Kiroldegiko bazkide kuota momentuz ez kobratzen jarraitzea proposatu du EAJko udal taldeak

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Udal Taldea 2020ko mai. 29a, 17:45

Pandemiaren bilakaera aintzat hartuta eta deseskalatze faseetan aurrera goazela ikusirik, Zumaiako Udala ari da kiroldegia berriz zabaltzeko neurrien lanketan, bai osasun eta babes neurriei dagokienez eta baita neurri horiek baldintzatzen duten erabilerari egokitutako bazkideen kuoten inguruan. Asteartean egin zen kiroletako batzordean gai hori izan zuten hizpide batzordekideek eta udal gobernuak udal taldeei gaiaren inguruko beren ikuspegia mahai gainean jartzeko eskaera luzatu zien.

Horiek horrela, EAJ-PNV udal taldeak helarazi dizkio dagoeneko bere hausnarketak udal gobernuari. Jeltzaleak, osasun eta babes neurriek ezarritako mugekin bada ere, kiroldegia zabaltzearen aldekoak dira, ohiko zerbitzua ez bada ere, zerbitzu mugatu bat eskaintzeko aukera positiboa delako eta kiroldegiak udalari sortzen dizkion gastu finkoak berberak dira zabalik edo itxita egonda (zabaltzean, hori bai, kontsumoen gastuak gehituko zaizkio, gasa, argindarra, desinfekzioa…). Egoera egunetik egunera aldatzen da, baina hasiera batean dutxak erabili ezingo direnez eta erabilera ere hitzorduarekin, mugatua eta ikastarorik gabe emango denez, jeltzaleen iritziz ez da momentu oraindik kiroldegiko bazkide kuotak kobratzen hasteko.

“Ez dugu uste oraindik kuotak kobratzen hasteko momentua denik, batetik, momentu honetan eman daitekeen zerbitzua oso mugatua izanik, bazkide kopuru txiki baten erabilera baino ez delako bermatzen eta, bestetik, zerbitzu muga horiek eta COVID 19ak herritarren ekonomian izandako eraginak bazkide askok baja ematea eragin dezakeela uste dugulako” azaldu du Gotzon Enbil zinegotzi jeltzaleak.

EAJ-PNV udal taldeak, beraz, egungo baldintzatan kiroldegia itxi zen momentuan bazkide zirenek kuotarik ez ordaintzen jarraitzea proposatu dio udal gobernuari. “Egoera egunetik egunera aldatzen da eta egunetik egunera baloratu beharko dugu, baldintzak malgutu eta zerbitzua normaltasunera bueltatzen den heinean, bazkide kuotak kobratzea zuzena izan daiteken edo ze ehunekotan kobratu beharko litzatekeen”  azaldu dute jeltzaleek. EAJ-PNV udal taldearen iritziz, behin zerbitzua martxan jarrita, nola funtzionatzen duen ikusita eta erabiltzaileen asebetetze maila ezagututa, noiz edo zenbat kobratu beharko litzatekeen egokiago baloratu ahal izango da, prezipitazioz jokatuta bazkideak galtzeko arriskua ikusten dutelako jeltzaleek.