Udako sasoirako Itzurungo kantina eraberrituko du Udalak

Baleike 2017ko api. 23a, 08:00

Komun publikoa eta sukaldea berrituko dira eta kristalezko estalkia jarri. Asteartean zabaldu dira 2017an kantina zerbitzua kudeatzeko pleguak eta interesdunek maiatzaren 3a arte izango dute proposamenak aurkezteko epea.

Hiru izango dira kantinan egingo diren lan nagusiak: komun publikoak eta sukaldea eraberritzea eta kristalezko estalkiaren instalazioa. Estalkiaren kasuan, gaur egun bertan dagoen toldoa kendu eta eremu horretan kristalezko itxiera jarriko du Udalak. Kantinaren itxura guztiz aldatu eta berritzeaz gain, bertako azpiegiturak ere hobetuko ditu, eta kantina zerbitzua uda sasoiaz haratago luzatzea ere ahalbidetuko du. Ildo horretatik, aurtengo pleguek, kantina zerbitzua ekainaren 15etik urriaren 31a arte zabalik mantentzea jasotzen dute.

Udalak helarazitako prentsa oharrak dioenez, "neurri eta aldaketa horiekin hondartza denboraldiaz haratago enplegu egonkorra sustatzea da Udalaren helburua, baita kantinako erabiltzaileei kalitatezko zerbitzua eskaintzea ere".

Interesdunek udaletxean eskuratu ahal izango du informazio gehiago.