Sagrario Egaña: “Sirenak noiz joko bizi ginen, beti erne”

Baleike 2017ko api. 3a, 15:26

1937ko otsailaren 13an Zumaiatik kanporatua izan zen Sagrario Egaña. Bi urte eta erdi zituen, eta lau urteko ahizpa Madalenekin, amarekin eta osaba-izebekin batera, Bilborako bidea hartu zuen kamioi batean. Noiz bueltatuko ziren jakin gabe, bizitza berri bati ekin zioten Bizkaiko hiriburuan, deserriturik. Elkarrizketa honetan bere esperientzia kontatzen du Egañak.

1937ko otsailak 13. Nola gogoratzen duzu egun hori?

Umea nintzen, eta ez dut oroitzapen zehatzik. Baina amak beti esaten zuen euri asko egiten zuela. Orduko argazkietan ikusten da maleta eta poltsa txikiak ditugula. Beharrezkoa eta funtsezkoa zena hartuko genuela pentsatzen dut.

Nora izan zineten kanporatuak?

Bilbora. Etxe eder batera joan ginen. Bertan bizi zirenak berriz beste leku batera bidaliak izan ziren. Etxe horretan hasiera batean familia osoa bizi ginen. Hau da, aita, ama, ahizpa Madalen, osaba Imanol, izeko Miren, izeko Lucila eta ni. Etxe eder bat zen, aberatsak edo izango ziren bertakoak.

Bilbotik beste leku batera joan zineten?

Gure familia ez. Alde horretatik zortea izan genuen. Beste askoek berriz Frantziara edo Suitzara joan behar izan zuten. Baina, gure kasuan, ezkongabeak ziren  izeko Lucila, izeko Miren, osaba Imanol eta osaba Doroteo Frantziara joan ziren. Horiei gainera kostatu egin zitzaien bueltatzea. Nire aitak erreklamatu behar izan zituen, ez baitziren gurasoak bizi. Erreklamazio hori Zumaiara bueltatu ondoren egin zuen nire aitak.

Aita zuek baino lehenago joan zen Bilbora.

Gerran parte hatzera joan zen, gudari moduan. Aita ofizial ona zen, eta horregatik hirira ekarri zuten. Zortea izan zuen eta lanean hasi zen tailer batean. Ez dakit dirurik ere irabazten zuen, baina ez zen askorik izango. Frontean egon beharrean lanean zegoen, beste modu batean esanda, babestua, eta hori zortea izatea zen garai haietan.

Gose handia pasa zenuten?

Bai, beti gosea nuen. Amari behin eta berriz esaten nion: ‘ama, gosea!’ Aitak ekartzen zuen egunero ogia etxera. Behin, ogia erosteko ilaran zegoela, itxaroteko denborarik ez zuen lanera bueltatu behar zuelako eta ogia harrapatu zuen dendatik. Atzetik segika hasi omen zitzaizkion, builaka, ordaintzeko eta ordaintzeko esanez. Aitak familia gosez ez egotea bakarrik nahi zuen.

‘Ama, gosea!’ esaldi horrekin ezagutzen omen zintuzten.

Gure moduan kanporatuak izan ziren eta Bilbon bizi ziren beste familia batekin harremana izan genuen eta horiek horrela deitzen zidaten. ‘Hau al da, ama gosea esaten duena?’ esaten zuten ikusten nindutenean. Urte asko pasa ondoren ere, behin bisitan etorri ziren Zumaiara eta oraindik ere ezizen horrekin gogoratzen ziren.

Zer gogoratzen duzu Bilboz?

Batez ere kalean lau hanketan ibiltzen zen eskale batez akordatzen naiz, atentzioa deitzen zidan. Ikusten nuen bakoitzean berari begira gelditzen nintzen aho zabalik. Egun batean itsuskeria bat egin zidan. Beldurtu egin ninduen eta ez nuen gehiago ikusi nahi izan. Oraindik ere grabatuta daukat bere aurpegia nire memorian.

Ahizpa eta biok umeak zineten, jolasteko tarterik bazenuten?

Egia esan bai. Etxe hartan jostailu pila bat zeuden eta hortaz ederki gogoratzen naiz. Bakarrik beldurtzen nintzen sirena entzuten nuenean.

Ingalaterrara bidali nahi omen zintuzteten.

Bai, han arriskuan geunden, eta familiako haurrei, hau da, nire ahizpa eta niri Ingalaterra bidali nahi gintuzten. Baina gure ama oso gogorra zen eta ezetz esan zuen. Bere umeak berekin izan nahi zituen. Hauxe esaten zuen: ‘Nik hil egin behar badut, nire umeak ere nirekin hilko dira. Eta salbatu behar badugu, denok batera salbatuko gara’.

Salbatzeko modu bat babeslekuetan gordetzea zen?

Hori da. Normalean etxean egoten ginen, beldurra zen nagusi. Baina nahi baino gehiagotan babeslekura joatea tokatzen zitzaigun. Momentu horretan ama urduri jartzen zen. Sirena hotsa gainera edozein ordutan entzun zitekeen. Amak zerbait hartzen zuen, arropa edo janaria, eta azkar azkar babeslekura joaten ginen.

