Elkartea

Zumaiako Gazte Batzordearen jarduera ahuldu zenean, beste elkarte bat bultzatzea erabaki zuen aldizkariaren inguruko taldeak, eta kultur elkartearen aldeko apustua egitea erabaki zuen. Hasieran aldizkaria ateratzea zen helburu nagusia, baina pixkanaka beste hainbat gauza bultzatu eta antolatzea izango zen erronka.

Harrezkero zenbait argitalpen ateratzen lagundu du Baleike kultur elkarteak: Joanito Dorronsororen liburua, urteroko bertsopaper-liburuxkak, Jon Manzisidorren komiki-bilduma, Piraguismoko DVDa, etab. Kulturarekin lotutako hainbat ekitaldi ere antolatu ditu, zenbaitetan beste talde batzuekin elkarlanean: liburu eta disko azokak, literatur emanaldiak, bidaietako ikus-entzunezkoak, etab.

Teknologia berrien garaian mailari eusten saiatu da Baleike kultur elkartea, eta horregatik bultzatu zuen baleike.com gunea. Euskarazko prentsa bultzatzen ere ahalegindu da elkartea: Berria ateratzen laguntzeko bere ekarpentxoa egin zuen eta Urola Kostako Hitzaren bazkide-sortzaileetako bat da.