Akelarre ontziak irabazi du Antxoa Eguneko bela estropada

Baleike 2017ko mai. 9a, 10:01
Akelarreko tripulazioa Getariako portuan. Argazkia: Zumaiako Klub Nautikoa

Egun eguzkitsuarekin eta haize eta itsaso egoera ezin hobearekin jokatu zen pasa den asteburuan I. Antxoa Eguneko bela estropada. Zumaiako Klub Nautikoak eta Getariako Elkano arrantzale kofradiak antolatutako estropada izan da hau.

Goizeko 11:00etan abiatu ziren 16 ontzi parte-hartzaileak Getariatik. Triangelu bati bi itzuli eman eta iparraldeko buiatik helmugara bitarteko bidea egin behar izan zuten. Irteeran bertan igarri zen estropada lehiatua izango zela: ontzien arteko talka txikiak izan ziren, inork ez baitzuen irteera leku txar batekin eman nahi izan.

Ontziak bi multzotan banatu ziren eta hala ikusi izan zen ontzi bakoitzak zer taktika erabiltzen zuen iparraldeko buiara heltzeko. Luze hau oso lehiatua izan zen eta ontzi batzuk ia parekatuta heldu ziren lehen buiara. Itzuliaren ondoren, Akelarre ontziak tartea zabaldu zuen, garaipena erdiesteko adinakoa. Beste ontziek lehia polita mantendu zuten, beraien itzuliekin eta maniobrekin. Haizearen norabidea aldatu bazen ere, belaontziek abiadura handiak hartzeko adinako intentsitatea mantendu zuen.

Estropada honetako irabazlea Akelarre izan zen, Ai Ama heldu zen bigarren postuan eta IX hirugarrengoan.

Behin portuan, festa giroan, antxoak eta sagardoa dastatzeko aukera izan zuten parte-hartzaileek eta antolatzaileek.

Zumaiako Klub Nautikoak eskerrak eman nahi dizkie Getariako kofradiari, Euskadiko Kirol Portuaki eta Salva buru izan duten Getariako boluntarioei.