Iñaki Ostolaza

Iñaki Ostolaza

Datorren maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan, Zumaiako EH Bilduren alkategaia da Iñaki Ostolaza.

1. Ba al duzue asmorik parking publikoak egiteko?
Iker

Guretzako gai honetan Zumaia ez da zubi txikian hasten, herriguneko sarreretan baizik. Hori horrela, Jadarre aldeko sarrerari dagokionez lortu dugu 200 plazako aparkaleku publikoa egiteko konpromisoa jasotzea gaur egungo futbol zelaia dagoen eremuan joango liratekeen Jaurlaritzarekin adostutako etxebizitza berrien azpian. Gure asmoa da herriko beste sarreran beste horrenbeste egitea. Torreagako etxebizitzen jarraian industrialde aldera, Urola plaza deiturikoan, beste aparkaleku publiko handi bat eraikitzeko aukerak aztertzea.

2. Prest egongo zinateke PSEErekim gonernu akordioa egiteko?
Iker

Lehen indarra bagara, emaitza dena delakoa izanda ere, beste alderdiei programa jarriko diegu mahai gainean, eta horren gainean dauden adostasunen arabera, ez genuke arazorik izango beraiekin akordioak egiteko.

3. Etxebizitza lege berria adostu duzue Madrilen PSOErekin. Zumaian alokairuen topea aplikatzeko prest egongo zinateke?
Alua

2021eko otsailean Legebiltzarrean EH Bilduk proposatu zuena jarraituta, bai. Aztertu beharko litzateke lege berriak ematen dituen aukerak, eta aukerak baleude, egingo genuke.

4. Ze asmo dakazue Larretxoako?
Larretxo

Legealdi honetan Larretxoko irisgarritasun plana egin dugu bizilagunekin batera, eta lehen pausuak eman dira San Telmoko igogailua bukatuta eta auzoko hiru puntu ezberdinetan espaloiak zabaldu eta aparkalekuak berrantolatuta. Datorren legealdiari begira, irisgarritasun plan horrek markatutako lanekin jarraitzea da asmoa. Lan konkretuak aipatzearren: Itzurun bidean igogailu berria egingo dugu, Spot surf eskola pasa eta berehala aldaparen eskuin aldean. Igogailu honek beheko kota eta Itzurun bide gainetik doan Larretxoko zubia konektatuko ditu. Bestalde, San Telmoko igogailuaren irteera aldapa bete betera dela kontutan izanda, plaza berdearen goi eta beheko ertzetan dauden lorategi edo pendiz txiki horiek arrapala banatan bihurtuko ditugu, malda txikikoak izango direnak. Horrela, San Telmoko igogailua eta Larretxo erdiko plataforma laua konektatuko ditugu gurpildun aulkiak, karrotxoak etab. irisgarritasun arazorik gabe iristeko.

5. Zer da Erkiben jarri nahi duzuten Elikagunea hori?
Bixio

Elikagunea izango litzateke inguruko produktuen denda bat, sukalde batekin eta sukalde horretan prestatutako janaria ere salduko lukeena etxera eramateko. Sukalde hori ikastaroetarako, herri bazkarietarako... ere erabiliko litzateke eta etorkizunean aukera emango luke herrian dauden jantoki ezberdinei (eskolak, adinekoen egoitzak...) inguruko produktuekin prestatutako janaria eramateko. Dendaz gain, azoka iraunkor gisa funtzionatu dezaketen postuak ere izan ditzake. Horrez gain, elikaguneak kontsumo lokala suspertzeko ekintzak ere antolatuko lituzke, hala nola azokak, ikastaroak etab. Azpeitian oso ondo funtzionatzen ari da, eta ikusi da herriko dendetako kontsumoa hazteko motore gisa ere funtzionatzen duela.

6. Bidegorria penagarri dago moilatik itzurera edo ardantzabidera joateko, amaiako plazan errepidera sartu behar da eta arriskutsua da. Zerbait ezin da egin horrekin?
Marino

Lotura hori jada jasota dator gure herri programan, eta aurreproiektua eginda dago. Asmoa da arranpla aurreko zebra bidetik Amaia plazan eskelak jartzen diren poste parera eta handik Xiru dendaren aurrealderaino bidegorri zati berria eraikitzea. Horrela moilako bidegorria eta Itzurun zein Ardantzabide aldera doazenak lotuko lirateke errepidetik joan behar izan gabe.

