Azken paolzainak

Baleike 2017ko api. 6a, 20:00
Jose Luis Nuñez paolzaina. Argazkia: Gorka Zabaleta

Zumaiako paolzaina eta beste bi baino ez dira gelditzen Gipuzkoan. Haiek erretiroa hartzearekin batera desagertuko da ofizioa, erreleborik ez baita aurreikusi. (2016ko martxoko Baleiken argitaratu genuen erreportaje hau. Ostiralean Itsasoko argia: azkeneko farozainen historia erakusketa zabaltzen delako ekarri dugu orain webgunera)

Burdinazko ate berde batek ixten du Paolera igotzeko bidea. Paolzainaren lantokia eta etxebizitza da, ez dago publikoari zabalik. Gaur, ordea, ohiko zereginak pare bat orduz alde batera utzi eta atea ireki du Jose Luis Nuñezek (Santander, 1956), Pasaiako Portu Agintaritzak bidalitako lagun taldeari harrera egiteko. Euria zaparradaka ari du eta zakar dabil mendebaldeko haizea; baina bisitariek ez dute galdu nahi aukera itsasoa Paola inguratzen duen begiralekutik ikusteko. Negu gorriko itsasoa. Harroa. Menderaezina.

Inguruan dauden aparailuen inguruko esplikazioak ematen hasi da Nuñez. Estazio meteorologikoa dauka jarrita AEMETek (Espainiako Meteorologia Agentziak) Zumaiako Paolean, eta haien oinarrizko mantenimendua da bere zereginetako bat. Gaurko haizearekin, ziztu bizian dabil biraka anemometroa. Gero jakingo dugu 111 km/h-ko ufada neurtu duela, AEMETek jaso duen eguneko laugarren marka, Fisterra (Coruña, Galizia), Lekeitio (Bizkaia) eta Capdeperaren (Mallorca, Balear Uharteak) ondoren. Haize zakarrarekin ezin paolzainaren azalpenak behar bezala jarraitu eta Paolera sartzeko gonbitea egin du.

Jose Luis Nuñez 1992an etorri zen Paolera lanera eta bizitzera. Bertan bizi baita, emaztearekin. “Gaur egun ez gaude itsasargietan bizitzera derrigortuta, baina lehen bai. Are gehiago, paolzainak baimena eskatu behar izaten zuen itsasargitik irteteko”, hasi da azaltzen. Lanerako, ez omen dute ordutegi finkorik, momentuan egin beharreko lanen arabera antolatzen dira. “Funtzio asko betetzen ditugu paolzainok. Zaintza lanak egiten ditugu, behaketa, eraikinaren eta aparailuen mantenimendua, garbiketa...”.

Paolzain izateko oposaketak egin behar izan zituen Nuñezek. “Lehen paolzainak funtzionarioak ginen eta lanpostua oposaketa bidez lortu behar zen. Ikasketa bereziak egin behar ziren, Madrilen. Elektronikaz eta elektrizitateaz asko jakin behar zen, besteak beste. Nik 1989an atera zuen plaza. Nire familian ez dago paolzainik, baina itsasoarekin lotutako senideak badauzkat. Lekeitiokoa nuen birraitona”. Titulua atera zuen azkenengotakoa da Nuñez, 1992an paolzainak administrazio publikotik kentzea erabaki baitzuen Espainiako Estatuak. Funtzionario izateari utzi zioten, amaitu ziren oposaketak eta, horren ondorioz, ez dago paolzain berririk erreleboa hartzeko. “Gure ofizioa galtzera doa. Gaur egun hiru paolzain gaude Gipuzkoako zazpi itsasargiak zaintzeko. Guk erretiroa hartutakoan, akabo”. 

Pablo Zimmerman –Luis Zimmerman Zumaiako paolzain ohiaren semea– eta Ramon Bermudez dira Nuñezen bi lankideak; Igeldoko itsasargian bizi da Zimmerman, La Platakoan (Pasaia) Bermudez. “Itsasargietako mantenimendu lan batzuk bi lagunen artean egin behar izaten dira. Oraingoz ondo moldatzen gara jaiegunak eta oporrak txandaka hartzeko, baina laster iritsiko zaigu erretiroa hartzeko adina, eta orduan lan batzuk beste modu batera antolatu beharko dira”. Paolzainik gabe, Nuñezek garbi du zerbitzuak enpresei azpikontratatuko dizkietela . 

Itsasargiak laster beste funtzio batzuetarako erabiliko dira. Esate baterako, Gipuzkoan gaur egun hutsik dauden lau itsasargiak –Higer (Hondarribia), Senokozuloa (Pasaia), Santa Klara (Donostia) eta Getaria– ostatu bihurtzeko plana jakinarazi zuen Pasaiako Portu Agintaritzak joan den urrian. Udalek dute lehentasuna, baina dagoeneko zenbait enpresak ere agertu dute interesa. Zumaiako Paolarerako oraingoz ez dago halako asmorik, paolzaina bertan bizi delako. Gainera, txikia dirudi ostatu bat jartzeko, baina beste erabilera batzuk izan ditzake. Hori bai, itsasargiek funtzionatzen jarraituko dutela uste du Nuñezek. “Itsasontziei argi seinaleak egiten segiko dute. Nazioarteko arauek derrigortzen dute sistema mantentzera. Egia da gaur egun GPSa daukagula, baina egin kontu sateliteak estatubatuarrenak direla, ez dira gureak, eta batek daki zer gerta daitekeen”.

Berdez margotutako burdinazko eskailera kiribil estu batetik igo behar da dorrearen gainaldera iristeko. Han dago, 41 metro itsasoaren gainetik, gauero itsasontziei ñir-ñir egiten dien linterna. Leku estua da bisitariak hartzeko, baina inork ez du galdu nahi ikuspegi txundigarria. Olatuak barraren gainetik ari dira saltoka. Dorreko kupularen barruan haizearen txistua entzuten da. Denborale egunetan lorik egiten ote duten galdetu diote Nuñezi. “Paolak horma oso lodiak ditu, metro erdikoak. Zarata gutxi entzuten da hemen. Hori bai, itsaso bortitzak Inpernupe aldeko harriak haitzaren kontra marruskatzen dituenean, bibrazioak etxe barruraino iristen dira. Bestela, erosketak egin eta zamarekin hona goraino etorri behar izatea da okerrena. Pentsa, hamar solairu igotzea bezala dela, baina igogailurik gabe”.

Paola labarrean dago eraikita, nahikoa ezegonkorrak diren bi geruzen gainean. Bisitari batzuk ohartu dira Paoleko zorua pixka bat okertuta dagoela. “140 urtean bost zentimetro okertu da” azaldu du Nuñezek. Inpernupe aldetik labarra babesteko bere garaian eraikitako hormak pitzadura handi bat du eta adituek sendotzeko lanak aholkatu dituzte. Dena den, ez dirudi oraingoz eraikina arriskuan dagoenik. Gauero seinaleak egiten jarraituko du, berea bakarrik den sekuentziari jarraituz. Paolzain ofizioa berriz, historiako orrietara pasako da laster.

Erlazionatuak

Lau belaunaldi paolzain

Baleike 2017 api 06 Zumaia