SANTELMOAK

Aste Santuko eta Santelmoetako lehen asteburuko emaitza onak nabarmendu ditu Udalak

baleike 2017ko api. 28a, 11:48

Aste Santua eta Pazko asteari dagokionez, guztira, 2.252 pertsona izan dira Turismo bulegoan. Adituen arabera, eguraldi onak eta Santelmo jaien hasierak lagundu dute emaitza oparo honetan. Bide batez, festen lehenengo asteburuaren balorazio ona egiten du Udalak, herritarren parte hartze eta inplikazioa eskertuz.

Apirila egun ederrez hornitu da aurten, eta Aste Santuan eta Pazko astean ere ikusi da hori. Horrek, bisitarien kopuruan igoera nabarmena izan du, eta iazko datuei erreparatuz, emaitza ezin hobea izan da aurtengoa. Bai Zumaian, eta baita inguruko herrietan ere. “Aste Santu ederra izan da herrian, eta baita Euskal Herri osoan ere. Eguraldi ona izan dugu lagun, eta horrek asko baldintzatu du turismoaren gorakadan”, aipatu du Jon Iraola zinegotziak.

Turismo bulegoan apirilaren 13tik hilaren 23a arte jasotako datuak oso positiboak izan dira. “Guztira 2.252 pertsona izan dira bertan. Horietatik 553 Euskal Herritik etorritakoak izan dira, 1.209 estatutik, eta atzerritik berriz, 292 lagun etorri zaizkigu”, adierazi du Esti Irureta turismo teknikariak.

Ildo beretik, aipagarria da ere Euskal Kostaldeko Geoparkeak, hiru herrietan, Deban, Mutrikun eta Zumaian, eskaini dituen bisita gidatu kopurua; guztira 57 irteera egin dira eta 1.416 lagunek hartu dute parte. “Urte hauetan guztietan arlo honetan egindako lanak bere fruitua ematen ari dela ikusten ari gara”, azpimarratu du Iraolak. Iruretaren ustetan, “datu horiek oso pozgarriak dira guztiontzat, azken batean, gure herriaz haratago, gure eskualdea eta gure kostaldeko altxorrak ezagutzera ematen ari direnaren isla baitira” .

Ostalarien eta merkatarien aldetik ere, pozik agertu dira.  Azken urteetako joera mantenduz, herriko ostatuen eta jatetxeen okupazioa, bai Aste Santu zein Santelmoetako lehen asteburuan, oso altua izan baita. Erromesentzako aterpetxeak adibidez inoiz baino lehenago ireki ditu ateak, eta erantzuna paregabea izan da. “Apirilaren 1ean zabaldu genuen eta ordutik 162 erromes igaro dira bertatik. Gehienak atzerritarrak izan dira”, gehitu du Iruretak.

Festen balorazio positiboa

Aste Santuan bezala, Santelmoen lehenengo asteburuan eguraldiak asko lagundu du jai giroan. “Festa herrikoiak dira, eta herriko eragileen parte hartzea garrantzitsua da. Guztien lana eta inplikazioa azpimarratu nahi dugu”, adierazi du Miriam Romatet kultura teknikariak.

Era berean, gustura agertu da antolatutako ekintzetan herritarren parte hartzearekin. “Kofradian esaterako, plaza giro hori berreskuratu da. Adin ezberdinetako jendea dantzan ikusi da eta polita da hori. Santelmo eguneko prozesioan ere jende asko elkartu zen, adibidez”, kontatu du.

Festa baketsuak eta ondorio larririk gabekoak izan direla ere nabarmendu nahi izan du Romatetek. “Lapurreta batzuk izan dira, baina, Udaltzaingoaren arabera azpimarratzeko moduko ezer larririk ez”, esan du.

Gaur arratsaldean ekingo zaie festen bigarrengo asteburuari, eta jai giroaz gozatzen jarraitzera gonbidatu ditu guztiak.