7. Aita Mari kalea desastre dago: bidegorria, errepidea, aparkatutako kotxeak... dena nahasian. Konpontzeko asmorik?
Poligonokua

Aita Mari etorbideak berrikuspen integral bat behar du. Puntanueta-Aitamari akordioan Jaurlaritzarekin adostu dugun bezala kaleari futbol zelai aldetik irteera ematen zaionean, kale osoaren hiritartzeari (espaloiak, aparkalekuak, bidegorria...) ekingo zaio.

8. Kaixo, Bilduk planteatzen al du kanpoko garraioei herri barrura sartzea debekatzea bertakoen ongizatea eta lasaitasuna bermatzeko, horretarako aparkaleku disuasorio delakoak jarrita? Mila esker
Aitor

Gorago erantzun dut herri sarreretako bi aparkaleku berrien inguruan. Orain arte hartutako neurri guztiak norabide horretan joan dira, eta aparkaleku horiekin bide horretan sakontzeko aukera izango dugu.

9. Azken lau urteetan zumaiako egoera sozioekonomikoak okerrera egin du. Komertzioen itxierak eta herriko enpresa batzuen arazoak, alde batetik, eta etxebizitzen prezioen igoerak (alokairuan eta salmentan), bestetik, horren adibideak dira. Ulertu daiteke zuek egon edo PNV egon, gai horietan behintzat, ez dagoela ezberdintasunik? Milesker.
unai

Legealdi honetan inoiz baino diru laguntza handiagoak bideratu dira herriko merkataritza laguntzeko. Horretaz gain, Zumaian industriak etorkizuna izan dezan, Jaurlaritzarekin batera Xey eko poligonoaren birgaitzea garatu dugu. Etxebizitzari dagokionez, alokairu publikoko 180 etxebizitza eta 65 etxebizitza tasatu jasotzen dituen plan berri bat adostu dugu Jaurlaritzarekin. Gainera, alokairurako diru laguntzak zabaldu ditugu EAJren legealdiarekiko, eta hartzaileak orduko bikoitza dira orain. Bistakoa da bi ereduak ez direla berdinak.

10. Ba al daukazue asmorik parke estaliren bat egiteko?
Guraso1

Haurren kontseiluarekin batera ari gara garatzen Marianton parke estaliaren proiektua, beraiek markatu digute zer behar dauden parke horri lotuta eta laster horren araberako parke estalia izango da eremu horretan. Bestalde, beheko plazako parkearen ondoan, Torreberriko aterpearen jarraian, gune estali berria sortuko dugu.

11. Beste herrietan ikusten dugu leku esangurantsuetan indarkeriaren biktimen oroigarriak jartzen direla eta urtero oroimen ekitaldiak egiten direla. Zumaian zergaitik ez?
A. A.

Legealdi honetan bizikidetza mahaia jarri dugu martxan, eta bertan behar den denbora eta sosegua hartuz gai honetan denok adostutako pauso berriak ematen jarraitzea da asmoa. Bertan tratatuko dira horrelako ekimenak.

12. Kaixo Iñaki. Zumaiako gazte bezala, ondo dago alokairu sozialeko etxebizitzak egitea eta gaur egun etxebiden apuntatuta nago. Baina epe luzera begira, nire bizi proiektua Zumaian egin nahi badut alokairu sozialak ez dit epe luzerako proiektu bat egiten uzten. Izan ere, lan kontratu on bat sinatzean edo bizi baldintzak hobetzean, etxe hauetan egoteko baldintzak gaindituko ditut. Hau benetan uzte duzu Zumaiako gazteentzat soluzio bat dela?
Mikel

Hasteko, esan nahi nuke gure asmoa dela (eta Jaurlaritzarekin lortutako akordioan horrela jasota dago) erregimen ezberdineko etxebizitzak egitea, faseka: alokairukoak, tasatuak eta libreak. Alokairukoekin lotuta, horien hartzaileen baldintzak Jaurlaritzarekin adosteko asmoa dugu, herriaren errealitate ezberdinei erantzun diezaieten. Alokairu babestuak gazteenei (adibidez) aurrezteko aukera ematen die, merkatu libreko alokairuetara soldataren zati handi bat bideratu beharrak uzten ez duen bezala. Soluzioa ez da bat eta bakarra, eta errealitate guztiei erantzun beharko diegu.

