Duñike Agirrezabalaga

Erredakzioa 2023ko mai. 23a, 17:02
Duñike Agirrezabalaga

Datorren maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan, Zumaiako PSE-EEren alkategaia da Duñike Agirrezabalaga.

1. EH Bilduren alkatetzak akordioa lortu du Jaurlaritzan zuen alderdiak daraman etxebizitza sailarekin, Puntanuetan eta Aita Marin etxebizitza babestuak eraikitzeko. Zumaiako EAJk gogor egin du Aita Mariko etxebizitza babestuen aurka. Bestalde, Madrilen ere PSOE eta EH Bilduk etxebizitza legea adostu duzue, Zumaian inplikazio berezia izan dezakeena alokairuen prezioei topea jartzeko aukera eman dezakeelako. EAJ lege berriaren aurka agertu da eta aurkako botoa eman dio. Horiek horrela, eta gehiengo absoluturik ez dagoen kasuetan Zumaian alkatetza PSEEren botoak erabaki ohi duenez: zer lehenetsiko duzue, EAJrekin nazional mailan daukazuen akordioa eta Joxemi alkate egin etxebizitzaren gaian zuen planteamentuaren aurka egingo duela jakinda edo zumaiarekin eta programarekin lotuta dituzuen antzekotasunak lehenetsiz Ostolaza alkate egin zure alderdiak nazional mailan esango dizunaren gainetik?
Iker

Lehenik eta behin Zumaian ez da ohikoa PSE-EEren botoak alkatetza jeltzaileari ematea, azkeneko legealdietan gertatu denari begirada bat ematea besterik ez dago. Igande gauean ezagutuko ditugu emaitzak, ha uda, zumaiarren iritzia zein den. Gure asmoa proiektuak lantzea da eta ahal ditugun akordiorik zabalenak lortu politika egonkorrak eta adostuak egiteko. Etxebizitzei buruz dagokionez guk babestuko ditugu mahai gainean dagoeneko dauden proiektu guztiak ahalik eta azkarrago aurrera eramateko, gai honek lehentasun nabarmena duelako Zumaian, eta noski Eusko Jaurlaritzaren sailarekin hitzarmena sinatzeko prest, zumaiarrei gehien komeni zaien proposamenekin. Babestutako etxebizitzak beharrezkoak dira eta gure ustez hau da bide egokia.

2. Zuen esku geratzen bada alkatetza PNVk edo EHBilduk izatea, zer egingo duzue? Irabazleari utzi? PNV nahiago? Edo EHBildu nahiago?
Ander

Galdera honi erantzuteko igandeko emaitzak ezagutu behar ditugu, Zumaiko benetako argazkia zein den ezagutu behar dugu. Alkatetzan baino, gu proiektuetan zentratuko gara. Galdetu beharko genieke ere haiei ea prest dauden nirekin, hau da PSE-EErekin, akordioetara iristeko prest dauden.

3. Aupa Duñike! Demagun EAJ eta Bilduren artean enpate bat dagoela eta zure gain geratzen dela gobernuaren giltza. Ze alderdiri emango zenion alkatetza? Erabakita dago dagoeneko? Milesker.
Inaxita

emaitzak zeintzuk diren jakin gabe ezin dira erabakiak hartu

4. Euskararen kontrako oldarraldi judizial betean gaude, eta, testuinguru horretan, PSE-EEk administrazioan euskara eskakizunak apaltzearen alde egin du. Horren aldekoa zara zu ere? Zumaian ere bai? Eta egiturazko zer neurri proposatzen duzu euskararen erabileran izaten ari den beherakadari aurre egiteko?
Julen

Alderdi sozialistak beti babestu ditu euskararen aldeko legeak bai erkidego mailan baita Zumaian proposatu diren euskarazko plan guztiak ere.

5. Kaixo Duñike, historikoki PSEk Zumaian zinegotzi bat atera du. Hala izanda, eta beste bi alderdiek bakoitzak 8 zinegotzi lortuko balituzkete zuek izango duzue alkatetzaren giltza. Hala balitz, erabakia Zumaiatik hartuko duzue herriarentzat onena zer den kontuan hartuta, ala PSEren zuzendaritza nagusiak erabakiko du estrategia politiko global batean oinarrituta?
Josu

Akordioei buruzko nire ikuspuntua zein den azaldu dut dagoeneko egindako beste galderetan.

6. Zein da zuen plana ekintzailetasuna bultzatzeko? Ba al dago planik? Zumaiak badu potentziala bai, baina baliabide eta laguntzik ez.
Anonimoa

Gure asmoa herriko enpresa, ikastetxe, Urola Kostako Mankomunidadea eta bestelako erakundeekin lana egitea da, Zumaiko ekintzaileei bultzada eta laguntzak emateko, proiektu interesgarriak sustatzeko eta hauek Zumaian bertan garatzeko baliabideak eman.

7. Kaixo Duñike. Azken 4 urteetan gehiengo absolutua eduki du udal gobernuak eta botore honek batere ez arriskatzea ekarri dio Zumaiari. Hau da, denbora galdu da Zumaiak aurrera pausoak egiteko. Zuk edukiko bazenu botu erabakigarria udal gobernuan, zer egingo zenuke udal gobernua espabilatzeko?
Maikel

Nire lan egiteko moduarekin espabilatuta ibili beharko dira, eta berdin zait gobernuan edo oposizioan egon, berdin berdin ekingo diodalako nire lana egiteari.

