Aldizkaria

1994ko hasieran gazteei zuzendutako aldizkari baten premia ikusi eta Zumaiako Gazte Batzordeak lan-taldea osatu zuen proiektua lantzeko. Txosten bat idatzi eta herriko hainbat talde eta norbanakori aurkeztu zitzaien egitasmoa. Beste aldizkariekiko original samarra zen Baleike: kobratu egingo zen, gazteei zuzendutako gaiek pisu handia hartzen zuten, etab. Lehen zenbakiak Zumaiako Institutuan landu ziren, baina geroxeago Foronda kultur etxean lokal bat erabiltzen hasi ziren.

1998aren atarian beste aldaketa garrantzitsu bat egitea erabaki zuen taldeak: diseinua erabat berritu, maketatzaile bat hartu eta Macintosh sistemara igarotzea.

2001ean etorri zen apusturik gogorrena: hamabostekari bihurtzea. Erritmoarekin nekatuta, 100. zenbakia atera eta gero, eten bat egitea erabaki zuen lantaldeak: hausnartu beharra zegoen. Beste talde bat elkartu eta berriz ere hilabetekaria jarri zuten abian, formatua eta edukiak aldatuta.

2006an beste hausnarketa bat egin zen: eguneroko berriak Hitzak eta baleike.com-ek lantzen zituztenez, merezi zuen aldizkaria ateratzen jarraitzea? Baietz erabaki zuten arduradunek, baina edukiak eta lantzeko modua aldatu beharra zegoela. 2007ko otsailean aurkeztu zen Baleike berria, erabat kolorez jantzia.

Ordudanik, Baleikek webgunea eta aldizkaria ditu zumaiarrei komunikazio proiektu sendo bat eskaintzeko. 2010ean Rikardo Arregi kazetaritza sari nagusia jaso genuen, tokiko informazioan berritzaileak izateagatik eta kalitatezko produktuak sortzeagatik.

2011n Aztikerrek egindako azterketa soziologikoan Baleikek emaitza oso onak lortu zituen. Zumaiarrek 7,7ko puntuazioa ematen diote Baleikeri. Aldizkariak 3.400 irakurle ditu hilero, eta 7.000tik gora dira aldizkaria noizbait irakurri dutenak. Webguneari dagokionez, egunero 700 bisitari jasotzen ditu, bataz beste, eta 3.000tik gora dira nahikoa sarri kontsultatzen duten erabiltzaileek.