13. OTA eta egoiliarrak jartzearen aurka zeundeten eta zoritxarrez gero eta okerro dago herria aparkatzeko. Ze asmo daukazue hurrengo 4 urtetako?
Jon

Gu ez geunden TAO eta egoiliarrak jartzearen aurka. Are gehiago, oposizioan geundela aparkalekuei buruzko proposamen bat publiko egin genuen, eta hemerotekara jotzen baduzu ikusiko duzu herriguneaz gain poligonoa ere egoiliarrentzat izatea defendatu genuela (orduko gobernuak hasiera batean herrigunera mugatu nahi baitzuen). Hurrengo lau urteetarako aparkaleku publikoekin etab. dauzkagun asmoak gorago erantzun ditut.

14. Epa. 2019 ko EH Bilduren programako prosamen haundienetako bat igerilekua haunditzea edo berria egitea zen. 4 urte pasa dira eta ez da ezer egin. Orain EAJk kiroldegiko proiektu berritzaile bat du: Igerileku berria, 2. Kantxa, Gimnasio gelak… Zuek aurreko asmo berdinarekin jarraitzen dezute?
Kiroldegi erabiltzaile bat

Horrelako proiektu bat ezin da berehala gauzatu. Legealdi honetan zehar gaia ez da geldirik egon: aurreproiektu bat eskatu genuen, eginda dago eta baita udaleko batzordeetan eta kirol klubei zuzenean aurkeztuta ere. Asmo horrekin jarraitzen dugu: legealdi honetan bigarren igerileku hori egitea eta bigarren kantxa estalirako exekuzio proiektua egitea da asmoa.

15. Amaiako plazan 5 zabor ontzi erre ziren larunbatean. Honek ze gastu du Zumaiarrontzat? Zergatik ez dago kalteen kostuen informaziorik udal gobernutik?
Jon

Kalteen kostuari dagokionez, informazioa Mankomunitateak du, edukiontziak eta horiek jasotzeko eskumena beraiena baita.

16. Aurtengo udaran itzurungo hondartzan toldoak bai edo ez?
Jiko

Ez. Iaz aipatu genuen bezala, gero eta gehiagotan iristen da marea goian itsasoa pareteraino eta gero eta leku gutxiago geratzen da Itzurunen. Iazko esperientzia positiboki baloratzen dugu.

17. Noizko alternatibaren bat ( igogailu, eskailera mekanikoak, e.a.) erribera kaletik udaletxera igotzeko?
Maria

HAPOan (Plan Orokorra) landuta dago igogailu hau: Alberdi gozotegia zegoen lekuan etxebizitza berriak egiten direnean, atzeko karkatik Rosi tindategia zegoen pareraino egingo da igogailua.

18. Kaixo. Beheko plazako estalpea egiteko duzuen diseinua ikusi det eta estalpearen kokapena ez dela egokia uste det. Estalpeak ez du ez parkea ez frotoia tapatzen. Gaztetxearen anpliazioa dela ematen du eta estalpea herritar guztientzat izan berko litzateke. Plazaren hasieran egitea askoz hobeto da, herritarrak hurbiltzeko eta denentzat izateko estalpea.
Behekotar

Zuloaga plaza -Erkibe-Beheko plaza eremu osoa era integralean aztertu da hirigintza sailean, eta proiektu bat egiten ari dira. Erkibeko lorategia eta beheko plaza lotuko dira, horma botaz. Beraien proposamena estalpea parke aldera, Torreberri aurrean, kokatzea izango litzateke. Hala eta guztiz, proposamen guztiak jasotzeko prest gaude. Dena den, helburua ez da frontoia estaltzea, ekintza ezberdinetarako (azokak, kontzertuak, herri bazkariak...) eta eguneroko jolasetarako gune estali berri bat izatea baizik.

19. Jolas parkeen inguruko ausnarketa bat egin nahiko nizuke. Programan parkeen berritzea eraman zenuten eta zer egin da?. Marianton parkearen diseinua umeei eman diozute eta nik seme alabak baditut baino parkeen gaia oso serioa da, eta nire ustez ez da umeen esku uzteko modukoa. Patxitako parkearekin berriz ez dakit diru falta medio edo aurrekoa baino exkaxagoa jarri da. Nirekin bat zatoz?
Jexux

Legealdi honetan Amaia plazako parkearen lurra aldatu da, Kantauriko parkean hautsita zegoen autobusa ordezkatu da. Pixkanaka, herrian dauden parke guztiak eguneratzeko asmoarekin jarraitzen dugu. Mariantonekoaren prozesua aurrera doa. Haurren kontseiluak parke horretan txertatu beharrekoak zerrendatu ditu, baina horren araberako proiektua horretara dedikatzen den enpresa bat ari da garatzen. Gainera, 2023rako diru partida bat sartu genuen parkeak berritzeko, eta urtean zehar berrikuntza lan gehiago izango dira.

