Oier Kortaren elkarrizketa digitala osorik

Oier Kortaren elkarrizketa digitala osorik

Lau ordu pasa egin ditu Oier Kortak herritarren galderak erantzuten, 52 guztira. Beste mordoxka gelditu dira erantzun gabe, ez elkarrizketatuaren gogo faltagatik, denboran asko luzatu garelako. Eskerrik asko galderak egin dituzuen guztioi. Seguru izango direla aukera gehiago etorkizunean denon artean horrelako elkarrizketa gehiago egiteko. Hemen irakur dezakezue elkarrizketa digitala osorik.   

1. Egunon Oier, Euskadi Irratian Gipuzkoako Ahaldun Nagusia izateko hautagai guztiek parte hartu zuten atzoko egunez. "Errauskailua egin ala ez" herritarreri galdetzeko prest ote dauden galdetu zien moderatzaileak. PSEk, Podemos-ek eta EHBilduk herritarrei galdeketa egiteko prest azaldu ziren. EAJk, aldiz, erantzun zuen hauteskunde hauek errauskailuaren eta hondakinen inguruko erreferendumtzat hartu behar direla. Hau da, EAJren programan errauskailua egingo duela jarrita duenez, bozka emango dionak horren alde egingo du. Atzoko Zumaiako debatean Alex Olideni "eredu bat inposatzea" eragotzi zenion, nahiz eta orain 4 urteko hauteskundeetan EHBilduk hondakinen inguruko eredua bere programan jarrita bazuen ere. Beraz, galdera da. Zer da inposaketa zure usterako? EAJ garaile izanez gero errauskailua "inposatuko" duzue? Hala balitz, Zumaian errauskailua jartzeko prest zaude? Mila esker!
Axier Lopez

Gure programako ardatz nagusietako bat herri konsultak egiteko aukera ahalbidetuko duen ordenantza bat martxan jartzea da. Tresna horrek edozein gai konsultatzeko aukera emango lioke herriari, beti ere gutxieneko sinadura kopuru bat, eta gutxieneko partaidetza bat bermatuz.

2. Bai EH Bildu bai EAJren programetan formakuntzaren beharra aipatzen da...zein ikasketa dituzu?
Unai Gonzalez

Zumaiako Ikastolan ikasi nuen eta ondoren Elgoibarko IMHn Mekanika arloko Lanbide Heziketa.

3. Kaixo Oier. Duela hilabete batzuk udal brigadaren lana (edo lanik eza) kritikatuz EAJren eskuorri bat iritsi zen herri osoko buzoietara. Debatean ere gastu korrientea gutxitzeaz aritu zinen. EAJk gobernatzen badu brigadan sortu diren lanpostu berriak kendu eta hiru langile kalera joango dira?
Herritarra

8 urtean aldaketa haundiak egon dira ezker abertzalearen udal kudeaketan. Ezker abertzaleak politika egiteko orduan enplegu publikoa handitzean datza, guk kudeaketa zorrotz eta eraginkor baten aldekoak gara, beti ere herritarren hainbat zergen bitartez dohitzen den udaletxearen aurrekontuen kudeaketa ahalik eta zehatzena eramanaz.
Udalera iristen bagara zerbitzuen optimizazioaren aldeko apustua egingo dugu, norberak bere etxean egiten duen bezala, eta brigadaren kasua ere beste arlo guztiekin batera aztertuko dugu.

4. Zumaiako herriak dituen beharren artean, bat eta zehatza nabarmendu, mesedez, zure ustez lehentasun handiena duena eta alkate izanez gero, horretan eragiteko ahalmena izango duzuna. Aldez aurretik eskerrik asko.
Esteban Umerez

Gizarte zerbitzu indartsu batzuk izatea eta udal kudeaketari dagokiona, bigarrengoz.

5. Zumaiako udalean 13 zinegotzi daude. Demagun EH Bilduk 6 dituela (indar bozkatuena izanda), EAJk beste 6 (bigarren izanda bozka kopuruan) eta PSOEk 1 (hirugarren izanda bozka kopuruan). PSOErekin akordioa egingo zenuke Udal Gobernua eskuratzeko, EH Bildu indar bozkatuena izan arren?
Kresala

Bai, ezin dugu ahaztu herri honetan duela bi hauteskunde, egungo alkate den Iñaki Arrizabalagak alkatetza lortu zuela bi zinegotzirekin.

6. Zer iritzi duzu Fracking-az?
Unai Gonzalez

Ez dut informazio nahikoa iritzi bat emateko gai honi buruz. Dena dela, Zumaiako udal kudeaketarako ez dut uste ezinbestekoa denik gai honetan aditua izatea.

7. Atzoko debatean esan zenituen proiektu guzti horiek (bulebarizazioa, estalpea, eraikin publikoak, etxebizitzak....) nondik atera behar dezu aurrekontua?
Zumaiarra

Planifikazio zorrotz eta ordenatu batekin, eta proiektuen lehentasunak aztertuaz.

