M7 ONTZIRATU

Arritxu Marañon: "Juridikoki ez da existitzen erabakitzeko eskubidea”

Baleike 2017ko api. 9a, 11:00
Arritxu Marañon.

PSEko zinegotzi Arritxu Marañonek uste du iruzurkeriaz erabiltzen dela erabakitzeko eskubidearen kontzeptua, eta erreferenduma egin nahi bada aurrena legea egokitzetik hasi behar dela.

Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela uste al duzu?

Galdera hau gaizki planteatuta dagoela uste dut. Euskal Herria kontzeptua errealitate sozial, kultural bat bezala ulertzen dut, hizkuntza komun batekin, partekatzen ditugun tradizioekin eta abar. Horiek guztiak espazio komun batean partekatzen ditugu, zazpi lurralde desberdin barnean hartzen dituen espazio batean, bi estatu desberdini dagozkienak, kontuan hartuta, gainera, horietako batek bi autonomia erkidego hartzen dituela barnean.

Hau da maiatzaren 7an egiten den galdera: Euskal Estatu Subirano bateko herritarra izan nahi duzu? Eta nik galdetzen dut: zertaz ari gara zehazki? Orain EAE itxuratzen duten hiru lurraldeek osatutako estatu batez edo batzuek Euskal Herritzat hartzen dituzten zazpi lurraldeez? Jakin beharko genuke zer izan nahi duten nafarrek, zer izan nahi duten Frantziako Estatuko hiru lurraldeek, eta azkenik zer nahi duen EAEk, orain erkidego den hau osatzen duten hiru lurraldeetako jendeak. Kontsultaren galderak ez du argitzen zertaz ari garen hizketan, ezta nola gauzatuko dugun ere.

Zer iritzi daukazu maiatzaren 7an Zumaian egingo den herri galdeketaren inguruan?

Nire ustez galdera honi lehenbiziko galderan adierazi dudanarekin erantzuten zaio, neurri batean; baina erantzunean sakondu beharra dagoela uste dut, eta “erabakitzeko eskubidetzat” orain ezagutzen dugun horretaz ari gara. Alderdi horretan, hain zuzen, ados ez nagoen fundamentazio sasijuridiko batez hizketan ari garela esango nuke. PSE-EEren iritzia da baldin eta indar politikoren batek eskatzen badu, gure ordenamendu juridikoan bide legal bat barneratzea horrela Espainiako Estatuko erkidego bat banandu ahal izateko eta bereizitako Estatu bat eratzeko, modu ireki eta argi batean erakutsi behar dio asmo hori gizarteari, ihesbide terminologikorik gabe.

Laburbilduz, juridikoki ez da existitzen “erabakitzeko eskubiderik”. Irudi faltsu bat sortzea dakar benetan aintzatesten den eskubide bat balitz bezala horretaz hitz egiteak, eta iruzurkeriaz erabiltzen da politikoki, Espainiako sistema konstituzionalak ordenamendu juridikoan existitzen den zerbaiti uko egiten diola transmititzeko. Ikuspegi demokratikotik onartezina da halako joko batean aritzea.

Autonomia erkidego batek kontsulta erreferendum bat deitu ahal izatea baldin bada aldarrikatzen dena, halakorik egiten duenak dagozkion erreformak proposatu behar ditu Konstituzioan edo estatutuetan erreferendum hori gauzatu ahal izateko. Hori, ordea, oraingo legedia egokitzetik hasita egin daiteke bakarrik, eta bere erreforma prozeduretatik abiatuta.

Gernikako Estatutua eguneratu eta hobetzearen alde gaude gu, Legebiltzarraren Autogobernu Ponentziaren barruan Gernikako Estatutua ebaluatu eta eguneratzeko egin izan ditugun ekarpenetan eta burutazioetan islatu dugun bezala, horrela, adostasunetik, Estatutu moderno eta integral bat lortzeko, herritarren berrespena eskatuko lukeena, duela 36 urte halakorik egiteko aukerarik izan ez zutenak barnean hartuta, eta inguratzen gaituen errealitatera Euskadi egokitzea ahalbidetuko lukeena.

Hala eta guztiz ere, eztabaida ordenatu eta emankor bati heltzeko eskakizun bat izan daiteke eztabaida hori proposamen egituratu batean oinarrituta aurrera eramatea, Eusko Jaurlaritzari aurkeztea dagokion proposamena, alegia, behin eta berriro eskatu izan dugun bezala.

Parte hartuko al duzu? Zergatik?

Logikoki, aurreneko bi galderetan eman dudan erantzunaren arabera eta koherentziagatik, ez.

Onurarik ekarriko al du herri galdeketak?

Nire ustez ez du onurarik ekarriko guztia nola planteatuta dagoen ikusita; nahasmena besterik ez du ekarriko, eta frustrazioa ere bai, beharbada.

Herritarrek nahikoa erabakitze ahalmen al dute?

Herritarrek erabakitzeko ahalmena dute konpetentzien inguruan; sistema demokratikoaren barruan legalki esleitutako konpetentziak dira, eta politikoki herritarrek ia egunero erabiltzen duten eskubidea da, gainera. Beren gobernatzaileak aukeratzeko, legeak aldatzeko, fiskalitatea, hezkuntza, osasun zerbitzuak eta beste hainbat gai definitzeko. Eskubide hori finkatutako bide eta prozedura demokratikoei jarraituz erabiltzen dute. Kasu gehienetan, zeharka, ordezkari hautetsien bitartez, eta aparteko zirkunstantzietan, zuzenean esku hartuz, erreferendum bidez (kontsulta erreferenduma edo berrespen erreferenduma izan daitekeena) edo beste partaidetza bide batzuen bitartez.