20. Zumaiako ia kale guztiak abandonatuta eta puskatuta ikusi ditut ia legislatura Osoan, eta orain hauteskundeak datoztenean Kale guztiak hasta,z erate aSfaltatzen. Notatzen da bai hauteskundeak datoztela. Eta nire galera da zergaiti lehenago ezin ziren herriko kale guztiak konpondu? BATZUK BEHINTZAT.
Ion

Legealdi osoan aritu da Udal Brigada lanak egiten, eta brigada indartu dugunez aurreko legealdietan baino lan gehiago egin dira. Nik ez dut uste kaleak abandonatuta daudenik, auzoz auzo lan ugari egin dira (espaloiak zabaltzea, hoditeriak berritzea...). Asfaltatze kanpainari dagokionez, prozedura duela hilabete dexente hasi zen, lizitazioak, esleipenak etab. egin behar baitira obra hasi aurretik. Goizago edo beranduago egin, emaitza berdina da.

21. Zer gertatzen da zumaian etxebizitza barriekin? Nun daude? Zergaitik ez dirá azkartasun gehiagorekin egiten zarautzen egiten ari diren bezela adibidez? Zumaian dena geldirik dagoela ematen du eta abandonatuta.
Aitor

Etxebizitza promozio berriak ez dira goizetik gauera gauzatzen. Orain Zarautzen amaitzen ari direnak 2011ko legealdian hasi ziren lantzen. Torreagako promozioa martxan jartzeko lehendabiziko bilera 2015eko uztailean izan zen, eta orduan aurreikusi zituzten epeak bere horretan doazen arren oraindik lanak ez daude hasita. Promozioak aurrera eramateko beharrezkoa da lanak hasi aurretik bestelako tramite ugari garatzea, eta horien epeak luzeak izaten dira.

22. Kaixo. Galdera hau hiru hautagaioi egiten dizuet: Datorren legealdian ze jarrera izango dezute pintadekin? Ze, gaur egun, eraikin publikoetako pintadak ere ez dira kentzen…
Xanti

Legealdi honetako irizpidearekin jarraituko dugu: edonon egindako pintada iraingarriak berehala ezabatuko dira. Horiekin batera, eraikin publikoetan egindakoak ere Udalak ezabatzen ditu.

23. Zumaiako kaleetan bizi diren katuekin zer egiteko asmoa duzue? Esterilizazio, etxetxoak jarri...
Araitz

Onartu berri den legea bete beharko dugu, eta esterilizazio kanpainak bultzatu beharko ditugu.

24. Udal gobernuak, Puntanuetako lurretan alokairu sozialeko 150 etxebizitza egingo direla adierazi du Eusko Jaurlaritzaren eskutik. Jakinda alokairu sozial bat lortzeko errenta topea 25.000 eurokoa dela, hau Zumaiar guztiontzako aukera bat da? Ze, lan “normal” bat duenak erraz pasatzen du kopuru hau. Eta kontuan izanik ezin dela eskaintza zumaiarrentzat bakarrik egin, baizik eta lurralde osorako; Ez al dute zumaiarrek hauek eskuratzeko aukera gutxi izango? Ez al litzateke hobe, alokairu sozialekoak, etxebizitza babestuak eta tasatuak egitea? Helburua beti, etxebizitza hauek Zumaiarrek lortzea izanik?
Josune

Galdera hau gorago erantzun dut.

25. Erkiben elikagune bat egingo duzuela diozue. Hau Azpeitiaren kopia bat da?
Maider

Elikagunea zer den gorago erantzun dut.

26. Zer gertatzen da zumaian etxebizitza barriekin? Nun daude? Zergaitik ez dirá azkartasun gehiagorekin egiten zarautzen egiten ari diren bezela adibidez? Zumaian dena geldirik dagoela ematen du eta abandonatuta.
Aitor

Gorago erantzun dut.

