Hogei urte eta gero, Miarritzen jokatuko dira berriro Munduko Surf Txapelketak, eta parte hartzaileen artean izango da Imanol Yeregi. Espainiako Federazioak atzo eman zuen zerrendaren berri, eta zumaiarra ageri da lau aukeratuen artean, Jonathan Gonzalez (Kanariar Uharteak), Vicente Romero (Galizia) eta Luis Diazekin (Kanariar Uharteak) batera. Emakumeen taldea, berriz, bi euskaldunek osatuko dute: Garazi Sanchezek eta Ariane Ochoak.
Maila nagusirako deitzen duten lehen aldia da, baina aurrez ere badaki Imanol Yeregik zer den Munduko Txapelketan parte hartzea. Hamabost urte zituela, 18 urtez azpikoen txapelketan hartu zuen parte Panaman. Kategoria berberean, Europako Txapelketan laugarren sailkatu zen.
Portugalgo proba
Portugalgo Pro Santa Cruz txapelketatik bueltatu berri da Yeregi. Bigarren erronda gainditu zuen, baina hirugarrenean ezin aurrera egin, Jonathan Gonzalez, Robson Santos eta Raul Bormannen aurka.