‘Cirque de Paris’-ek familia guztiarentzat zuzenduriko lau emanaldi emango ditu

baleike 2017ko mai. 4a, 16:41
Ezkerretik eskubira: Roger eta Antoine Mordon anaiak.

Cirque de Parisek, lehenengo aldiz, duela 40 urte jarri zuen bere karpa deigarria Zumaian. Ordutik hainbat ikuskizun eskaini ditu herrian, eta baita Euskal Herri osoan ere. 2017ko espektakulu berria aurkeztera datoz oraingoan, eta bihartik hasita, asteburu osoan zehar izango dira Basusta bidean (estaziotik gertu) kokatu diren zelaigunean. 

Belaunaldiz belaunaldi eta eskuz esku pasa da zirkoko bizimodua eta lanbidea Cirque de Parisen. Antoine Mordon da egungo arduraduna eta berak kontatu duenez, dagoeneko zazpi belaunaldi ditu zirko horrek. “Zirkoa, familian eramaten da. Ni neu zirkoan jaio nintzen, karabana batean”, kontatu du. Gurasoetatik datorren bizimodua eta lanbidea da, eta egun, anai-arreba eta seme-alabekin batera eramaten du zirko hori Mordonek.

Guztira 15 lagunek egiten dute lan bertan. “Ikuskizunean baina, hamarrek hartzen dute parte”, azaldu du. Mordonek zirko tradizionaltzat jotzen du berea. “Trapezistak daude, malabaristak, pailazoak, magia espektakulua… Animaliarik ez dugu inoiz izan”, aipatu du. “Zirkoak ez du animalien beharrik. Animaliak gizakiaren lagunak dira eta ez dute zertan lan egin behar zirkoan. Gainera debekatuta dago”, nabarmendu du.

Antoine bera lehen trapezista zen, baina orain beste lan batzuk ditu. “Beste gestio batzuez arduratzen naiz: publizitateaz, herriko administraziarekin harremanak bideratzeaz, segurtasunaz… Emanaldietan anaia, ilobak eta semea ibiltzen dira”, esan du. Mordonek bi seme-alaba ditu. “Semea hemen ibiltzen da nirekin. Trapezista da baita ere. Alaba aldiz, beste zirko bateko seme batekin ezkondu zen eta haren zirkoan dabil lanean Paris inguruan”, kontatu du.

Ostiraletik igandera

Mordon eta bere familia duela bi aste etorri ziren Euskal Herrira, Aretxabaletara, zehazki. “Gero Elorrion izan ginen, eta orain Zumaiara etorri gara”, esan du. Hemen lau emanaldi eskainiko dituzte. Lehenengoa ostiralean izango da, 19:00etan. “Larunbatean, berriz, bi izango dira. Lehenengoa 17:00etan, eta bigarrena, 19:00etan. Amaitzeko, igandean, saio bakarra izango da, 17:30ean”, adierazi du.

Sarrerak 7 euroan salduko dira karpa ondoan dagoen leihatilan. “Gaur arratsaldean 18:00etatik aurrera erosi ahalko dira, eta bestela, emanaldi bakoitza hasi baino ordubete lehenago”, baieztatu du.

Mordonek euskararen presentzia nabarmendu nahi izan du. “Gure espektakuluaren sarrera gazteleraz eta euskaraz egiten dugu. Horretaz gain, pailazoen emanaldian, euskararen erabilera oso handia da. Bertako kultura, ohitura eta hizkuntza errespetatzea gure lehendabiziko printzipioa da, eta hori babestu nahi dugu”, azpimarratu du.

Zirkoa hiru-lau hilabetez ibiliko da Euskal Herritik. Ondoren, Landetara eta Bordele ingurura joango da.