8. atzoko debatean Euskararen aurrean EAJaren irizpidea garbi asko geratu zen, ez ordea Hezkuntza irizpideak? zein dira EAJren hizkuntza irizpideak?? Zer hezkuntza ereduren alde egingo dezute, kontuan izanik gutxienez lehenengo 5 hautagaietatik 4 eskola pribatuan dituzuela zuen seme-alabak, zein da zuen eredua?
Zumaiarra

Herrian hezkuntzan jarduten duten ikastetxe, publiko edo pribatu eta elkarte orori babesa eman, aurre "etiketa" guztiak alde batera utzita... Ez da ahaztu behar ikastetxe kontzertatuetan administrazioari kostatzen zaion ikasle bakoitzeko gastua publikoan baino txikiagoa dela, eta hau dela eta herritar orori dirua aurrezten diotela.

9. Atzoko debatean, ehiztarien alde agertu zinen, eta adierazi zenuen San MIgelen ehiza legeztatzearen alde izango zinatekeela. Ehiztariak aldiz, beren eskakizunean San Migeleko eta Talaimendiko postuak eskatu zituzten, eta zuk Talaimendikoak ez zenituen aitatu. Zergaitik? - Nahiago ahaztu zitzaizun - Kontzienteki ez zenuen erantzun, urbiletik ikutzen dizulako Talaimendiko eremuak edo - Talaimendi legeztatzearen alde ez zaudelako ez zenuen erantzun??
zUMAIARRA

Debatean esandakoa berresten dut. Segurtasun neurriak betetzen badira, ez garela gu izango ehiztarien aurka agertuko direnak.

10. Zer turismo mota / eredu nahi du EAJak zumaiarentzat? Atzoko debatean ez zitzaidan batere garbi geratu, ez zenuen ezer konkretorik erantzun
Zumaiarra

Parte hartzen duten eragile guztien artean eta herritarren iritzia kontutan hartuta plan integralaren barruan tratatu beharreko gaia izango litzake hau, eta ez alderdi bakar batek erabakitakoa.

11. Irabazi ezkero UEMAn jarraitzeko asmoa al duzue?
Algorri

Ez dugu argi ze onura dakarzkion herriari UEMAko kide izateak, beraz jarraitzea edo ez aztertu beharko dugu.

12. Udaleko barne funtzionamenduan bi hizkuntzetan ala soilik euskaraz funtzionatzeko asmoa duzu? Zinegotzi guztiek bilerak, aktak,... bi hizkuntzetan eskatzeko ala euskara hutsean lan egiteko asmoa duzu?
Erribera

Udaleko barne funtzionamenduan Euskara lehenesteko asmoa dugu, gure taldean behintzat, denok euskaldunak baikara. Kanpora begira, behar eta ahal den hizkuntza guztietan funtzionatzeko asmoa dugu, herritarren beharrak asetzeko.

13. Imaginatu familia batek ezin duela hipoteka ordaindu eta etxetik bota behar diotela, zer egingo zenuke?
Telmo Ostolaza

Irtenbidea aurkitu, lehenbailen.

14. Europako Ingurumen Bulegoko Hondakin Politikaren arduradunak eta beste hainbatek gipuzkoako zaborren kudeaketa eta lorturiko emaitzak goraipatzen eta eredutzat jartzen dituztela, eta errauste plantak zaharkituak eta nahi den helbururako bidean atzerapausua direla jakinik, zer iritzi duzu EAJ-PNVk duen jarrera honen inguruan, errauste planta erraldoien inguruan?
Joseba koldo

Albiste asko iristen dira Europatik, eta gustoko direnei bakarrik heltzera ohituak gaude. "Errauste planta zaharkituak" "errrauskailuaren mamua" "errauskailu erraldoiak", gaia estigmatizatzeko erabiliak, Europan naturaltasunez eta gizarteak onartzen dituen azpiegiturak dira. Munduko hirugarren hiri bisitatuenak, Parisek alegia, hiru errauskailu planta ditu.

15. Arte eszenikoen zentru bat egiteko asmoa duzuela irakurri dut baleiken. Nondik lortuko zenukete horrrek suposatzen duen inbertsio handia eta zer gertatuko litzateke musika eskolak eskeintzen dituen dantza ikastaroekin, jakinda musika eskolak eskeini behar duen zerbitzua dela?
Joxeantonio Arregui

Arte eszenikoei bultzada emateko asmoa daukagu, dantza eta antzerki talde desberdinekin izandako bileren ondorioz balioan jartzea gustatuko litzaiguke, eraikin publiko asko ditugu ekimen guztietarako azterketa sakon bat planteatzen dugu.

