Lau belaunaldi paolzain

Baleike 2017ko api. 6a, 19:55

Zumaiako Paola martxan jarri zen garai bertsuan hasi zen lau belaunaldiz paolzaintzara lotuta bizi izan den familia honen historia. Mallorca iparraldean hasi zen dena, mendi tenteek itsasora zanbuila egiten duten parajean, Formentorko itsasargian. (2016ko martxoko Baleiken argitaratu genuen erreportaje hau. Ostiralean Itsasoko argia: azkeneko farozainen historia erakusketa zabaltzen delako ekarri dugu orain webgunera)

“Ofizioz, erriberako arotza zen Matias Vidal Vaquer (Palma, 1856). Egurrezko ontziak egiten trebea, itsasoan egin zuen lan zenbait urtez, itsasontziak konpontzen. Baina Maria Bonilla Albertirekin ezkondu zenean, lehorreko lanbide bat behar zuela erabaki zuen. Eta paolzain sartu zen, Formentorko itsasargian”. Horrela hasi du kontakizuna Javier Carballo Berazadik (Tenerife, 1942), Matias Vidal eta Maria Bonillaren birbilobak.

“Formentorko itsasargitik lehen herrira 14 kilometro zeuden, mendi bideetatik. Zumaiako Paola, berriz, herrian bertan dago, baina badira itsasargiak herrietatik urrun, edo irla batean isolatuta. Derrigor, bizimodua beraien kabuz aurrera ateratzeko gai izan behar zuten familia haiek”. Baina zorigaiztoa iristen zenean, babesgabe aurkitzen ziren askotan. “Matiasi eta Mariari seme bat hil zitzaien harraldean eta, lur jota, Formentorko itsasargitik lekuz aldatzea eskatu zuen gure birbirraitonak”. Horrela iritsi zen Vidal-Bonilla familia Higerko (Hondarribia) itsasargira.

Higerko lur-muturretik 600 kilometrora, Coruñan (Galizia), Jose Carballo Tenorio (Coruña, 1876) zuzenbide ikasketak ari zen egiten, agian aitaren urratsak jarraitzeko asmotan –prokuradorea zen–. “Baina aitak lan egiteari utzi egin behar izan zion, gaixotasunak jota, eta gure aitona Jose Carballori ikasketak utzi eta lanean hasi beste aukerarik ez zitzaion gelditu, bera baitzen anaia zaharrena. Jakin zuen Madrilen deialdia zegoela itsas seinaleetako mekanikari teknikari –paolzain lanbidearen definizio teknikoa– izateko eta, bi aldiz pentsatu gabe, aurkeztu eta postua atera zuen. Higerko itsasargira bidali zuten”. Eta han, Matias Vidalekin eta 15 urteko haren alaba Juanarekin egin zuen topo. Gazteak maitemindu, eta Juanak 18 urte bete zituenean ezkondu egin ziren. Higerren denboraldi bat egin zuten denek elkarrekin, baina, lehen haurrak jaio zirenean, itsasargiz aldatzea eskatu zuen bikoteak.

Pasaiako Senokozuloko itsasargian hasi zituzten zazpi seme-alabak. Haietako hiru seme paolzain izango ziren gero: “Jose eta Antonio osabak, eta gure aita Matias (Higer, Hondarribia, 1907). Gure ama Carmen Berazadik sareak egiten zituen Pasaiako enpresa batean, eta han ezagutu zuten elkar. Aitak paolzain postua atera eta La Palmara (Kanariar Uharteak) joatea eskatu zuen. Baina andregaia Pasaian utzi nahi ez... Ezkondu eta eztei bidaian itsasontziz joan ziren Pasaiatik La Palmaraino. Eta han gelditu ziren, Fuencalienteko itsasargian. Han jaio ziren nire anaia Jose Ramon eta Juan”.