27. Esan beharra dago penagarria dela Guascorreko eraikinak herriari ematen dion itxura. Eta herritarrok nazkatuta gaudela azken urteotan egoera horretan ikusteaz. Hori esan eta gero, Jaurlaritza zen jabea eta, kasualitatea ote da, ezaguna den konstruktora handi batek erosi izana, juxtu-juxtu EH Bilduren udal gobernua HAPOa berritzeko saiakeran ibili den honetan? Pentsatzen det, jabe berriak eraikina erosi aurretik alkatearekin hitz egingo zuela. HAPOAN hau onartu dezue: “hirugarren sektoreko jarduera (baita hotela ere)” Zer hitz egin duzue jabe berriarekin? Zer egingo da? Noiz? Bide batez, bai PNV bai PSEri galdera: Zein da zuen alderdien asmoa Guascorreko eraikinarentzat?
Axi

Saiatu ginen Udalaren eskuetan egon zedin, baina Jaurlaritzak eraikina eta eremua enkantera ateratzea erabaki zuen. Orain eraikuntza enpresa baten esku dago, eta HAPOan bertarako aurkeztu dizkigun proposamen guztiei ezezkoa eman diegu. Hirugarren sektorera bideratuko den eremua da (ez erabilera erresidentzialera), eta enpresa berak jada baztertua du hotelaren aukera. Beraz, industria edo zerbitzuetarako eremua izango da.

28. Kaixo Iñaki! Paolbideko aparkalekuetako arbustoak kentzeko ideiarik bai alkate irten ezkero?
Joxe

Bai, pusketa batean egin genuen froga bat, eta nahiz eta iritzi kontrajarriak egon, orokorrean gehienei gustatu zaiela iritsi zaigu. Beraz, legealdi honetan eremu osoan kenduko dira.

29. Egunon Iñaki. zer gertatzen ari da Ekiolarekin? martxa horretan nekez egingo diogu aurre aldaketa klimatikoari…
Xabi

Europako dirulaguntzak jasotzeko zain dago proiektua. Urtea amaitu aurretik lanak martxan egotea espero dugu.

30. Denentzat balio du Udaran batez ere moillatik bizikletaz, ezinda pasa beti flysch itxasontziaren zai dauden gendeak bidegorrian daudelako. Arazoaren aurrean zer egitea pentzatzen dezue? Moilatik itzurun hondartzaraiñoko bidegorri on bat noizko? Bizikletan aparkatzeko leku gehio?
I. A

Azken asteotan egin da justu pantalanaren luzapena, ilara ez dadin bidegorriraino iritsi. Kabina ere urrundu egin da. Lehengo udaran adostu genituen lan guzti horiek portu agintaritzarekin. Bestalde, gorago erantzun dut moilako bidegorria Itzurun bidearekin lotzeko dugun proiektuari dagokionean.

31. Zein da Udalaren pintadak borratzeko kriterioa? Alai auzategian pintada batzuk urteak daramatzate eta "bildu español" batzuk, hilabete azpitik ezkutatu ziren.
Joxe

Aurretik erantzun dut irizpidea zein den.

32. Kaixo Iñaki, argi ikusten da etxebizitzaren gaian EAJk eta EHBilduk ez daukazuela eredu iguala. Zein dira zuen proposamenaren abantailak? Zertan jar zaitezkete ados eta zertan ez? Eskerrikasko!
Ane

Gure proposamenak etxebizitza babestuak lehenesten ditu (gehiengoa dira), eta haiek egindakoetan berriz legeak markatutako minimoak dira babestutakoak. Bestalde, Zumaian alokairu laguntzak bikoiztu ditugu, eta etxebizitza legea adostu dugu Madrilen (EAJk aurka bozkatu du). Lege horrek aukerak emango dizkigu Udalei alokairuaren prezioen igoera mugatzeko. Atzoko elkarrizketan Joxemiri irakurri nion beti egon direla alokairuaren prezioa mugatzearen alde, baina 2021ean Legebiltzarrera proposamena eraman genuenean aurka bozkatu zuten, orain Madrilen eta Donostiako Udalean ere bai. Beraz, ez dakit oso ondo zertan jar gaitezkeen ados. Ez ditut argi beraien irizpideak zein diren.

33. Espainiako kongresuan onartu berri den "Ley de Vivienda" legearen eduki teknikoetan sartu gabe, lege honek euskal burujabetzari erasotzen dio. Zure alderdiak (EA) bere garaian autogobernuaren alde egin zuen, baina Bildu koalizioa osatzen duen alderdi nagusiak kontra. Abertzale bezala, ze iritzi duzu Espainiak euskal eskumenak diren gaietan muturra sartzeaz?
Joxe

Juanjo Alvarez Konstituzio legedian katedraduna denak publikoki esan zuen lege horrek ez duela autogobernua urratzen. Uste dut EAJk aitzakia gisa erabiltzen duela gai hori, izan ere aurretik Gasteizko Legebiltzarrean ezetza eman zion alokairuak mugatzeari. Orduan jartzen zuten aitzakia zen etxebizitza legea aldatu beharra zegoela, eta orain berriz aitzakia berriekin datoz.