16. Nun egin behar duzue aipatu zenuen industri gune berria?
Jon Iñaki

Egun ditugun hiru industri guneak aztertu behar dira lehenik eta behin, gaur egun okupazio maila. Inguruko industriguneen egoera ikusi, eta behar bat izanez gero, Zumaiak dituen zoru limitazioak kontuan izanik gure esku dagoena egingo dugu. Debatean etzen nire asmoa beste industri gunerik eraikiko genuela adieraztea.

17. Zer sentituko duzu alkate suertatzen bazara bilduk aurrera eramandako frontoi berriaren inagurazioan?
Maria Eugeni

Poza, beste edozein zumaiarrek bezala.

18. Bere garaian atez atekoaren aurkako plataformako buru zinela akordio bat sinatu zenuen hondakin sistemaren inguruan, zer dela eta egin nahi duzu atzera? Eta zergaitik ez zenuke nahi zumaiak beste herri batzuk baino gehiago birziklatzea, hori positibotzat jotzen badu eaj-pnvk?
aurtentxi

Ez det egin atzera, sinatu genuen akordioaren ardatza sistema konkretu bat zen eta Bilduko udal gobernuak bideragarria ez dela sinatutakoa onartu eta jakinarazi zigun. Beraz sinatutakoa bete ezin daitekeen akordioa gertatu da, berriz ere guztiok abiapuntura itzuliz. Hauteskundeak ditugu igande honetan, Zumaiarrak aukera ditzatela beren ordezkariak, eta gu udalera iritsiz gero, gure programarekin bat egiten ez duten eragileek beste sistema bat prosatu ezkero, gure programak herri kontsulta bermatzen du edozein gai erabakitzeko.

Gure helburua ahalik eta gehien gaika jasotzea da, 100%era iritsi arte. Baina lortu beharreko portzertaietan inposiziorik ez dugu onartzen.

19. Herritarren parte-hartzea eta herritarrei entzutea darabiltzazu ahotan behin eta berriz. Zumaian hondakinak zirela-eta atez ateko sistema "inposatzearen" aurka agertu zinenean eta Udalak "herritarrei entzun ziezaiela" eskatu zenuenean, Zumaiako zenbait eragileren artean hondakinen mahaia sortu eta han adostutakoa onartzea hitzeman zuen Udalak. Luze jo zuen ados jartzeko prozesuak, baina halako batean iritsi zineten irtenbide batera. Ez da inoren gustukoa erabat, hori garbi dago: batzuentzat gehiegi eta besteentzat gutxiegi da. Baina tarteko irtenbide bat da, eta han zineten guztiok adostutakoa. Zu zeu barne. Baleikek antolatutako debatean hondakinei buruz esan zenituenak benetan zur eta lur utzi ninduten. Hauteskundeak EAJk irabazten baditu, oraintxe bertan dugun sistemarekin jarraituko omen duzue. Benetan? Hortaz, ea ondo ulertu dudan kontua: oposizioan bazaudete Udalari hondakinen mahaian adostutakoa ezartzeko exijituko diozue (orain arte egin bezala), baina Udala zuen esku geratuz gero zuk zeuk sinatutako hitzarmena ez duzu beteko? Orduan, benetan zertaz ari zara herritarren parte-hartzeaz eta herritarrei entzuteaz ari zarenean? Mila esker.
Leire Arano

Aurreko galderan nire ikuspegia azaldu dut, gai honi buruz dagokionez.

Oposizioan egonez gero, orain arte udalari eskatu diogun gauza berbera eskatuko diogu, berme guztiak ez dituen edozein sistema (Tolosakoa) ez dugularik onartuko, herritarron dirua xahutzea ekiditu behar dugu. Herriaren parte hartzearen oinarria nagusia herri galdeketa dela iruditzen zaigu, eta kontsulta hauen emaitzak errespetatuko ditugu.

Ez horregatik.

20. Eta hondakinekin lotuta, beste galdera bat: Zure ustez, zer da garrantzitsuagoa, kontuan hartuta gai honetan erdibidekorik ez dagoela: norberak nahi beste zabor sortu eta bereizita edo bereizi gabe baina betiere nahi duen moduan eta nahi duen orduan botatzeko eskubidea, ala ingurune osasungarri batean bizitzekoa, eta beraz, nahitaez, alboan erraustegi bat ez izatekoa?
Leire Arano

Erraustegiaren partez Osinbeltz zabortegia izango litzake beste aukera. Ez dakigu zein izango litzateken okerragoa ingurumenarentzat.

21. Aupa Oier, 29 urte ditut eta alkilerreko etxe batean bizi naiz neskalagunarekin. 650 euro ordaintzen ditugu hilean, baina neska langabezian dago. Beste zenbait herrietan ematen dituzten alokairua ordaintzeko gazteentzako dirulaguntzak ematea posible ahal litzateke? Eskerrikasko
Xabier

Aukera guztiak aurreikusten ditugu, herrian bizitzen jarraitzeko Zumaiar orok... Gaur egun eta etorkizun ertainean ez daukagu etxebizitza publikorik Zumaian, beraz beste aukerak alokairu laguntzak aurreikusten ditugu...