Baina Matias Carballo ez zen geldirik egotekoa, eta 1938an Galiziara aldatzeko eskatu zuen, Salvorako irlara. Kostaldetik hiru bat kilometrora dagoen irla bakartia zen orduan Salvorakoa. Azkar damutu zitzaion erabakia Matiasi. Espainiako Gerra Zibila pil-pilean zegoen artean eta, akats bat zela medio, armadara deitu zuten. Donostiara bidali zuten, familia Salvorako itsasargian utzita, han zegoen beste paolzainarekin –orduan ohikoa zen itsasargi bakoitzean bi paolzain egotea–. Zorionez, hilabete batzuk baino ez zituen egin etxetik kanpo eta, Galiziara bueltatu bezain pronto, familia hartu eta Kanariar Uharteetara alde egin zuten. “Tenerife hegoaldera, Punta Rascako itsasargira. Han jaio nintzen ni, 1942an”, azaldu du Javier Carballok.

Javier ez dago konforme paolzainen gainean eraiki den irudi zakar eta bakartiarekin. “Kazetaritzak literatura gehiegi egin du paolzainen kontura, eta asko ez daude konforme ikuspegi horrekin”, kritikatu du. “Paolzain izateko ikasketa batzuk egin behar ziren, ezagutza asko eskatzen zituen lanbidea zen; Estatuko langileak ziren, funtzionarioak”. Beraien aita Matiasek, esate baterako, erizain eta irakasle lanak ere egiten omen zituen itsasargiaren inguruan bizi ziren artzainentzat eta haien seme-alabentzat. “Tenerifeko autobus konpainiako jabeak beti esaten dit, gure aitari esker dela enpresari, bestela ahuntzak zaintzen egongo zela”.

1949an, Zumaiara

1947an, Iberiar penintsulara bueltatzea erabaki zuen Matias Carballok. Haurrak hazten ari ziren, eta ikasketak egiteko aukera hobea nahi zuen. Asturiasko San Emeterioko itsasargira bidali zituzten. “Leku zoragarria da, Asturias eta Kantabria arteko mugan; 60 bat metroko labar tente baten gainaldean dago. Han ere sekulakoak egiten zituen gure aitak arrantzan egiteko. Eukaliptoekin garabi moduko bat egin zuen, eta polea batzuekin aparailua jaisten zuen itsasoraino. Sekulako katuarrainak harrapatzen zituen”. Bi urte egin zituzten San Emeterion, eta handik, 1949ko irailean, Zumaiako Paolera etorri ziren. Zazpi urte zituen orduan Javier Carballok. 1972an erretiroa hartu zuen arte izan zen Zumaiako paolzain Matias Carballo.

“Paolera etorri ginenean aitak hainbat lan egin zituen eraikinean. Sotoa lurrez beteta zegoen. Hura dena hustu eta tailerra jarri zuen han –iturgin lanak ere egiten zituen Matiasek Zumaian–. Komuna ere oso oinarrizkoa zen; komun konpletoa jarri zuen aitak. Ura gordetzeko depositua ere jarri zuen, orduan sarri mozten zutelako ura; Paola izaten zen urik gabe gelditzen lehena”. Gogoan du gelak nola zeuden banatuta. “Orain ez dakit nola dagoen, baina Paolera sartu eta harrera gelatik eskuinera zegoen gurasoen gela. Eskailera kiribiletik igo eta lehen solairuan zegoen etxebizitza, sukaldearekin eta bi gelarekin. Gela batean hiru anaiok egiten genuen lo eta bestean amonak”. Julio Beobideren Kresala etxea baino ez omen zegoen inguruan lehen urte haietan. “Egunero igotzen zen Beobide amak prestatzen zuen kafea hartzera”.

Joxe Arrizabalaga Joxelin talaiaria da Paolean bizitako urte haietatik oso gogoan duen beste pertsonaia. “Mutilzaharra zen, itsas gizona. Ez zen oso hiztuna, baina hark kontatuta historiak ez zaizkit sekula ahaztuko. Zumaian ahazten ari den pertsonaia da, eta merezi du gogoan izatea”. Itsasontziei barratik portura sartzen laguntzea zen talaiariaren lana. Paola baino pixka bat aurrerago zegoen etxola –sasi artean daude gaur egun arrastoak–, eta handik egiten zuten seinalea, olatu segida baretzen zenean.

Jose Ramon Carballo, Javierren anaia zaharrena, izan da familiako azken paolzaina. “Gogoan dut nola anaia eta Luis Zimmerman egunero sartzen ziren aitarekin gela batean, azterketak prestatzeko. Luis Zumaiako paolzain izan zen gero, eta gure anaia Malagara joan zen, hango itsasargiak zaintzera”.

Erlazionatuak