34. Kaixo. Zergaitik ez da jartzen Santixo hondantzan komun publiko bat urte osorako?
Agustin

Kosta Agintaritzaren eremua da eta oraingoz uda denboraldirako bakarrik ematen digute baimena.

35. Kaixo, Iñaki, Irakurri dut gau ekitaldia egingo duzuela Ondartxon. Hasteko, oso ondo iruditzen zaidala adierazi nahi dizuet. Bestetik, erabilera publikoa duen horrelako plaza baten mantenua (konponketak, argiak...) bertako bizilagunek ordaindu behar izatea ez zait logikoa iruditzen. Hain zaila al da Udalak hartzea horren ardura eta kostua? Hori da behintzat bertako bizilagunei azaldu diutena. Herri mailako ekintzak egiten baldin badira bertan zergatik ordaindu behar dugu bertakoek? Eskerrik asko,
Ondartxo

Plazaren zoru publikoaren mantenua Udalari dagokio, baina Ondartxoko atarien elementu komunitarioak direnak konpontzea komunitate horiei dagokie (haien aseguruak egin behar luke kargu). Hori da adibidez garajeetatik irteten diren tximinien metalezko xaflen kasua, haurrek jolasten apurtu ohi dituztenak.

36. Kaixo Iñaki, duela 4 urte eta hauteskundetako alondigako solasaldian, bizikidetzan ezer gutxi egin zela aipatu zenuen, jakinda gaia ez dela erraza ze balorazio egiten duzu azken lau urte hauetan? Eta bigarrenik, 2015ko abuztuan ezinezkoa izan zen orduan oposizioan eta orain alkatetzan dagoen koaliziaoarekin Joxe mari Kortaren urteurrenean adierazpen bateratua ateratzea, baina aldiz urtebete beranduago, zure koalizio berak Azpeitian, Inácio Uriaren erahilketa arbuiatu zuen ordungo Eneko Etxeberria alkateak, ez al duzu pentsatzen horrelako pausoak direla benetan garrantzitsuak bizikidetzan aurrera egin dezagun? Eskerrik asko.
Oier

Legealdi honetan martxan ipintzen saiatu garen bizikidetzarako mahaian adostu beharreko kontuak dira, bertan adostu genuen bezala, diskrezioz eta erabilera partidistarik gabe. Konfiantza daukat mahai horrek bere bidea egingo duela eta guztiok alderdi interesen gainetik lehenetsiko ditugula bizikidetzarako aurrerapausoak.

37. Arratsalde on Iñaki, aurreko agintaldian muralak margotzeko eskubidea indarrez aldarrikatu zen, erriberako orma margotu zen baina gerora muralak baino pintadak ditugu herri guztian, galdera honakoa, juxtu turismo bulegoaren ondoan honako pintada daukagu gaur egun "Tourist go home", zure iritziz bateragarriak al dira pintada hori bere horretan uztea udalak eta zu zeu Fiturren izatea turismoa sustatzen?
Mikel

Aurretik aipatu dudan bezala, pintada iraingarriak ezabatzen ditu Udalak. Lema berberarekin Alondegian agertu zena ezabatu genuen. Zuk aipatzen duzunak ez dakit bertan jarraituko duen, baina horrela bada, ezabatua izango da.

38. Kaixo! 2019ko programan gaztetxolaren eta ludotekaren espazio arazoez hitz egiten zenuten, eta nola lekuz aldatuko zenituzten. 4 urte geroago berdin jarraitzen dute, eta zuen oraingo programan ez dituzue hauek aipatzen. Zerbait pentsatuta duzue?
gurasoa

Gaztetxola handitzeko turismo bulegoa Moilaberrira mugitu beharra dago, eta Moilaberriko proiektua 2024an gauzatuko da (lortu ditugun dirulaguntzek horrela eskatzen dutelako). 2019ko programan Erkibe proposatu genuen Ludotekarako, baina eraikinak ez ditu erabilera horretarako hirigintza baldintzak betetzen, eta horregatik aldatu dugu Erkiberekiko proposamena. Beraz, Ludotekarako bestelako kokapenak landu beharko ditugu.

39. Alkatetza lortzeko Joxemik EAJ eta Duñikek PSE bat eginez gero zer irudituko litzaizuke?
Josune

Argi daukat gehiengo osoa lortzen ez badugu hori gertatuko dela. Gustatuko litzaidake Gobernu adostasunak Zumaiarekin eta programarekin lotura izatea, eta ez alderdien aparatuek kanpotik agindutakoa.

40. Arratsalde on. Zumaia eta Getaria lotzen dituen oinezkoen bideari buruz informaziorik baduzue? eta Iraetako bidegorriaren lotura azkenean egingo al da?
Zumaiar

Albistea atera bezain pronto Kosta Agintaritzarekin kontaktuan ipini nintzen, eta Udalaren laguntza guztia eskaini nien proiektu hori aurrera eramateko. Momentuz, ez dut erantzunik jaso. Iraetako bidegorriarekin lotuta, Aldundiarekin hainbatetan bildu gara bai Zestoako alkatea eta baita ni neu ere, gauzatzeko eskatuz. Duñikek eztabaidan aipatu zuen lizitatzeko zegoela (PSOEk darama Aldundiko sail hori).

41. Ikasgunearen ordutegieko malgutasun gehiago ematea proposatzen duzute? Gazteekiko EAJ-k duen proposamen sendo bat da.
Ikaslea

Kuriosoa egin zait EAJren proposamena. Izan ere, legealdi honetan liburutegiaren eta ikasgunearen ordutegia asko zabaldu dugu EAJren legealdiarekiko: 575 ordu gehiago dago guztira irekita urtean. Beharrak eskatzen badu are gehiago zabaltzea, aztertuko genuke.

42. San Jose kaleko etxebizitzetan igogsilua jartzeko baimena eskatzen urteak daramatzate. Noizko hauen irisgarritasuna?
Maixa

Aitortzen dut nik nahi nuena baino gehiago atzeratu dela gai hau. Oztopoak izan ditugu (hainbat proiektu aldaketa egin beharra), baina proiektua onartu eta lizitatzeko prest dago. Beraz, epe motzean martxan jarriko da.

43. Kiroldegiko 2. Kantxa puntanuetakoa bukatu eta gero egingo dezutela diozue zuen programan. Puntanuetako etxe, kanpo futbol, paddel, tennis... egiteko zenbat urte izango dira? Eta beraz 2. kantxa ondoren bada zenbat urte gehiago?
Josu

Hirigintzako gaietan epeekin tentuz ibiltzea komeni da, baina gure asmoa da legealdi amaieran Puntanuetako lanak hastea. Bitartean bigarren kantxaren exekuzio proiektua aurreratuko litzateke. Kontutan izan behar da Herri Eskolako kantxa estalia erabilgarri egongo da 2023 bukaerarako, eta bestelako behin behineko neurriak aztertuko ditugu.

44. Arratsalde on, San Jose kaleko komunidade batean igogailua jartzeko proposamena egin zen duela 3 edo 4 urte. Oraindik Udaletxearen aldetik ez dugu jaso erantzunik Noizko emango duzue baimena? Zer da oztopatzen duena, bertako bizilagunek irisgarritasuna ez izateko?. Zumairrak gara baita beste guztiak bezelaxe. Eskerrik asko
Ira

Gorago erantzun dut.

45. EAko kide zara, eta barne-gatazkako bando batean zaude. Nola uste duzu eragingo dizuela barne gatazka honek Zumaian eta gainontzeko Hego Euskal Herriko herrietan?
Jon

EH Bilduren proiektua aurrera eramateko Eusko Alkartasunaren ekarpena ezinbestekoa izan da, eta horrela izango da etorkizunean ere. Zumaia adibide bikaina dela uste dut EH Bilduren aniztasuna nola landu behar den ikusteko: herrian EH Bildun denok batera funtzionatzen dugu, ez alderdika, eta giro bikaina dugu. Horretaz aparte, bide bat zabaltzen ari gara norabide argi batekin: alderdietatik gatozenoz gain, EHBilduko perfil propioa duten gero eta pertsona eta eremu zabalagoetara iristea.

46. Kaixo Iñaki, Pump Tracka egiteko asmorik? zergatik ez aspalditik eskatzen ari diren skateparka? Zorte on eta eskerrik asko
Iñigo

Pump track pista eta skate parka uztartzen duen eremu egokia erabiltzaileekin adostea da gure asmoa. Horretan ari gara.

47. Gehiengo osorik gabe lehen indarra izatea porrota izango al litzateke? Gehiengo osoa ez izatea alkatetza galtzea izango dela uste al duzu? Zein emaitza aurreikusten dituzu zuretzat eta zure arerioentzat?
Jon

Porrota hitza ez dago nire pentsamenduetan, herriak erabakitzen du eta emaitza horietatik irakaspenak ateratzea da gure lana. Lehenago aipatu dudan bezala, gehiengo osorik ezean ziurrenik ezingo dugu gobernuan egon, lehen indarra izan arren.