22. Irakurri dut zuen programan 200 aparkaleku egiteko ideia dezutela, non? nola? aparkalekuak egin baino lehen nire ustez lehenbizi herritarrak kontzentziatu behar direla herrian auto gutxiago erabiltzera. Ondoren, udaltzaingoaren utzikeria hobetu behar dela, herri honetan nahi den moduan aparkatu ala bigarren lerroan utzi daiteke, guztiok dakigulako isunik ez dugula edukiko. Neurri hauek hartuta ere, ziur aparkaleku gehiago beharko liratekela, baina ez al zaizu iruditzen herri hontan autoarekin dena libre dela?
Xabi

Ohitura hori dugula orohar begibistakoa da, autoarekin kale batetik bestera joatekoa, bizikletaren erabilera bultzatu beharra daukagu, eta oinez ibiltzea osasuntsua bada... ba egin dezagun...
Axular eta Etxezarreta kaleak luzera eta zabalera handikoak dira, ondo egin eta partekatu beharreko proiektua...herriari erosotasuna eta segurtasuna ekarriko dio.

23. Kaixo Oier. Astelehenean hiru gazte atxilotu zituen Ertzaintzak Gasteizen, sei urteko espetxe zigorra betetzeko. Beraien kontrako akusazioa erakunde politiko baten parte izatea zen, eta ustezko froga bakarrak torturapean egindako deklarazioak. Zer iritzi duzu epai honen aurrean?
Roque Dalton

Iraganeko albiste bat dirudi, ahaztuak izan behar zuten politikak bizirik dihardute.

24. Kaixo Oier Noiz konponduko zenuke Etxezarreta kaleko 288 bizilagunek behin eta berriz udaletxean aurkeztu dugun arazoa? Gernikako parkean dauden zuhaitz batzuk gure etxeetatik itsasora eta kirol portura dugun ikuspegia galarazten digute, gure bizi kalitatean eraginez. Arazoaren konponketa altuerako poda edo zuhaitz horiek parke mota hauetarako egokiagoak diren beste zuhaitz mota bategatik ordezkatzea litzateke. Zer iruditzen?
Luis

Zuhaitzek betetzen duten funtzioa pakearen integrazioan eta etxebizitzen bizi kalitatea oztopatzen ez duten neurriak hartzea posible dela zihur nago. Beraz, denon gusturako konponbide bat topatuko dugunaren zihurtasuna dugu.

25. Hondakinen mahaian zuk zeuk sinatu zenuen akordioan %80ko gaikako bilketa jarri zenuten helburu (interneten dago akordioa osorik). Debatean, akordioa hausteaz gain %80ko helburua atzera bota zenuen. Publiko egin zen gauza batean zure hitza jateko gai bazara zergatik sinistu behar ditugu etorkizunerako bota dituzun promesak?
Miel mari

Akordiotk ateratako zatia:
"Aldeok onartzen dugu zumaiar guztiok gure hondakinak modu egokian sailkatu eta botako ditugula ziurta-tzen duen sistema integral eta kontrolatua diseinatu behar dugula. Sistema horrek, gainera, epe motzean herriko hondakinen %80a inguru gaika bil-tzea ahalbideratu beharko du."

Guk akordioa ez dugu hautsi, sinatutako sistema ezin daitekela gauzatu dio, beraz sinatutakoa bertan behera gelditu da, haserako puntura bueltatuz.

%80ko portzentaiaren inposaketaren aurka agertzen gara, nahiz eta 100%a dugun helburu etorkizunera begira, inposiziorik gabe.

26. Jarriko zenuke errauskailu bat Zumaian?
Miel M

Jarriko al genuke aireportu bat Zumaian, edota kartzela bat... zerbait egitearen beharra eta nahia ez dira beti bat etortzen.

27. Zein da zure lan ordutegia?
Atxarte

Lanaren menpeko ordutegia daukat, 17 urtez gabon egunean lanea joan nahizelarik, ez ogi, ez egunkaririk topatzen ez den egun batean.

28. Gastu korrientea gutxitu nahi duzue. Gizarte politikak eta langile publikoen kopurua gutxitu gabe nola egiten da hori? Edo horiek jaitsiko dituzue?
Joana

Bilduren langilego publikoa handitzeko politikaren ondorioz, udalak diru gutxiago du gizarte zerbitzuetarako eta inbertsioak egiteko. Azken hauek gizartearen zati handi batetara iristen direla kontutan harturik, aurrekontuetako partida hauek lehenesten ditugu beste guztien gainetik.

