baina Zumaiarrek txartela izateagatik kopuru bera ordainduko dute nahiz eta epealdia 15 egun murriztu”.

EAJ udal taldearen iritziz TAO sistema martxan jartzeko lan handia egin zen aurreko legealdian. “Udalak lan handia egin zuen, baina baita herritarrek ere, sistema definitzeko bileretan herritar askok parte hartu baitzuten” azaldu du Kortak, “guretzat TAOa gai garrantzitsua izan da eta oraindik ere hala da, uda sasoian aparkatzeko arazoak herritarren egunerokotasunean eragin handia duelako”.

TAOaren harira jarri ziren martxan baita ere kirol portutik erdigunera joateko txalupa zerbitzua eta herrigunetik aldenduta dauden doako aparkalekuak. “Garrantzitsua da Zumaiara datozen kanpotarrek ere aparkatzeko aukera izatea, ez dugu ahaztu behar Zumaiako denda eta ostatuetan eragina duela uda sasoian bereziki bisitariek egiten duten kontsumoak eta bizi dugu egoera medio, aurtengo udan are garrantzia handiagoa”. Horren harira, EAJ udal taldeak ez du ulertzen ezta ere, doako aparkaleku horietara iristeko seinaletika oraindik jarri ez izana, izan ere, “txalupa zerbitzua gaur jarri da martxan, baina bisitariak bertara bideratu ezean nekez erabiliko dute eta zerbitzu hori emateak kostu bat du udalarentzat, beraz, etekina ere atera beharko zaio” diote jeltzaleek. Hori dela eta, aipatu seinaletika lehen bai lehen jartzeko eskatu du Oier Kortak hirigintza batzordean. “TAO zerbitzua hobetzen joan beharra dago urtetik urtera izandako esperientziarekin, herritar askok eskatzen du epealdia luzatzea esaterako eta bide hori aztertzea egoki ikusten dugu” dio bozeramaile jeltzaleak, “kostata guztion artean egin dugun sistema honetan aurrerapausoak eman behar ditugu, ez atzerapausoak, eta aurtengo kudeaketa exkaxak zoritxarrez atzerapauso bat suposatzen duela uste dugu” amaitu dute jeltzaleek.