Artolak eta Lasok aukeratu dituzte asteleheneko partidarako pilotak

baleike 2017ko api. 20a, 18:08

Eskuz Banakako Txapelketaren final zortzirenetako partida izango da Zumaiako Aitzuri pilotalekuan jokatuko dutena. Pilota biziak aukeratu dituzte, eta frontoiarekin gustura azaldu dira bi pilotari gazteak.

Ikusmina piztu du Iñaki Artola eta Unai Lasoren pilota hautaketak. Dozenaka herritar bildu dira Aitzuriko pilotalekuan, asko sarrera erosteko aitzakiarekin. Kepa Peñagarikano eta Ruben Belokirekin izan dira bi pilotari gazteak materiala probatzen. Behin lau pilotak aukeratuta kazetariekin hitz egiteko parada hartu dute.

Artola gustura agertu da aukeratutako pilotekin. “Unaik esan dit nire pilotak gehiago gustatu zaizkiola bereak baino. Akaso hanka sartu dut”, aipatu du erdi barrez. Hautatzaileek hasieratik pilota bizienak kendu egin dituzte. “Frontoi bizia iruditu zaie, horregatik izan da. Baina hala ere nahiko pilota biziak aukeratu ditugu. Motelenak kanpoan utzi ditugu bai berak eta bai nik”, gaineratu du.

Baina Artolak ez du frontoiaz kexatzeko inongo arrazoirik esan. “Oinatz Bengoetxearekin izan naiz entrenatzen eta frontoia ona iruditu zitzaidan. Normalean eskuz ibiltzen garenok horrelako frontoi handiei errezelo pixka bat diegu, baina honen kasuan neurriak, altueran eta zabaleran, eskuzko besteen berdinak omen dira. Frontoi ona da, zorua ere, berria izateko, ez dago batere zakarra, beraz pozik nago”, aipatu du.

Besoko lesio batekin ibili da Artola aspaldian, baina aitzakiak alde batera uzteko gogoz azaldu da. “Uste dut nahiko txukun harrapatzen didala txapelketak. Egia da lesioak ez direla egun batetik bestera ahazten, baina aitzakiak jartzeaz aspertuta nago, eta nahiko ondo sentitzen naiz. Azkeneko entrenamenduan ere sentsazio politak izan nituen”, nabarmendu du.

Aurkariari buruz, hitz politak izan ditu alegiarrak. “Laso ondo ikusten dut, akaso batzuentzat sorpresa izango da baina txikitatik berekin ibili garenak badakigu buruz bururako dohain handiak dituela. Kolpe biziak, sotamano ona… kontrario zaila da. Albisuren aurkako partidan ere erakutsi zuen zernolako aurkaria den. Akaso ni aterako naiz faborito, baina badakit ez dela partida erreza izango”, esan du.

Laso ere gustura agertu da materialarekin eta frontoiarekin. “Artolak aukeratutako pilota bat asko gustatu zait”, aitortu du. Frontoia aldiz, oso polita iruditu zaio, ederra. “Ez du ezer arrarorik, beraz gustura nago”, adierazi du.

Albisuri irabazitako partidaren ondoren Artolaren kontra lasaiago jokatuko zuela esan zuen, baina gaur, urduritasun puntu bat duela aitortu du. “Nik ez dut presiorik, partidu on bat nahi dut egin, eta disfrutatzera atera. Azken finean, Artolak deseroso jokatzea lortu nahi dut”.

Albisuren kontrako partida itzela jokatu zuen Lasok, eta partida hori bideoz ikusi duela aipatu du. “Partida gogorra izan zen. Biok asko jokatu genuen eta ea astelehenean ere horrela jolasten dudan. Airezko pilotetan akats batzuk izan nituen eta horiek zuzendu behar ditut. Artola aurrelaria da eta agian erritmo biziagoan jokatuko du. Ea sakea lortzen dudan eta nire jokoa egiteko aukera dudan”, aipatu du.

Aurkariak izugarrizko fisikoa duela eta pilotari ongi ematen dakiela gaineratu du Lasok. “Zaila izango da Iñakiri tanto batzuk egitea defentsa ikaragarria egiten baitu. Ea urduri jartzen den, deseroso jokatzea lortzen dudan eta nik aukerak izaten ditudan”, amaitu du.

Partida San Telmo egunean izango da Aitzurin, 17:00etan hasita. Partida nagusi honen aurretik, Arretxe II-Albisu eta Arteaga-Larunbe bikoteen arteko binakakoa izango da.