8. Azken hilabetean behin eta berriz ikusi dugu Iñaki hitzarmenak ziñatzen eta azken orduko lanen berri ematen. Badirudi hauteskunde garaian bakarrik egiten dela lana… Zer iruditzen zaizu?
Maikel

Zumaiarrek badakite legealdi osoan ze lan gutxi egin den, baina bukaeran bada ere ondo dago zeozer egitea.

9. Kaixo Duñike, Zumaian turismo masiboari aurre egiteko zer planteatzen du zure partiduak? Eskerrikasko.
Maitane I.

Turismo masiboaren momentuak oso puntualak direla uste dugu, begiratu gaur adibidez zenbateko turismoa dagoen gure kaleetan. Guretzat turismoa aukera bat da gure ostalariei eta saltzaileei poz pixkat emateko, baina noski arautzearen alde gaude, une honetan hau guzti hau arautzen ari da Zumaiako Udala, eta aparkalekuak ere sortu behar ditugu turistentzat. Oreka bat bilatu behar dugu herriko biztanleen eta bisitarien artean.
Ezin dugu ahaztu ere Zumaia oso erakargarria dela inguruko herrietako jendearentzat eta askok bigarren etxebizitza bat erosten dutela hemen udara pasatzeko, horregatik bultzatu behar ditugu bertakoentzat babestutako etxebizitzak, baita alokairuan ere.

10. Kaixo. Galdera hau hiru hautagaioi egiten dizuet: Datorren legealdian ze jarrera izango dezute pintadekin? Ze, gaur egun, eraikin publikoetako pintadak ere ez dira kentzen…
Xanti

Legea denontzat berdina izan beharko litzateke eta eraikin publikoetan ezin dira egon baimenik gabeko pintadak. Kaleak eta espazio publikoak guztionak dira eta onartu behar da gizartea anitza dela eta errespetua nagusitu behar dela. Protestak egiteko aukerak, espazioak eta moduak denentzat berdinak izan behar dira eta Zumaiako Udalak proposatu beharko lituzke gune horiek.

11. Udal gobernuak, Puntanuetako lurretan alokairu sozialeko 150 etxebizitza egingo direla adierazi du Eusko Jaurlaritzaren eskutik. Jakinda alokairu sozial bat lortzeko errenta topea 25.000 eurokoa dela, hau Zumaiar guztiontzako aukera bat da? Ze, lan “normal” bat duenak erraz pasatzen du kopuru hau. Eta kontuan izanik ezin dela eskaintza zumaiarrentzat bakarrik egin, baizik eta lurralde osorako; Ez al dute zumaiarrek hauek eskuratzeko aukera gutxi izango? Ez al litzateke hobe, alokairu sozialekoak, etxebizitza babestuak eta tasatuak egitea? Helburua beti, etxebizitza hauek Zumaiarrek lortzea izanik?
Josune

Mota guztietako etxebizitzak behar ditugu, zumaiar asko daude inguruko herrietan bizitzen eta egoera honi frenoa jartzea gustatuko litzaiguke. Datu guztiak mahai gainean ditugunean jakingo dugu zeintzuk diren behar zehatzak. Une honetan epeak kezkatzen naute, oso modu makalean kudeatu delako orain arte.

12. Esan beharra dago penagarria dela Guascorreko eraikinak herriari ematen dion itxura. Eta herritarrok nazkatuta gaudela azken urteotan egoera horretan ikusteaz. Hori esan eta gero, Jaurlaritza zen jabea eta, kasualitatea ote da, ezaguna den konstruktora handi batek erosi izana, juxtu-juxtu EH Bilduren udal gobernua HAPOa berritzeko saiakeran ibili den honetan? Pentsatzen det, jabe berriak eraikina erosi aurretik alkatearekin hitz egingo zuela. HAPOAN hau onartu dezue: “hirugarren sektoreko jarduera (baita hotela ere)” Zer hitz egin duzue jabe berriarekin? Zer egingo da? Noiz? Bide batez, bai PNV bai PSEri galdera: Zein da zuen alderdien asmoa Guascorreko eraikinarentzat?
Axi

Gu Guascorreko eraikin zaharra botatzearen alde gaude. Alkategaien artean izandako solasaldian enteratu nintzen oraingo alkateak esanda jabe berria Altuna eta Uria dela, hortik aurrera beraien artean egondako elkarrizketa zein akordioei buruz ez dakit ezer.

13. Zer iruditu zaizu EAJk izandako erreakzioa etxebizitza babestuekin Udalak Jaurlaritzarekin lortutako akordioaren aurrean? Espero zenuen?
Mari

Kanpaina garaian esaten diren gauzak hauteskundeak eta gero ea mantentzen diren ikusiko ditugu. Etxebizitza lege berriak ez du alderdi jeltzalearen babesa izan.

14. Nola baloratzen duzu Zumaiako Udalak eta zumaiarrek pandemiari eman zioten erantzuna?
Covid

Egoeraren larritasuna zein zen kontutan hartuta eta ingurukoek zer egin duten ikusita kudeaketa nahiko normala iruditu zait, ez zen egoera erraza izan inorentzat.

Agurra

Eskerrik asko guztioi zuen galderengatik eta igandean bozkatzera joatea animatzen zaituztet. Badakizue, denon artean eraikitako herri anitza nahi baduzue emaidazue zuen konfidantza aurrera egiteko.