Marlik laukoteak kontzertua emango du gaur Itzurun tabernan

Baleike 2017ko api. 7a, 12:33

Zumaiako lau musikarik osatutako Marlik laukoteak bere lehen kontzertua emango du gaur. Itzurun tabernan izango da kontzertua, 20:00etatik aurrera. 

Orain urtebete, San Telmo jaietako egitarauaren baitan igo ziren oholtzara lehen aldiz batera Marlik taldea osatzen duten lau kideak: Maialen Velarde (ahotsa eta gitarrak), Beñat Fernandez (gitarra), Alex Gorriti (baxua) eta David Gorriti (bateria). Neil Young kanadiarraren abestiak jo zituzten. 

"Aurretik Beñat, David, ni eta Abraham [Larrañaga, The Grace of Dionysuseko baxujolea] hasi ginen biltzen, baina zenbait kontu medio, utzi egin genuen. Beñatek eta Davidek jotzen jarraitu zuten. Hauetako batean bertsio batzuk jotzeko ea animatuko ginen esan zuten, Maialen abeslaria izango zela", azaldu du Alex Gorritik. Handik atera zen bertsio gauko kontzertua. "Haren ondoren erritmoa hartu genuen eta beste saiakera bat egin genuen".

Ordutik entsegu lokalean egin dute lan, bertsioak prestatuaz, baina, garrantzitsuago, abesti propioak sortzen. Gaurkoa da santelmotako gau hartatik emango duten lehen kontzertua. "Aurretik izan dugu jotzeko aukera, baina ez genuen dena bertsioz bete nahi. Kontzertu honetarako zazpi bertsio genituen prestatuta, baina, kanta propioak amaitzen joan ahala, bertsioak kentzen joan gara". 

Kantak amaitzea kostatu zaiela dio Alexek. "Kanta batzuk genituen amaitu gabe. Azkenean, banan banan hartu ditugu eta amaitzen aritu gara. Oraindik beste hiru bat kanta ditugu bukatu gabeak. Kontzertu honetan itxita ditugunak joko ditugu".

Estilo aldetik, kantaren arabera aldatzen doala dio. "Atera genuen lehena oso rockandrolleroa zen. Hurrengoa ere bai, baina badugu blues ukitua duena ere. Bai, blues-rock bat jotzen dugula esango nuke, baina melodiarekin". 

Kontzertuak emateko prest dago orain laukotea. "Zarauzko talde batekin hitz egin dugu elkarrekin kontzertuak emateko". 

Erlazionatuak

Marlik

Baleike 2017 mar 30 Zumaia