Patricia Camacho: "Bada ordua emakume bat berriro alkate izateko"

Baleike 2019ko mai. 19a, 18:00
Patricia Camacho: "Bada ordua emakume bat berriro alkate izateko"

Alkatetzarako lau hautagaiak izango ditugu astelehenetik ostegunera baleike.eus-en zuen galderak erantzuteko prest. Uzin Zumaiako alkategai Patricia Camacho izango da lehena, astelehenean, 18:00etatik aurrera. Jadanik zabalik dago galderak bidaltzeko aukera.

1. Zumaiarrak aurrena esaten dezu behin eta berriz Baleikeko elkarrizketan. Trumpen America first eta Voxen los españoles primero gogoratzen dit. Horiek al dira zuen referenteak?
Jone

Ez, guk ez dugu hori esaten. Guk diogu lehentasuna eman behar diogula Zumaian bizi den edo lan egiten duen jendeari.

2. Eta aurrekoakin lotuta, zuentzat zein dira zumaiarrak, Zumaian bizi garenak, Zumaian jaiotakoak?
Jone

Zumaian bizi edo lan egiten duen jendea. Ez derrigorrez Zumaian jaiotakoak. Ez dugu konnotazio xenofoborik.

3. Zenbat botu espero dituzue gutxigorabehera?
Iñigo San Martin

Gutxienez bi zinegotzi lortu nahi ditugu.

4. Uzin edo hobeto esanda Ucin,estatu mailakoa denez,eta ikusirik beste autónomo batzuetan Castilla la manchan adibidez Vox ekin doa...horrek zehozer esan nahi du.Zumaiako uzin non kokatzen da??? ezkerresn ez behintzat....orduan non?? Zer eskeini nahi dio herriari???
Koldo

Gu erabat independienteak gara beste erkidegoekin alderatuta. Herriarentzat lan egin nahi dugu.

5. Ia ezagutzen ez den eta lehenengo aldiz Zumaian aurkezten den alderdi politiko bat izanda ... ¿ez zaizu arraroa iruditzen zeuen ezagutzeko modua aurkeztu dituzuen bi bideo izatea?
Maixabel

Arraroa zergatik? Bakoitzak nahi duen modua erabiltzen du ezagutzera emateko. Ez dugu egin nahi beste alderdiek egiten duten gauza bera.

6. Zergatik bota zuen PNVk Jon Iraola?
Aran

Ni ez naiz Jon Iraola. Berekin hitz egin.

7. Alderdi bozkatuenari emango diozue alkatetzarako babesa?
AryaStark

Bai, boto gehien duen alderdia edozein dela ere.

8. Zumaian adin tarte desberdinetako umeentzako azpiegiturak eta zerbitzuak daude: ludoteka, gaztetxola... Baina bada hutsune nabarmen bat: 0-6 urte bitarteko umeak eta familiak biltzeko gune bat. Zein proposamen daukazue arazo honi aurre egiteko?
Nerea

Udaletxera heltzen garenean hitz egingo dugu arduradunekin. Gaur egun proposamen zehatzik ez dugu.

9. Zenbat biztanle ditu Zumaiak?
Zumaia bat

10,044, nik dakidala.

10. Zer-nolako hizkuntza politika planteatzen du zure alderdiak Zumaiarentzat?
Ahobixi

Gaur egun dagoena. Euskararen alde gaude.

11. Zein dira zuen programako hiru proposamen inportanteenak? Ez ditugu zuen ideak ezagutzen.
Jon Snow

Zumaiar denen ongizaterako neurriak ezartzea, kiroldegi berri eta moderno bat eraikitzea, eta Biharko Zumaiara Boga plan estrategikoa burutzea. Parte-hartze eta gardentasun ordenantza berriak ezartzea, hileko errenta 1.080 eurora iristeko neurriak hartzea; Turismo Plana garatzea, eta Geoparkeko aforoa mugatzea.

12. Egunon Patricia, nire galdera da, Zu zihur zaude prestatuta egongo zeaz Alkatea izateko? Ze preparazioa daukazu Alkatea izateko? Badakizu gogoakin bakarrik ezin dala. Milla esker ta sorte on.
Luis Aizpurua

Bada ordua emakume bat berriro alkate izateko. Nik uste dut prestatuta nagoela, eta taldean udal kudeaketan esperientzia duen jendea dugu.

13. Arratsalde on, zuen programan ikusi dut gazteek etxebitza bat izateko eskubidea landuko duzuela. Nola egingo duzue hori gazteak ez badaukagu lanik? Eskerrik asko.
Elene

Jarduera ekonomikoa bultzatuko dugu arlo publikoaren eta pribatuaren kolaborazioarekin. Gaur egun erabilerarik ez duten eraikinei erabilpena emango diogu.

14. Kaixo Patricia, Aurrekoan irakurri nuenez Uzinen proposamenetako bat lan eskaintzetan zumaiarrek lehentasuna izango lukete. Ba al dakizue legezko eragozpenak daudela horretarako eta asmo hori bertan behera gera daitekela legez kontrakoa delako? Zumaiarren langabezia gutxitzeko proposamen konkreturik ba al duzue zuen programan?
Iz

Inoiz ez dugu esan zumaiarrentzat bakarrik izango denik. Zumaian bizi bagara eta jarduerak Zumaian sortzen baditugu, hori zumaiarren onerako izango da. Langabezia jaisteko, berriz, jarduera ekonomikoa sustatzea bultzatuko dugu.