29. EAJk ere onartu zuen Urola babesteko plana. Orain hauteskunde atarian ehiztarien botoak irabazteko zergatik ezkutatzen dezue zuek onartutako plan horrek mugatzen diela artadiko babesgunean ehiza?
Kaialde

Onartu genuen, ez daukagu inongo arazorik hanka sartu genuela adierazi, onartu eta zuzentzeko.

30. Kaixo oier! Askotan entzun zaitut kalean erdaraz, baita umeekin ere. Jarrera hori aldatzeko asmorik?
Lorea

Jarrera aldatu? Nire semeei euskaraz hitz egiten diet, eta gaztelania ikasi eta erraztasuna izatea gustatuko litzaidake.

31. Inoiz ez zaitut eskubaloia ikusten topatu. Finalaren egunean eman ziabogako kamisetakin han eotia ez al da jendia tontozat hartzia?
Pibote

Tontotzat? Ambiente politaz gozatzeko aukera izan genuen bertaratutako guztiok, ez dut uste iñor molestatu nuenik, edo bai?
Eskerrikasko

32. EAJk arrasaten derrigorrezko 5. edukiontzia txiparekin babesten du. Zumaian akordioan sistema hori sinatu zenuten eta orain atzera egin eta borondatezkoa defenditzen dezute...zergatik? Arrasaten bai eta zumaian ez opozioa egiteagatik bakarrik?
Arrasatekoa

Zumaian behintzat, kontrol sozialean eta Orwell-en munduan ez dugulako sinisten.

33. Herriko gazte bat 18 hilabetez egon zen kartzelan eta ondoren epaiketan errugabe zela esan zioten. Non zeuden zu orduan bidegabekeria hori salatzeko?
Libre

EAJko udal taldeak, Beñat-i babesa eman zion, ondo oroitzen badut.

34. Zaborra biltzeko atez ateko bilketarekin beste hainbat herritan, zaborraren %80a birziklatzera iritsi dira, sistema eraginkorra dela frogatuz. Zuk berriz, oxforden egin zen debatean argi esan zenuen moduan, ez diozu garrantzirik ematen %80 horretara iristeari, bai ordea birziklatzeko erabiliko den sistema hautatzeari. Helburua ordea, erraustegien beharrik ez izatea da. Ez al zaizu kontraesankorra iruditzen, zenbat eta gutxiago birziklatu, errausteko gehiago egongo dela kontuan izanda? Merezi al du atez atekoaren aurkako kasketaldi bategatik herritarrok erraustegietan sortzen den errautsen kutsagarritasuna jasan behar izateak?
Joxepa

Joxepa,
Dagoenekoz erantzunda utzi ditut zure ardurak.

Eskerrikasko

35. Kaixo Oier. Zuen programan besteak beste Axular ibiltokia eta Etxezarreta bulebarizatzea, beheko plaza egokitu eta aterpe bat egitea, San Jose eta Larretxon igogailuak jarri eta irisgarritasuna garatzea, babes ofizialeko etxeak eraikitzea, auzoak egokitzea, kiroldegia berritzea, Oikian eskola berria egitea, etab. luze bat jaso dituzue. Nondik aterako duzue dirua hau guztia egiteko? Edo hauteskundeei begirako adierazpen hutsak dira?
nineu

Oikiko eskola, badirudi ondo bidean dela.
Gainuntzeko proiektuak beharrezkoak ikusten ditugu herriarentzat, denon artean lehentasunak adostu eta aurrera eramango ditugu.

36. Kaixo Oier, zortzi urtetan zehar Bildukoek ez dute ezer egin etxebizitaz, naiz eta Zumaiako gazteak Maria Eugeniaren garaietan behin da berriz aldarrikatu izana. Garai haietan etxe babeztu mordoak egiten ziren urtero. Ordutik ona batez baina gazteak ixilik egon dira. Badakigu egoera zailan bat zeharkatu dugula, krisialdia eta abar, baino egon, egon dira asko lana zutenak, baino pixu bat erozteko aukerik ez, egin ez direlako. Zer deriozu honen aurrean?. Zer egin behar du EAJ irabazteko aukera balu?.
Edurne

Etxebizitzaren sustapen publikoa martxan jartzeko asmoa dugu. Hauek gauzatu bitartean, udalak beharrezko neurriak hartu beharko lituzke etxebizitza bermatzeko, eta hartuko ditugu,

37. Arratsaldeon. Nahiz eta gazteen aisia eta drogak betitik egon diren oso lotuta, azken urtetan edo hamarkadan aldaketa nabarmen bat somatu dut. Orokorrean drogei beldurra galdu eta lehen ezkutuan egiten zen kontsumoa orain normaltasun haundiz eta publikoki kontsumitzeko ohituran bihurtzen ari da. Ze iritzi duzu honi buruz eta orokorrean droga kontsumoari buruz? Udalera iristen bazarete prebentzio kanpainarik egiteko asmorik bai?
Jaione

Bai, prebentzioa, ondorioak eta informazioa lantzea gai honen inguruan, naturaltasunez eta arazoa izkutatu gabe, badaude programak Eusko Jaurlaritzatik gai honetara zuzenduak, Ai Laket, besteak beste.

