Maiatza Dantzan ekimenaren 10. edizioa antolatu du Astindu dantza elkarteak. Astindu Eguna izango da aurreneko hitzordua: 10:00etan hasita polinesiar dantza tailerra egingo dute Torreberrin, eta horren ostean, bazkaria izango da. Astinduko bazkideek soilik parte hartu ahal izango dute tailerrean eta bazkarian.
Sahararen aldeko lankidetza astea antolatu du Darahli elkarteak, apirilaren 23an hasi eta maiatzaren 2ra arte iraungo duena. Mendebaldeko Sahara: 45 urte justiziarik gabe erakusketarekin abiatuko dute lankidetza astea. Ikus-entzunezkoen txokoa izango da erakusketan; gaiaren inguruko dokumentalak erakutsiko dituzte. Darahliko kideek jakinarazi dute elkartearen eta bere proiektuen inguruko informazioa eskuratzeko aukera ere izango dela, besteak beste, Oporrak Bakean 2022 kanpaina. Ordutegia: aste barruan 18:00etatik 20:00etara; eta asteburuan, 12:00etatik 14:00etara ere bai.