[IRITZIA] Herri galdeketa argituz

Jose Castillo 2017ko mai. 5a, 08:00

Maiatzaren 7an 16 urtetik gorako zumaiar guztiak Ontziratuk antolatuko duen herri galdeketan parte hartzera deituak daude. Honako galderari erantzun beharko diote boz-emaileek: "Nahi al duzu izan Euskal Estatu burujabe bateko herritar?". Noski, halako ezohiko galdeketa garrantzitsu baten aurrean, ohikoa da herritarren artean kezkak, aurreiritziak eta zalantzak sortzea. Jarraian, orain arte Gure Esku Dagoren babespean egin diren galdeketetan sortu diren beldur nagusiak argitzen saiatuko gara.

"Galdeketa soilik abertzaleen kontua da" 

Inondik inora, galdeketa honetan parte hartzeko ez zaio inori bere nazio sentimendua adieraz dezan eskatuko. Hau herritarrak ahalduntzeko, hau da, herri burujabetzan sakontzeko ariketa demokratikoa da. Herri honek urte luzez bizi izan duen gatazka nagusiena lurraldetasun auzia izan da. Bestela esanda, Euskal Herriak edo Euskadik, gustukoen duzuena, Estatu independente bat izan edo Espainiako Estatuko parte izaten jarraitu behar duen. Bada, galdeketak herritarrek auzi honen inguruan libreki erabaki dezaten ahalbidetuko du, bakoitzak bere iritzia eman ahal dezan.

Kultura demokratikoa zabaltzea da gure helburua. Herri honen etorkizuna ez da Madrilgo edota Gasteizko bulegoetan erabakiko, herritar guztiek boz batekin eta hautetsontzi baten aurrean erabakiko dute.

"Galdeketa juridikoki legala ez denez, ez du ezertarako balio" 

Egun normaltzat jotzen ditugun eskubide asko eta asko duela ez hainbeste urte legalitateak ez zituen onartzen. Adibide garbi bat jartzeagatik, emakumezkoek ez zuten boto eskubidea izan XX. mendera arte. Eskubideak ez dira onartzen legeak sortzen dituelako, eskubideak, herritarrek hauek aurrera eramaten dituztenean sortzen dira. Ezinezkoa litzateke pentsatzea, greba eskubidea eta manifestazio eskubidea egun legeak jasotako eskubideak izango zirenik, aurretik eskubide hauek ilegalki antolatu zituzten herritarrak egon ez balira.

Beraz, erabakitze eskubidearekin gauza bera gertatzen da. Kontua ez da lege batean idatzirik dagoen ala ez, herritarrok antolatuz eta erabakia gauzatuz lortuko dugu erabakitze eskubidea legean jasotzea. Gogoratu, etorkizunean herri honek bere etorkizuna erabakitzeko erreferendum lotesle bat izango badu, hau ezingo da ulertu aurretik antolatu ziren ehundaka herri galdeketarik gabe.

"Hauteskundeetan lau urtean behin nahikoa erabakitzen dugu, beraz galdeketa hau ez da beharrezkoa" 

Lau urtetik behin gure ideologiarekin edota gustu politikoekin bat datorren alderdi bati bozka emateko aukera dugu, bai. Baina demokrazia ordezkatzaileak bere mugak ditu. Gure eguneroko bizitzan eragina duten zenbat erabaki hartzen dira inongo legebiltzarretik pasa gabe; fabriken itxiera, murrizketa sozialak…

Egun bizi dugun egoera politikoan, erabakitze ahalmena estatuz gaindiko merkataritza erakunde eta multinazional handien esku geratu da. Testuinguru honetan, herri galdeketa bat antolatzea herri honi eragiten dion arazo bat konpondu ahal izateko, egoera honen aurka oihu sendo bat bidaltzea da: Herritar burujabeak gara eta eragiten diguten gaien inguruan erabakitzeko eskubide guztia dugu. Beraz: "Nahi al duzu izan Euskal Estatu burujabe bateko herritar?".