Nolakoa zen babeslekua?

Iluna zen, tunel bat bezalakoa. Jende asko elkartzen ginen bertan eta batzuetan egun oso bat ere pasatzen genuen. Izeko baten haurra han hil zen. Oso gogorra izan zen. Ez dakit zer egin zen ume harekin, badakit Bilbon gelditu zela.

Kafetegira joaten zineten batzuetan txokolatea hartzera. Behin zer pasa zitzaizuen?

Txokolatea jaten ari ginela sirena hotsa entzun genuen. Zer esanahi zuen horrek? Bonbardaketa bat zetorrela eta azkar batean babeslekura joan behar genuela. Orduan gu babeslekura joan ginen eta kafeterian gelditu zirenak, gu baino ausartagoak izango zirenak, dena jan zuten. Egoera lasaitu zenean berriro hara joan eta dena amaituta zegoen.

Sirena hotsa betirako gogoan duzun zerbait da, ezta?

Bai, beldurra handia eragiten zidan, eta noski, sirenak entzundakoan ahal zen tokira sartu beharra izaten genuen. Trankil ez ginen inoiz egon. Sirenak noiz joko bizi ginen, beti erne. Zumaiara etorritakoan eta gerra bukatutakoan ere, askotan mendira joaten ginen denbora pasatzera eta hegazkinen soinua edo entzundakoan ezkutatzen hasten ginen. Barruan gelditu zitzaizkigun soinu horiek.

Osaba-izebak Frantziara alde egin zuten. Urte asko egon ziren kanpoan eta horietako bat, Doroteo, oraindik eta gehiago.

Azkenean, Bilboko etxe hartan ama, aita, ahizpa eta laurok gelditu ginen. Urte pila bat beste senitartekoak ikusi gabe egon ginen. Osaba Doroteori adibidez gerran parte hartzea eta  soldaduzka egitea tokatu zitzaion. Etxera bueltatu gabe urte pila bat egon zen, 10 bat urte uste dut. Gaztetasun guztia kendu zieten eta oso gaizki pasa zuela esaten zuen.Gogoratzen naiz etorri behar zela jakin genuenean. A ze poza! Hainbeste urteren ondoren...

Bilbon hiru-lau urte pasa ondoren Zumaiara bueltatu zineten. Pozik?

Bai. Gurasoak batez ere. Ahizpa eta biok ez ginen hain kontziente jaioterrira bueltatzeak zer suposatzen zuen. Hala ere, Bilbon bizi ginen denboran askotan galdetzen genien gurasoei ea noiz bueltatuko ginen. Laster esaten ziguten, beti laster.

Zer gertatu zitzaizuen bueltakoan?

Gaitzen bat edo ekarriko genuen beldurrez, San Juan egoitzara eraman gintuzten. Denbora pila bat pasa genuen bertan, eta ikusi zutenean osasuntsu geundela gure etxera joaten utzi ziguten. Egoitzan ginela ezin izan genuen ezertara atera kalera, eta medikua Zestoatik etortzen zen. Hark esaten zuen herrian zeuden umeak baino garbiago geundela eta hala ere hor eduki gintuzten.

Zer moduzko harrera izan zenuten herrian?

Askoek gorrotoa adierazten zuten. Mespretxatuak izan ginen. ‘Hauek hala ere ez dira hiltzen’ edo ‘lehen baino hobeto etorri dira’ bezalako gauzak entzun beharra izan genituen.

Lehengo etxera joan zineten?

Bai, berriro gure etxera bueltatu ginen, baina hustuta aurkitu genuen. Ia mueblerik gabe. Ez genuen etxeko giro hori sentitu, gure etxea zela sentitu. Hutsa, bizitzarik gabe zegoen. Gogorra egin zitzaigun bizitza berriro egitea gure herrian. Eskolan ere ezberdintasunak egiten zizkiguten. Zaila izan zen baina aurrera atera ginen.

Familian asko hitz egin da gerraz?

Orduko gauzak gogoraraztea ez zitzaigun asko gustatzen, baina Gabonetan esaterako zerbait hitz egiten zen. Batez ere janaria izateak pozten gintuen. Osaba Doroteok adibidez pila bat jaten zuen, hainbeste gose pasa zuen... Amari ez zitzaion gustatzen gerraz hitz egitea. Oraindik beldurra zuen. Bakarrik gaixo geundenean kontatzen zituen orduko istorioak, ipuin bat modura.

Duela hilabete pare bat Zumaian omenaldia jaso zenuten eta pasa den astean Gipuzkoako Aldundiak ere egin dizuete. Zer iruditzen zaizu?

Ilusioa egiten dit, noski. Beharrezkoa da hau gogoratzea, baina nire gurasoak bizirik bazeuden beste gauza bat izango zen. Haientzat ere bada omenaldi hori. Hunkigarria da eta emozionatu egiten zara. Orain erraza da kontatzea, baina guk bizi izan genuena, eta batez ere gurasoek, ikaragarria izan zen.