Aizarnazabalen infantilek orain arteko emaitzarik onenak

Baleike 2017ko mar. 30a, 15:09

Viveron San Anton-Zumaiako Txirrindulari Elkarteko gazteek lasterketa bikaina egin zuten pasa den asteburuan Aizarnazabalen. Arritxu Iribarrek egin du karrerako kronika, beste behin ere.

Iragarrita bezala, Viveros San Anton-Zumaiako Txirrindulari Elkarteko alebinek eta infantilek Aizarnazabalen izan dute azken lasterketa. Zirkuitoa, gogorra izateaz gain, teknikoa da eta laburra zen. Honen guztiaren ondorioa da txirrindulari gutxik bukatu ohi dutela karrera, beste leku batzuetako lasterketekin konparatuz. Baldintza zail hauetan meritu handiagoa du Viveros San Antongo txirrindularien lanak eta emaitzek.

Infantil mailan Aitor Agirre seigarrena izan zen, Kimetz Etxabe zortzigarren eta Maddi Etxabek 12. bukatu zuen, nesken artean beste behin bigarren sailkatuz. Alebinetan Garazi Bergara 5. sailkatu zen, lasterketa ederra egin zuen mutilekin orpoz orpo lehiatuz eta nesken artean onena dela erakutsiz. Anuk Gogenolak zazpigarren bukatu zuen bere erregulartasunari eutsiz. Oso adierazgarria da ibilbidearen ezaugarriak aldatuta ere bera bere ohiko postuetan amaitzeko gauza dela jakitea. Andde Etxanizek denboraldiko lasterketarik onena egin eta 13. bukatu zuen; Yuri Urbieta 17.a izan zen. 

Matxurak, erorikoak… denetik izan zen eguraldi baldintzek zaildu egin zuten lasterketan, baina Viveros San Anton-Zumaiako Txirrindulari elkarteko ziklistek kasta erakutsi, apirilari adoretsu begiratzeko moduan direla adieraziz. Datorren larunbatean Donostian dute hitzordua.

Kadeteek atseden hartu dute asteburuan eta larunbat honetan etxetik gertu, Zestoan, izango dute lasterketa. Goizeko 10:00etan hasiko da 58 kmko ibilbidea izango duen txirrindulari aproba. Bertan parte hartuko dute Antton Tolosak eta Mikel Manzisidorrek.