48. Zer goraipatuko edo azpimarratuko zenuke lau urte hauetatik?
N.A.

Ataskatuta zeuden bi gai potoloren korapiloa askatu dugula: Xey eko industrigunea eta Puntanuetako eremua.

49. Arratsaldeon, ez zaizu iruditzen udara honetarako kanpoko ibilgailuei herrira sartzea debekatu beharko zitzaiela? Barkuarekin edo oinez 5-10 minutuan erdigunean daude eta bertakoak lasaiago egongo gara. Herritarrei begira egiten duzue lan ezta? Edo xoxak bakarrik balio du?
Biztanle1

Aurretik beste erantzun batzuetan aipatu dut horretarako lehenago zer pauso eman behar diren.

50. Egoilarrentzako aparkalekuak mantenduko al dituzue? Bertakoek turismoarekiko babes-neurriak behar ditugu.
Jon

Bai, urtero TAOren jarraipen mahaia biltzen da. Duela bi udara Julio Beobide egoiliarrentzat ipini genuen eta ordutik bertakoen aparkatzeko arazoak konpondu direla uste dut. Jarraipen mahai horrek (herritarrek ere parte hartzen dute mahai horretan) erakutsiko digu hartu beharreko norabidea.

51. Zure ustez legealdi honetan martxan jarritako proiektu guztietatik, zein izan da Feed-Back hoberena jaso duena?
Herritar bat

Komentuarena dela esango nuke.

52. Zumaiako udaletxeam lan egiteko, beste udaletxeetan bezela egiten al dira oposaketak ?
Maixa

Bai noski.

53. Zumaiko bi haurrekolak Eskola Txikia eta Arrangoleta , Aita Mari eraikinean bateratzeko proiektoa irmoa da? Hau da atzera bota ezina? Noizko aurreikusten duzue burutuko dela? Eskerrikasko
Roberto Fuentes snchez

Irmoa da, eta 2023an proiektuaren idazketa amaituko da. Hezkuntza Saila ere sartzen da lan horietan eta epeak beraiekin adostu beharrekoak dira.

54. Kaixo Alde zaharreko kale guztiak, garbi egoteko oraingo antolaketakin ez da betetzen. Badaudelako garbitzeko makinak ezin dutela toki guztietara heldu. Plangintza berria egiteko asmorik bai? Mila esker
Xiri

Kale Garbiketako kontratu berriaren lizitazioa urte amaierarako ateratzea da gure asmoa. Pleguetan aurreikusi beharko ditugu zuk aipatutako egoerak.

55. Nola dago Talaipe pareko igerileku naturalaren gaia?
Iker

Partaidetzako aurrekontuetan 2023rako diru partida bat bideratu zen legalki nola egin daitekeen aztertzeko. Konpetentzia ezberdinak sartzen baitira tartean (Kosta Agintaritza, Portu Agintaritza, Udala...). Horrek erakutsiko digu hurrengo pausuak zeintzuk izan daitezkeen. Gustatuko litzaiguke proiektu hau garatu ahal izatea.

56. Zein da zuen plana ekintzailetasuna bultzatzeko? Ba al dago planik? Zumaiak badu potentziala bai, baina baliabide eta laguntzik ez.
Anonimoa

Legealdi honetan abiatu dugun Koopfabrika prozesuarekin jarraitzeko asmoa dugu. Bertan, formakuntza eta bidelaguntza ematen zaie autoenplegurako edo ekonomia sozialerako asmo bat duten zumaiarrei. Alberga elkartea ere sortu dute horietako hainbatek, eta Erkibe eraikinaren goiko solairuetan Elkarlan edo Coworking zentro bat jartzea da gure asmoa, horretan laguntzeko. Bitartean, Hogarrean egokituta duakzagu bulego batzuk.

Agurra

Gaurkoa aprobetxatu nahi nuke gazteei botoa ematera joateko animatzeko: gauzak ez dira botoarekin bakarrik aldatzen baina gazteen egoera hobetzeko eta atzerapausorik ez egoteko botoa ematea ere beharrezkoa da. Instituzioetatik ere gazteen etorkizuneko baldintzak hobetu ditzakegu, eta gure esku dagoen guztia egingo dugu horretarako. Mila esker eta animo, bihar ostirala da-eta!