baleike.eus

Lapurreta egin dute bigarrenez barreketan

Baleike 2017-04-21 12:58   Gizartea

Bart lapurreta egin dute jaietako barreketan eta herriko beste bi dendatan. Barraketan sartzen diren bigarren aldia da, apirilaren 12koaren ostean. "Okerrena da egin diguten txikizioa", azaldu digu Grillo Show barrakaren jabe Jesus Calvok.  

Lapurreta egin dute bigarrenez barreketan
Jesus Calvo, Grillo Show barrakaren jabea; alboan, hautsitako zenbait ohol. | Ikusi handiago | Argazki originala

Ez da santelmoak hasteko modurik onena barraketako nagusientzat. Bart gauean bost barrakatan sartu dira lapurrak eta, dirua eta zenbait objektu lapurtzeaz gain, hainbat txikizio eragin dizkiete. Grillo Show-ko jabea da Jesus Calvo durangarra. Ikuskizunaren etxolako pertsiana konpontzen aurkitu dugu. "Saiatu dira atetik sartzen, gero albo batetik, baina azkenean pertsiana puskatu eta lortu dute barrura sartzea". Txikizioaz gain diru kutxa ere lapurtu diote. Guztira, 3.000 euro inguruko galera aurreikusten du. "Ikuskizun honekin 15 bat urte daramatzat eta ez zait sekula horrelakorik gertatu" dio, atsekabetuta.

Miguel Angel Garcia zumaiarrari bi aldiz egin diote lapurreta apirilaren 12tik.

Miguel Angel Garcia zumaiarrari ere sartu zaizkio bere barrakan. "Eta bigarren aldia da, apirilaren 12an ere sartu zitzaizkidan. Orduan nirean eta beste batean sartu ziren. Elektronikako gauzak eraman zituzten, tabletak, laserrak eta abar, eta 300 bat euro; beste negozioari mila eurotik gora eta benetakoaren itxura duen bolazko pistola bat". Zumaiarra da Garcia, eta anaia Juan Carlosek ere beste barraka bat dauka. Harenean ez dira sartu zorionez. Beste hiru barrakatan dirua eta zenbait gauza eraman dituzte, telebista bat tartean.

Bolada txarra

Bolada txarra daramagu Zumaian lapurretei dagokienez. Lapurrak zenbait dendatan eta etxetan sartu dira azken aldian, baina baita ere bi eskoletan, ludotekan edota San Juan egoitzan. Etxeetan dabiltzan lapurrak propio horretan espezializatutakoak izaten dira normalean, lan egiteko modu jakin batekin. Azken aldian barraketan, dendatan eta beste zenbait eraikinetan sartu direnak beste batzuk direla uste dute Udaltzaingoan eta Ertzaintzan. Are gehiago, lapurretako baten irudia daukate eta hatz markak ere aztertzen ari dira. Gaizkileak harrapatu bitartean,  herritarrei eskatzen diete zerbait susmagarria ikusiz gero deitzeko lehenbailehen Udaltzaingora, Ertzaintzara edo 112ra.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa