Santiagoko proiektua ordaintzeko konpromisoa erakutsi du Madrilek

Baleike 2017ko api. 5a, 15:50
Fotomuntaketa: Hondartzara jaisteko arrapala eta eskailerak. Alboan barruko zerbitzuetara eramateko atea.

Kosta Zuzendaritzak ordainduko ditu proiektua aurrera eramateko behar diren 1,7 milioi euroak. Arrapala berria eta, tunel ondoan, begiratokia eta kantina egingo dira.

Santiagokoa beti izan da Zumaiako ‘beste’ hondartza. Herritarrak Itzurungo hondartzara joaten ziren eta kanpotik zetozenak Santiagora. Kontutan hartu behar da hondartza hau Urola ibaiaren itsasoratzean kokatzen dela eta orain urte batzuk, ez hainbeste, ibai honetako urak kutsatuta jaisten zirela. Bai Zumaian, bai bailarako beste herrietan, araztegiak egin ondoren, hondartzako uren kalitateak hobekuntza nabarmena izan du. Horrez gain, Itzurunek izan duen masifikazioaren ondoren, gero eta herritar gehiago joaten da Santiagora, oinez edo uda garaian Urolaren itsasadarra zeharkatzen duen ontzian. Horrek oraindik eta garbiago utzi ditu hondartza honen gabeziak: irisgarritasun falta hondarretara jaisteko eta hobekuntzen beharra zerbitzuetan.

Zumaiako Udala legealdiz legealdi joan da Santiagoko azpiegiturak hobetzeko plan edo proiektuak iragartzen. Batzuk besteak baino asmo handiagokoak zituzten: XXI. mende hasierako proiektu batean Izustarri puntarainoko itsasertzeko pasealeku bat egitea planteatzen zen. Bazen, baina, proiektu denek jasotzen zuten elementu bat: gaur egun hondartzara jaisteko dauden eskaileren eremu horretan arrapala bat egitea eta, horri esker, paduraren ertzean dagoen bidea, kotxeentzat, behintzat, ezabatzea. Baina, asmoak asmo, gogoak gogo, kontutan hartuta eremu horren eskumena Espainiako Gobernuarena dela, proiektu hauek denak Hirigintza saileko armarioetan edo tiraderetan amaitu dute.

Irtenbidea, baina, hurbil egon daiteke. Hala iragarri du Zumaiako Udalak gaur eguerdian Alondegiko Oxford aretoan egindako bilera ireki batean. Santiagorako planteatzen duten proiektuaren berri eman du Oier Korta alkateak eta baita Espainiako Gobernuak lan hauek ordaintzeko konpromisoa azaldu duela iragarri  ere. Bileran Gorka Arregi udal arkitektoa eta Jon Iraola zinegotzia ere izan dira.

Arrapala eta begiratokia

2015eko urrian Madrilen Kosta Zuzendaritza Nagusiko ordezkariekin bildu ondoren, Kosta Zuzendaritzak LKS arkitektura eta ingeniaritzako aholkularitza enpresari enkargatu zion Santiagorako proiektua diseinatzea. Urtebeteko epean diseinatu du proiektua. Udalak eta Kosta Zuzendaritzak Donostian duen bulegoak elkarlanean aritu dira. “Tunel ondoan dagoen eremua berreskuratzea planteatzen genuen, espaloia errematatzea eta pasealekua tuneleraino eramatea”, adierazi du Kortak.

Lan horiez gain, Erdiko Haitzetik (tunelaren bestaldean) hondartzara eramateko eskailera batzuk egitea ere jasotzen da proiektuan. Gaur egun hondartzan dagoen kantina ere ingurune horretara eramango da. Harmaila batzuk ere egingo dira itsasora begira egoteko.

Begiraleku horretara joateko pasealekua tuneleraino luzatzea ere jasotzen du diseinuak. “Inguru horretan dagoen dunaren gainean egurrezko hegala joango litzateke; bi metroko zabalera duen espaloia izango du”, adierazi du Gorka Arregi arkitektoak.

Aurreko plangintzetan bezala, arrapala bat egingo da orain eskailerak dauden lekuan. “%6ko desnibela izango du arrapala honek eta oinezkoez gain, hondartza garbitzera joaten diren ibilgailuen sarbidea ere bertatik izango da”. Azpiegitura honen azpian 400 metro karratuko espazioa sortuko dela aurreikusten dute. Bertan kokatuko dituzte komunak, aldagelak, sorosleen lokala eta biltegia, besteak beste. “Oinarrizko zerbitzu sareak instalatuko dira eta saneamendu lanak ere egingo dira”, iragarri dute. Kaltetuta dauden azpiegiturak, kantina adibidez, lekutik kenduko dituzte.

Proiektua gauzatzeko aurrekontua 1.723.054,90 eurora heltzen dela informatu du Udalak. Madrilgo Gobernuarekin heldutako konpromisoaren arabera, lan hauek Kosta Zuzendaritzak ordainduko lituzke. Kopuru horretan ez dira sartzen arrapala azpiko zerbitzuen eta kantinaren kosteak. “Horiek ordaintzeko ikusiko dugu beste administrazioak, Aldundia, Jaurlaritza, interesatuak dauden”.

Epeei dagokionez, zuhurtasuna eskatu du Kortak. “Beste administrazioak ingurumen-inpaktu txostenak eska ditzakete eta horrekin epeak luzatu. Hala ere, Kosta Zuzendaritzatik lasai egoteko esan digute. Baina, zuhurrak izan gaitezen. Badakigu administrazioen erritmoak nolakoak diren batzuetan”.