38. Zein da zure kurrikuluma? Esperientza arlo publikoan?
miel

Arlo publikoan berria naiz.
Iniziatiba pribatuan jardun izan dut lanean.

39. Oikian araztegia exijituko duzuela dio EAJ-k etxeetara banatu duen programak. Nire ustez, askoz errazago eta merkeago izango litzateke sare orokorrera lotu eta egun dugun araztegira eraman. Beraz, zein dira araztegia exijitzeko manejatzen dituen datu teknikoa eta ekonomikoak? Gehiegikeria dirudi.
Luix Oleta

Kaixo Luix,

Agian gaizki adierazi genuen, baina gure asmoa Oikiako ur arazketa hobetzea. Sistema hoberena eta merkeena aukeratuko dugu.

Eskerrikasko

40. Kaixo Oier: gu liburutegiko zerbitzuari buruz galdetzeko zuzentzen gara zugana. Izan ere, eskaintzen den zerbitzua ez dela nahikoa uste dugu. Alde batetik, ordutegi aldetik oso ordu gutxi dago irekita eta beste alde batetik, egutegian zubiak ez diren egunak ere itxita egoten da (ostirala zubia bada larunbata itxiz, etab.). Pentsatu al duzue zerbitzua aldatzea? Gure proposamena da, azterketa garaian bezala eguerditan 4.solairua behintzat irekita mantentzea urte guztian zehar, jende asko etorriko baitzen 13:30etatik 16:00tara irekita egongo balitz. Asko eskertuko genizuke herritar guztiok, behin baino gehiagotan aitu izan baitiegu herritarrei eguerdian irekita egongo balitz azalduko zirela. Milesker.
Elene eta Ainhoa

Kaixo Elene eta AInhoa,

Dagoenekoz proposamen hau programan sartua genuen, behar hori somatzen dugulako.

Eskerrikasko.

41. Nola uler daiteke, diskoteken gaueko negozioan eta alkoholaren inguruan oinarritzen den munduko enpresaria izanik, orain gizartearekiko konpromezu hori?
Ander Landaburu

Kaixo Ander,

Aisialdia gizartearen zati garrantzitsu bat da. Adin ezberdinetan gure aisialdia esparru ezberdinetan topatzen dugu. Eta gaztetan gaua eta dibertsioa ohikoak dira mundu guztian. Niri sektore honetan lan egitea egokitu zait, eta ez zait iruditzen horren baldintzatzen nauenik herrigintzarako.

42. Polikiroldegia txiki geratu da, zer planteaten dezu???
Maitane

Gabon Maitane,

Egun dagoen egoera tamalgarria, lehenbailehen konpondu beharko genuke. Ez dugu ahaztu behar zumaia kirol asko egiten dela eta kiroldegiak duen erabilpen handia duela herritarron aldetik. Hausnarketa sakon bat eskatzen du egun bizi duen egoera kolapsatuaren aurrean.

Eskerrikasko

43. Kaixo Oier, > Zestoako harrobian kokatuko litzakeen zabortegia edo hondakin inerteak biltzeko biltegia egiteari buruzko kontsulta Zestoako herritarrei bakarrik zuzenduko litzaieke edo Urola ibaian beherako bizilagunei ere bai? > Hau galdetzen dut ze orain dela 17 urte, A Coruña-ko Bens herrian zegoen zabortegia amildu zen eta 200.000 tona zabor itsasoratu ziren ingurunean egundoko hondamendia sortuz. Horrelako zerbait gertatuko balitz Zestoan, Zumaia eta zumaiarrak serioski kaltetuak gertatuko ginateke. Zer iruditzen zaizu?
Koldo

Gabon Koldo,

Kuriosoa planteatzen duzun ikuspuntua. Eta istripu bat gertatuz gero izango lukeen eragin ekologikoa zumaian. Osinbeltzeko gaia, gai korapilotsua da, dudarik gabe. Baina ez dakit zein puntutaraino Zumaiarrok eskubiderik dugun honi buruz erabakitzeko, nahiz eta eraginak, Urola ibaia bitartez, Zestoarrak baino gehiago, Aizarnazabal eta Zumaian pairatuko genituzken.

