EAJren udal taldeak hogarreko ile-apaindegi eta podologia zerbitzuak ahalik eta azkarren martxan jartzea eskatu du

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Udal Taldea 2020ko mai. 28a, 08:59

Zerbitzu horiek udalak esleipen bidez eskaintzen ditu eta osasun eta babes neurriak udalak bere gain hartzea eskatu dute jeltzaleek. 

Zumaiako EAJren udal taldeak udaleko larrialdi mahaian eta Gizarte Zerbitzuetako batzordean egin du Hogarreko ileapaindegi eta podologia zerbitzuak ahalik azkarren martxan jartzeko eskaera. Horretarako udalak osasun eta babes neurrien gainkostua bere gain hartzea beharrezkotzat jotzen dute jeltzaleek, izan ere, zerbitzuen esleipen kontratuak prezioak mugatzen ditu baliabide apalak dituzten erabiltzaileek ere zerbitzu horiek eskura izan ditzaten eta egoera horretan, zerbitzua ematen duten pertsonek ezin diete gainkostuei aurre egin.

“Zerbitzuak esleitu ziren momentuan ezin zitezkeen aurreikusi osasun eta babes neurri horiek, beraz, gainkostu hori udalak bere gain hartzea zuzenena dela uste dugu, zerbitzua ematen dutenentzat defizitarioak izan ez daitezen” azaldu du Oier Korta bozeramaile jeltzaleak. EAJ-PNV udal taldeak azaldu duenez, bi helburu ditu eskaera honek, batetik, adinekoei zerbitzu horiek bermatzea eta, bestetik, zerbitzua ematen duten pertsonek lehen bai lehen bere jarduerari berrekiteko aukera izatea. “Uste dugu beharrekoa dela ahalik azkarren zerbitzua bermatzea eta baita azken hilabeteetan zerbitzu horiek eskaini ezin izan dituzten pertsonak lanera bueltatu ahal izatea” amaitu du Kortak.