Terrazen ordenantza berritzeko herritar guztiei zabaldutako parte-hartze prozesu baten beharra adierazten dugu

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Udal Taldea 2019ko urr. 7a, 16:21

Gobernu taldeak gainerako udal taldeei azken hirigintza batzordean azaldu zien urriko osoko bilkuran ordenantza berria onartzeko asmoa zutela. EAJk ez du ulertzen ordenantza berritzearen hainbesteko presa. Gure ustez, herritarrei eta herriko kolektibo desberdinei zuzenean eragiten dien ordenantza bat denborarekin eta alde guztien parte-hartzearekin eta inplikazioarekin lantzea beharrezkoa da.

Ostegunean egin zuen bilera udal gobernuak herriko ostalariekin urriko plenoan onartzea aurreikusita duen ordenantza aurkezteko eta bertan izan ziren baita EAJ udal taldeko kideak ere. Herri ordezkariek egun batzuk aurretik izan zuten udal gobernuaren asmoen berri, azken hirigintza batzordean, hain zuzen ere. Bertan azaldu zizkien Iñaki Ostolazak urriko plenoan terrazen ordenantzaren aldaketa onartzeko asmoa eta hori egiteko aurreikusten zituzten pausoak. Lehenengo pausoa, ostalariekin ostegunean egindako bilera zen, bigarrena, urriko bigarren astean merkatariekin bilera egitea eta, azkenik ordenantza behin behinean onartu ondoren, herritarren ekarpenak jasotzea legeak ezartzen duen alegazio epean.

Jeltzaleek batzordean bertan azaldu zuten ordenantza modu horretan berritzea, parte-hartze prozesu sakon eta zabalagorik gabe, akats ikaragarria litzatekeela, herritarrei, oro har, eta kolektibo desberdinei zuzen zuzenean eragiten dien ordenantza oso garrantzitsu bat delako, zeinak erpin asko dituen eta besteak beste, herriko bizikidetzan, ekonomia jardueran edota irisgarritasunean asko eragiten duen. 

EAJko herri ordezkariek argi utzi zuten, batzordean bertan, modu horretan planteatutako  prozesu batean ez dutela parte hartuko, ordenantza orekatu eta ahal den egokiena egin ahal izateko,  herritar guztien parte-hartzearekin eta inplikazioarekin lantzea beharrezkoa delako “proposamenak jaso, aztertu, eta ikuspuntu desberdinen arteko oreka bilatu behar da” eta hori “ez da egun gutxi batzuetan egiten, hilabeteetako lana da” azaldu dute jeltzaleek. EAJk ez du, beraz, ulertzen ordenantza korrika eta presaka berritzearen zergatia.

Egun indarrean dagoen ordenantza 2005ean onartu zen, EAJ agintean zela. Geroztik, bi agintalditan egon da ezker abertzalea gobernuan, 2007-2011 eta 2011-2015 legealdietan, hain zuzen, eta ez zuen urte horietan aldaketarik planteatu. 2015-2019 legealdian, EAJren udal gobernua ordenantza lantzen hasi zen Udaleko teknikariekin, jabetuta eguneratu beharra zegoela, baina gaiaren konplexutasuna eta herriko bizitzan duen eragina ikusita, parte-hartze prozesu sakon baten beharra atzeman zuen. 

Herriaren etorkizunean eta elkarbizitzan eragina izango zuten erabakiak hartzeko, Zumaia eta zumaiarrentzat garrantzitsuak diren zenbait gaien inguruan, parte-hartze prozesu sakonak burutu zituen Udalak aurreko agintaldian, Plan estrategikoa, TAOaren ordenantza eta Turismo Plana. “Lau urtetan esfortzu handia eskatu genien herritarrei, erabaki garrantzitsu horietan parte hartzea beharrezkoa zela uste genuelako” azaldu dute EAJko kideek, “badakigu bakoitzak gure egunerokotasunean hamaika egin behar ditugula eta horrelako prozesuetan inplikatzeak askotan esfortzu handia suposatzen duela” jarraitu dute. “Horregatik asko eskertu dugu lau urte horietan herriak eman duen erantzuna eta ziur gaude merezi izan duela, erabakiak guztion artean hartu ditugulako” diote jeltzaleek. Horregatik, jarraitu dute jeltzaleek, ”gure hauteskunde programan jaso genuen terrazen ordenantza eta herriko elkarbizitzan eragina duten ordenantzak guztion parte-hartzearekin lantzeko konpromisoa”. 

Beraz, EAJ ados dago ordenantza eguneratzeko beharrarekin, baina ez planteatu den moduarekin. Gaiak erpin asko ditu, ordutegiak, aparkalekuak, irisgarritasuna, ostalaritza, merkataritza…” berretsi dute jeltzaleek eta “guztion artean, ikuspuntu eta eragin guztiak aztertu eta eztabaidatu ondoren landu eta onartu beharreko ordenantza bat” dela uste dute eta hori da udal gobernuari adierazi diotena. “Parte-hartzearen aldeko apustua ekintzetan azaldu behar da, eta gai hau ere oso egokia da horretarako” amaitu dute jeltzaleek.