44. EAJren kulpagatik, Zumaia Lantzenen 3 miloiko zuloa udaletxeak bere gain hartu du, eta Zumaiar danok pagatu beharko deu. Ez al dizu lotsarik ematen?
Koldo Garitano

Gabon Koldo,

Norberaren erantzunkizunak noiz hasten diren eta noiz amaitzen diren garbi izatea beharrezkoa da. Hamaika hitzarmen jaso zituen ezker abertzalearen gobernuak duela zortzi urte, tarteko frontoiaren hitzarmena, Torreagakoarekin batera. Frontoiarena negoziatu, baldintzak aldatu eta promotorearentzako akordio erosoago bat sinatu zuen udalak, jatorrizko hitzarmenean sinatu zen frontoia, egingo dena baino hobeagoa zen, aurrekontu handiagokoa. Eta Torreagako hitzarmenaren udal (Bildu) kudeaketaren emaitza guztiok dakiguna izan da.

Eskerrikasko

45. Ondo iruditzen al zaizu zumaian bizi ez den norbait zumaiako talde politikoren baten zerrendan joatea?adibidez zestuan Atxaga Anderea PNV zerrendan? Pertsona horrek herri horretako beharrak ezagutzen al ditu hura kudeatzeko?
Zumaiarra

Gabon,

Seguraski aberasgarria izango dela zestoarrentzat Montse taldean izatea, guztiak mugitu ohi izan gara beste herrietara gauzak egiteko modu desberdinak ezagutzera, eta bere esperientzia zestuan zumaiarentzat ere aberasgarria izango dela seguru, guztiok baidugu besteengandik ikasteko.

Eskerrikasko.

46. Zumaiako Udal Gobernuak azken 8 urte hauetan zer egin du ondo eta zer gaizki? Eskerrik asko aldez aurretik.
Zumaiarra

Orain kanpainan asko entzuten ari garen hitzak, besteak beste, partaidetza, elkarlana, umiltasuna...
Puntu negatibo garrantzitsuenetako bat oposizioarekiko agerturiko jokaera nabarmenduko nuke bereziki. Alkate dekretuz gobernatzeko ohitura errotu da zortzi urte hauetan, giroa nabarmen gaiztotuz, 2012an 25 neurri proposatu zitzaizkion udal gobernuari EAJren eskutik, erantzunik gabe gelditu direlarik. "Sukalde lanari" ere oztopoak jarriaz, herritar guztien hobebeharra lehenetsi beharrean, "interes politiko" jakin batzuei lehentasuna emanaz, hondakinen gaia, besteak beste.

Azpimarratzea gustatuko litzaidake, EAJk azken legealdian Bilduk baino zinegotzi bat gutxiago soilik izan duela eta berekiko azalduriko jarrera, bozkatu dituzten herritarren ahotsen aurrean gutxiesten ,"giro sano"aren guztiz kontrako izan dela.

Positiboa, laister argia ikusi duen Kamping-aren proiektua eta behingoz frontoia izango dugula, adibidez.

47. Arratsaldeon Oier. Zuen programan azaltzen diren proposamenei buruz egingo dizkizut 4 galdera: 1-Hirigintza alorrean esaten duzue 200 aparkaleku sortuko dituzuela. Non eta nola? 2-Atez ateko bilketaren aurka zaudetela esaten duzue. Baina zein da zuen proposamena? Bertan errauskailua jasotzen da? 3-Zumaia euskalduntzea nahi duzuela esaten duzue baina inposiziorik gabe? Mesedez, honek zer esan nahi duen esplikatuko? 4-Ze iritsi daukazue kirol patronatuari buruz? Hau galdetzen dut zeren bere garaian zuk ordezkatzen duzun alderdiak aurka bozkatu zuen. Aldez aurretik, eskerrik asko.
Iker

Gabon Iker,

1, 2 eta 3 gorago erantzun ditut.

Patronatuaren inguruan, bere egunean EAJk aurka bozkatu zuen. Baina, behin abian jarrita dituen onurak aztertu beharko ditugu, baldin baditu.

Eskerrikasko

48. Arratsalde on Oier: Une hau aprobetxatuz hainbat galdera egin nahiko nizkizuke: - Hezkuntz ereduaren inguruan zer iritzi duzu: Hezkuntza publiko indartsu baten aldekoa zara? - Zumaiko Frontoi berriaren erabilera dela eta, baliabide berri horren inguruan, erabilpena nola mugatuko zenuke? Arautegi zorrotz batekin.... erabilpena erabat mugatuz edo herriko eragile desberdinetara zabalduz... - Zumaiko herriak ekintza areto baten beharra dagoela uste dut, ze iritzi duzu honen inguruan? Mila esker
Flish

Gabon,

-Lehenengo galderari erantzun diot goian.

-Frontoiari dagokionez, Odieta pilotaleku zaharraren antzera funtzionatzearen aldekoak gara. Lehentasuna emanik zesta eta esku pilotari, baina eraikin publikoa den momentutik erabilera irekia izango du.

-Maria eta Jose ikastetxeko areto nagusiaren erabilera indartu beharko litzake eta erabilera bultzatu, horretarako hitzarmen zabal bat plantetazen dugu ikastetxearekin.

