Zumaiako EAJren udal taldeak bi bilera ireki egingo ditu herritarrekin TAOz eta beste gai batzuez

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Udal Taldea 2020ko ots. 8a, 08:51

Lehenengoa astelehenean izango da, Alondegian, arratsaldeko 19:00etan. Bigarrena asteartean izango da, ordu berean, Herri Eskolaren Sagarbide eraikinean.

Zumaiako EAJren udal taldeak bi bilera ireki deitu ditu datorren asterako. Lehenengoa astelehenean izango da, Alondegian, arratsaldeko 19:00etan eta bigarrena, berriz, asteartean, ordu berean, Herri Eskolaren Sagarbideko eraikinean. EAJren udal taldeak zumaiarrekin zenbait gairen inguruan duen ikuspegia partekatu eta herritarren iritzi eta ekarpenak jaso nahi ditu gai horien eta, oro har, herritarren kezken inguruan: TAO, ekipamenduak, terrazen ordenantza, Larretxoko igogailua, Santiago hondartzako zerbitzuak… 

Gai nagusia TAO izango da, izan ere, laster martxan jarriko da mugikortasun mahaia eta jeltzaleek mahaian egiteko dituzten proposamenak herritarrekin kontrastatzea ezinbestekotzat dute. Oier Kortak azaldu duenez, "aurreko legealdian 20 bilera ireki egin genituen herriko aparkalekuak erregulatzeko, eta mugikortasun mahaia osatu genuen, besteak beste, erregulazio horren jarraipena eta egokitzapena egiteko. Azken bilera egin zenetik bi urte pasa dira dagoeneko, eta mahai horretan bi herritar egongo badira ere, uste dugu bi urte hauetan zumaiarrek, norberaren esperientziatik, ekarpen ugari edukiko dituztela". Astelehenean eta asteartean egingo dituzten bilera horietan, beraz, mahaian aurkeztuko dituzten proposamenak herritarrekin kontrastatzeaz gain, herritarren esperientziak eta ekarpenak ere entzun nahi dituzte.

Aurreko legealdian udal gobernutik egin zuen bezala, EAJren udal taldeak oposiziotik ere herritarrekin partekatu nahi du bere proiektua, eta horretarako ezinbestekoa deritzo aurrez aurre herritarrekin egoteari: “Aurreko legealdian bilera asko eta asko egin genituen herritarrekin, mila herritarretik gora izan ziren bilera horietan eta uste dugu lan egiteko era hori, neketsua bada ere, oso aberasgarria dela", azaldu du Oier Korta EAJ udal taldearen bozeramaileak. “Horregatik jarraitu nahi dugu bide horretatik, bereziki ikusita udal gobernuak ez duela momentuz behintzat horrelakorik egiteko asmorik azaldu, nahiz eta arrazoiak izan diren, terrazen ordenantza, mugikortasun mahaia…”, jarraitu du Kortak.

EAJren udal taldeak bilera horietan partekatu nahi du, beraz, Arraun Zumaia 2020-2023 legealdirako bere gida-lerroetan jasotzen dituen asmoetako batzuk. EAJko kideek zumaiarrekin kontrastatu nahi dituzte beren asmoak, baina zumaiarren eskaerei udalean bide ematea ere badute helburu, mugikortasun mahaian esaterako, herritarrengandik jasotako nahi, behar eta eskaerak mahaira eramanez.

Amaitzeko, EAJ udal taldeko kideek zumaiarrak animatu dituzte asteleheneko edo astearteko bilerara joatera, ez bakarrik jeltzaleen asmoak entzutera, bereziki beren beharrak azaltzera, norberak baino hobe ez dituelako ezagutzen bakoitzaren auzo, elkarte edo kolektiboaren beharrak.