15. Kaixo, oraingo kiroldegia zaharkitua eta txikia dagoelako bota eta berria egitea proposatzen duzue, ez al da egokiagoa dagoena mantendu eta hobetzea edo zabaltzea, kontuan izanda jada inbertsioak egin direla eta diru publikoa ahal den egokien erabili beharko litzatekeela? Bestalde, udal ekipamendu batzuk saltzeko asmoa duzuela aipatzen duzu, hortik dirua atera eta kiroldegi berria egiteko, zehazki ze ekipamendu eta ze erosle posible dituzue buruan?
Mieltxo

Kiroldegi berri bat egitearen alde gaude. Garestiago aterako litzateke dagoena berritzea kiroldegi berri bat egitea baino.

16. Zuetako asko PNVtik zatozte, zergatik utzi diozue PNVn konfiantza izateari? PNVren botanteei azalpenak zor zaizkie zer pasatu dan.
JOSEBA

EAJ-PNVri egin beharko zenioke galdera hori. Agian Batzar Orokorretarako EAJ-PNVri emango diot botoa...

17. Baserrian jaiotako naiz,naiz eta orain ez bizi bertan. San Telmoetan bideo bat ikusi nuen zuen kanpaiña promozionatzeko. Mindu egin ninduen zuen jarrerak. Basarretarrei parre egitea iruditu zitzaidan. Zer dela eta bideo hori?
Mª Jesus

Lehenbizi sentitzen dugu minduta sentitu bazara. Baina bideoa ez zen baserritarrei buruz, txikiteroiei buruz baizik.

18. Erabakitzeko eskubidearen alde al zaudete?
Ned Stark

Parte hartzearen alde gaude. Herritarren parte hartzea bermatuko duen ordenantza bat egingo dugu udalera heltzen garenean. Beraz, jendeak erabakitzeko eskubidea izatearen alde gaude.

19. Bi zinegotzi lortzeko asmoa badaukazue, ez duzue gehiengoa izango. Norekin juntatuko zarete? PNV, BILDU EDO PSOE?
Maite

Ez dugu inorekin bat egingo. Orain arteko gatazka desblokeatzeko gaude. Nekatuta gaude Zumaian dagoen bipartidismoarekin.

20. Arratsalde on. Etxebizitza arloan herriak duen arazoari zein irtenbide ematea proposatzen duzue?
Felipe

Alokairu beka zabaltzera goaz, aldameneko herri askotan egin duten bezala, beste gizarte sektore batzuetara heltzeko, eta ez gazteengana bakarrik.

21. Herriko auzoetarako (Oikia, Artadi, Narruondo...) proposamen zehatzik badezue?
Txan

Parte hartze ordenantzaren baitan, alkatearen atea beti zabalik egongo da, auzoetako bizilagunen eskakizun zehatza eta iradokizunak jasotzeko.

22. Zer egingo duzu Erribera kalean behin eta berriro margotu eta ezabatzen den paretarekin? Debekatu? Baimendu?
Axier Esnal

Alde guztiekin hitz egingo dugu, orain arte ez delako egin. Akordio batetara helduko gara, seguru.

23. Zer deritzozu kirol patronatuaren funtzionamenduaz? Bere bete beharrak betetzen ditu?
Badiola

Bere betebeharrak egiten ditu, baina asko hobetu daiteke.

24. Zein proposamen dituzue turismo masibo hau erregulatzeko? (Asmorik baduzue)
Gorka

Geoparkeko sarrera mugatu behar zela esan zuen lehenak izan ginen, beti ere Aldundiarekin eta beste herriekin adostasun batera helduta. Ikusi dugu beste alderdi batzuk ere gauza bera esaten ari direla, eta horrek pozten gaitu.

25. Zer iruditu zaizue Bilduk konbenturako proposatu duena (musika, dantza eta antzerki eskola berriak bertan jartzea)?
Sam Boltom

Proposamena ez dago gaizki, baina dirutza bat kostatuko da. Gure helburua da politika publiko-pribatu bidez jarduera ekonomikoa bultzatea. Eraikin publikoetarako politika bera erabiliko dugu, eta konbentua bezala beste eraikin gehiago ere badaude. EAJk ez du ezertxo ere egin konbentuarekin lau urte hauetan, eta, gainera, beste bi eraikin gehiago sartu dizkigu poltsan, hirurak goitik behera eraberritu beharko direnak.

26. Turismoa eta etxebizitza turistikoen haskundea kontrolatzeko ze neurri hartu behar dituzue?
Zumai

Etxebizitza turistikoak arautu behar dira, bai edo bai.

Agurra

Eskerrik asko denori zuen galderengatik. Espero dugu igande honetan gugan zuen konfiantza jarriko duzuela. Hurren arte eta kalean elkar ikusiko gara. Ondo izan!