49. Zumaiako Herri Eskolan geroz eta ikasle gehiago dagoenez, gela gehiagoren beharra dago. Maria eta Jose ikastetxean lekurik balego eta ikastetxe kontzertatua den aldetik diru publikoa jasotzen duenez, ondo legoke bertako gela batzu Herri Eskolak erabiltzea. Zuri ere hala iruditzen al zaizu? Erantzuna ezezkoa bada, zergaitik?
xumai

Gabon,

Planteatzen dezuna, etzait iruditzen bideragarria. Herri Eskola eta Marie eta Joseko ikasleak tanborradako entseguak batera egiteko arazoak baditugu, zail xamarra iruditzen zait planteatzen duzun proposamena aurrera eramatea.

Eskerrikasko

50. Kaixo Oier.EAJ-k irabazi ezkero parte hartuko duzue egun handietan elizkizunetan,prozesioetan oraingo kideek bezala?
ni neu

Gabon,

Bai, parte hartuko dugu herriko ahal dugun jarduera guztietan.

Eskerrikasko.

51. Kaixo Oier, Erantzun duzu dagoeneko zure ikasketei buruz, baina niri gehiago interesatzen zaidan arloa zure esperientzi profesionala da. Zutaz hainbeste ez dakigunontzat, axolako al zitzaizun apur bat sakontzea zure ogibidean, izan duzun ibilbide profesionalean, eta batez ere, nola isladatuko ziren esperientzia eta ezagutza hauek Zumaiako alkate izango bazina? Aldi berean, azalduko al zeniguke nondik datorren zure interesa politikan, eta zergaitik uste duzun zure pentsamendu politikoa EAJ.en pentsamenduarekin bat datorrela? (bi edo hiru puntu garrantzitsuenekin nahikoa izango zen). Eskerrik asko.
Gaizka

Gabon Gaizka,

Galdera zaila eta interesgarria honakoa. Ostalaritzari orokorrean, eta konkretuki dantzaleku munduan, gazteekin lan egin dut, kultura desberdinetako pertsonak ezagutzeko eta gazteen giza alderdia ezagutzeko aukera eman dit, azken batean pertsonen arteko erlazioak lantzen ikasi dut, eta azken puntu hau oso garrantzitsua izan da erabakia hartzerako orduan. Urterik hoberenetan, 16 pertsona lan ordu osoan eta asteburuko lan orduan 60tik gora eduki ditut nire zuzendaritzapean, honek kudeaketarako gaitasuna lantzeko aukera eman didalarik. Esperientzia guzti hauen oso erabilgarriak izango zaizkidalakoan nago udaletxera iristean.

Nire herriaren alde urte batzuk lan egiteko aukera eskaini didate eta gustora hartu dut erronka. Independiente aurkezten naiz, "pentsamenduarekin bat datorrela" gai askotan eta orokorrean bat egiten det, giza baloreen defentsa, pertsona norbanakoen burujabetasuna edozerren gainetik lehenesten det.

Eskerrikasko

52. Aupa Oier. Tamalez, herri hau alde askotako biolentziaren lekuko izan da. Zuk, beste askok baino hobeto dakizun moduan. Pasa den astelehenean, Ertzaintzak, indar desproportzionala erabiliz (Baleikeren web orrian Libre mugimenduak argitaratutako bideoa ikusi aukera baduzu) nirekin epaitu zituzten hiru kide atxilotu zituen (baita beste 3 zumaiar atxilotu eta inputatu ere). Zer iritzi duzu gertatutako guzti honen inguruan?
Beñat Lizeaga

Gabon Beñat,

Gorago erantzun det, ordu dezente damazkit baina zuri zuzenean erantzutea bukatzeko era polita iruditu zait. Galdera asko izan dira egin dizkidatenak, baina inork ez dit galdetu iraganean jasandako biolentziari buruz, zuk ulertzera emandako moduan. Balio erantsia du zugandik etorrita. Benetako bakean, zintzotasunez jokatu beharko degu, eta bakoitzak egin iraganeko autokritika, bakoitzak jakingo du nun geunden gertatutakoak eman direnean, baina aurrera egin beharra daukagu eta gure oinordekoei gorrotorik gabeko Zumaia bat eskeini.

Gasteizen gertaturikoak ez du laguntzen garai berri hauetan bakegintzan eta normaltasunean, eta inongo dudarik gabe arbuiatzen ditut, lan politikoko jarduerak epaituezinak iruditzen zaizkit.

Eskerrikasko guztioi, gustora hartzen da azalduriko interesa, galdera asko eta interesgarriak, andria hozka daukat afaita joateko.
Onak izan, eta igandean denok bozkatzera!!!

Agurra

Bukatu da elkarrizketa digitala. Hemen dauzkazue Oier Kortak erantzundako galderak.